Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2019/08/23

Mankomunitateko lehendakariak agintaldiko lau urteen balantzea egin du

Hondakinen Plan Integraletik abiatuta egindako lana nabarmendu du Ayesak

Gaur goizean egindako prentsaurreko batean, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari Aritz Ayesak hurrengo asteetan amaituko den agintaldiko lau urteen balantzea egin du.

Lehenik eta behin, Ayesak hondakinen kudeaketari egin dio aipamena, erakunde horrek aurrez aurre duen gai urgentziazkoena eta garrantzitsuena baita. Talde guztien parte-hartzea eta denen adostasuna nabarmendu du, hondakinen akordioa lortzeko bidea eman baitzuen parte-hartze eta adostasun horrek, aho batez onartuta 2017ko urtarrilaren 31ko Batzorde Iraunkorrean. Jarraian, sailen arteko lantalde bat eratu zen erakundean, alderdi politiko guztien partaidetzarekin, eta hartan informazioa eta hartutako konponbideak partekatu dira.

Lan horien ildoak Hondakinen Plan Integralean finkatu dira, zeinak ekintzarako hiru norabide dituen: jatorrian bereiztea, bilketa eta tratamendua.  

Prebenitzearen eta jatorrian bereiztearen arloan, hainbat neurri sustatu dira, haietako batzuk Nafarroako Gobernuarekin batera: gai organikoak bereizteko kontzientziazio-kanpainak, prebentzio-neurriak, hala nola baxera berrerabilgarria erabiltzea ekitaldi publikoetan, garbigune finko bat kokatzea Burlatan eta sei garbigune landa-eremuan, ingurumen-gela bat sortzea Emausko Trapuketariek Berriozarren duten proiektuaren barnean, ehunak eta oinetakoak biltzea hondakin horiek biltzeko 100 edukiontzi berriren bidez, etxeko eta auzoko konpostajea sustatzea, eta tamaina handikoak biltzeko kanpainak.

Europak eta Nafarroako Hondakinen Planak –aurreko agintaldian onartua– markatzen dituzten helburuen arabera, 2020. urterako gai organikoen bilketa bereiziak %50ekoa izatera iritsi beharko du, baina une honetan %17,6an gaude. Hartara, emaitzak hobetzeko xedearekin, Ayesak gogora ekarri duenez, Azpilagañan eta Artika Berrian garatu den proba pilotua planteatu zen. Bi eremu horietan %382 handitu da gai organikoak bereiztea eta gainerakoak edo errefusa sortzea %40 gutxitu da. “Emaitza horiek erakusten digute lor daitezkeela Nafarroako Hondakinen Planak ezartzen dituen helburuak. Hori dela-eta, sistema hori hiri-eremuko gainerako udalerri eta auzoetara hedatzea onartu da”, adierazi du Ayesak.

Bilketari dagokionez, IMko lehendakariak hondakinen bilketaren kontratuaren egoera aipatu du; izan ere, prozesu judizial bihurri baten ondoren, oraindik irtenbidea eman gabe dago eta hurrengo agintaldian heldu beharko zaio. “Zerbitzua lehengoratzea aztertzeko akordio bat genuen, baina kontratuaren egoera juridikoak zeinahi erabaki zailtzen zuen eta epai desberdinek ez dute lortu egoera hori argitzea”, zehaztu du Ayesak.

Hirugarrenik, hondakinen tratamendua aipatu du, duela 15 urte baino gehiago irtenbidea emateko zain dagoen funtsezko alderdietako bat. Hondakinen taldean egin den lanaren bidez, Iruñerrian sortzen ditugun hondakinak tratatzeko planta bat edukitzeko oinarriak finkatu dira. Aritz Ayesak planta horren garrantzia eta beharra nabarmendu nahi izan du, hondakinen gaiaren behin betiko irtenbide moduan:  “Egoera honi elkarrizketaren, informazioaren eta gardentasunaren bidez egin diot aurre, bilerak egin baititugu gizarte-eragileekin, bizilagunekin, teknikariekin eta maila desberdinetako erakundeekin; hori guztia hondakinen lantaldea abiaburu hartuta, organo politikoa eta teknikoa dena. Horrenbestez, zati bat irtenbidea emateko bidean dugu, bai hirigintzaren arloan eta bai arlo juridikoan beharrezkoak diren izapideen zain”.

IMko lehendakariak gogora ekarri du hondakinen tratamenduaren barnean isurketarako eremuari heltzea gelditzen dela egin gabe, eta hori hurrengo agintaldian egin beharko dela. Planta abian jartzeak lixibiatu eta usain gutxiago eragingo du.

Bidaien errekorra EHGan: 39 milioi

Agintaldiaren errepasoan lehendakariak aipatu duen bigarren gaia mugikortasunarena izan da: “Lau urte hauetan garraio publikoaren une gozoa bizi izan dugu. Billabesari bere tokia eta lehentasuna emateko apustuak eta egoera ekonomikoa hobetu izanak ekarri dute marka historiko batera heltzea”, esan du Ayesak, 2018an erregistratutako 39 milioi bidaiei erreferentzia egitean. Gainera, aurtengo hilabeteetan erregistratu den joera mantentzen bada, baliteke 2019aren amaieran 40 milioiak gainditzea.

Agintaldi honetan EHGan abiarazi diren hobekuntzak gogora ekarri ditu erakunde erkidetuko lehendakariak: zerbitzu berriak Iruñerriko eremuetara (22. linea Lezkairura, 15. linea Ardoi – Cordovillara, Eguesibarko industrialdera, Iturrondora…), ibilbideak optimizatzea (2., 16., 23. lineak…), maiztasunak hobetzea zenbait lineatan (10.a, 11.a, 17.a…), autobusak sartzea bidaldi-denboretan justu samar zeuden lineetan, eta wifi konexioa abiaraztea 9. eta 18. lineetako autobusetan.

Aipamen berezia egin dio Iruñearen erdigunea atsegin bihurtzeko egin den planari. EHGari dagokionez, semaforoetan lehentasuna izateko neurriak eta linea batzuetarako ibilbide laburragoak (Merindadeen plaza, Baiona etorbidea…) jarri ziren abian. Ayesaren iritziz, “espazio publikoa eskaini zaio garraio publikoari, eta hori eskertu eta balioetsi egiten dute herritarrek. Zerbitzuaren erabileraren kopuruek ez ezik, gogobetetasun-inkestek ere hori adierazten dute, balorazioan kalifikazio maximo historikoak lortuta”. Halaber, Nafarroa Arena pabiloian egiten diren ekitaldiei zerbitzua emate aldera, Hiri Garraioa malgutzeko eta egokitzeko ahalegina ere nabarmendu du.

Era berean, IMko lehendakariak hurrengo asteetan argitara aterako diren bi proiektu aipatu ditu: alde batetik, berrikuntza teknologikoa, hobekuntzak ahalbidetuko dituena ordainbideetarako, ustiapena laguntzeko sistemarako (SAE), komunikazioetarako eta segurtasunerako; eta bestetik, gaueko zerbitzuaren berrikustea. Azken hori hainbat talderekin landu da, eskaeraren araberako geralekuak agertu izanaren ondorioz, eta, aztertu ondoren, badirudi neurri onena dela, billabesaren erabiltzaile emakumeei zerbitzu hobea eman ahal izateko. “Bide batez –zehaztu du Ayesak–, gaueko zerbitzua eguneratuko da, 2005ekoa baita eta Iruñerriaren eta bertako aisiaren errealitate berrira egokitzeko premia baitu”.

Taxi-zerbitzua dela-eta, Ayesak hau nabarmendu du: “Agintaldi honetan, sektorearekin aritu gara lanean, lehenbiziko aldiz dirulaguntzak izateko. Gainera, hobekuntzak egin dira segurtasunean, gutxiago kutsatzen duten ibilgailuak sustatu dira, eta, azken urte honetan, berrikuntza teknologikoko alderdiak hartu ditugu aintzat, hori ere sektoreak eskatzen zuen kontua baita”. Bestalde, eskaeraren araberako taxi-zerbitzua jarri da abian Iruñeko espetxera, eta duela gutxi halako zerbitzua aireportura. Eta horrez gain, zazpi udal gehiago sartu dira taxi-zerbitzua batera emateko lurralde-eremuan.

IHMIP: Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana

20 administrazioren arteko hitzarmen bat sinatuta sortu zen Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana. Plan horrek mugikortasuna Iruñerri-mailan lantzeko aukera emango du, eta jada 20 administrazio horietatik 16k onartu dute.

Lehendakariak aukera baliatu nahi izan du egindako ahalegina eskertzeko ekimenean inplikatu diren pertsona guztiei, administrazio desberdinei (Nafarroako Gobernuak, udalak…), Mankomunitateko bertako eta SCPSA bere sozietateko langileei, eta bai proiektuan parte hartu zuten talde desberdinei ere. Gainera, Iruñeko auzoetan eta Iruñerriko udalerrietan gauzatutako parte-hartze prozesua nabarmendu du. Talde ugarik agertu zuten interesa, 409 lagunek parte hartu zuten eta 1.063 proposamen jaso ziren.

Ayesak ondokoa gehitu du horren harira: “Agintaldi batetik harago doan proiektua da. Hartara, bertan planteatzen diren pausoak, egoki jotzen den erritmoan, abian jartzera bultzatu nahi nituzke bai Nafarroako Gobernua bai eta udalak ere”. 

Ingurumen- eta gizarte-konpromisoa

Agintaldi honetan Mankomunitateak ingurumenarekiko izan duen konpromisoak aipamen berezia izan du balantzea egitean. Hala, Ayesa ekimenak aletzen aritu da, hala nola autobusen flota-berritzea, gutxiago kutsatzen duten %33 izatea lortu arte, %100 modu elektrikoan zerbitzua ematen duen lehen linea, L9 linea, abian jartzea sei autobusekin, ibilgailuen flota elektrifikatzeko plan bat garatzea, eta gas natural konprimatua (GNK) erabiltzen duten ibilgailuak erostea, Uraren Ziklo Integraleko zerbitzuak emateko.  

Gainera, atal honetan aipatu ditu ibaietara plastikoak isurtzea eragotziko duten eta gainezkabideetan egin diren jarduketak, tamaina txikiagoko 17 hobi septiko berritzea, eta bi araztegi eraiki izana, bata Zubirin eta bestea Elon. “Neurri horiek guztiek, hondakinen arloan planteatutakoei batuta, ekarriko dute erakundearen karbono-aztarnak murrizten jarraitzea. 2014az geroztik jada lortu da, %21 gutxitu baita”, argitu du Ayesak.

Era berean, gogorarazi du erakundeak ingurumenarekiko duen konpromisoa Eskoletarako Ingurumen Heziketako Programan (47.800 ikasle aurreko ikasturtean) proposatzen diren jardueretan izan den bertaratze-errekorrean islatzen den balioa dela, eta bai erakundeak ematen dituen zerbitzuen gainean aldian behin egiten diren gogobetetasun-azterlanetan herritarrek ematen dituzten kalifikazio handietan ere.

IMko lehendakariak, gainera, erreferentzia egin dio gizarte-konpromisoari, ondokoa adierazita: “Agintaldi honetan egin dugun lana gai desberdinetan interesa zuten taldeekin eta pertsonekin harremanetan egonda egin dugu”. Udalekin, taldeekin eta herritarrekin izandako bilerak aipatu ditu Ayesak, hondakinen plantaren kasuan. “Ezkabako Eskualde Parkearen proiekturako, lan-prozesu bat egin zen kontzejuekin, udalekin eta taldeekin, mendiaren ingurunean parke bat sortu ahal izateko. Orain, Udalez gaindiko Plan Sektoriala behin betiko onartu zain dago”, adierazi du.

Hiri Garraioan, TCC enpresako langileen batzordearekin batera lan egiteak ahalbidetu zuen segurtasunaren arazoari heltzea, erantzun adostua eta eraginkorra emate aldera. “Hamar bileratik gora egin ditugu, eta agintaldi honen aurretik existitzen ez ziren lanerako foroak sortu ditugu”, gaineratu du Ayesak.  

Amaitzeko, erakundeak salestarren garai bateko komentuan izango duen egoitza berriaren proiektua aipatu du, azken agintaldi honetan desblokeatzea lortu den ekimena. “IMren lana nola gauzatu dugun ongi erakusten duen adibide ona da: hasteko, gogoeta prozesu irekia eta gardena egin dugu, erakunde desberdinekin zeuden aukerak kontsultatuta, eta ondoren, alderdi politiko guztiekin landu dugu eraikinaren etorkizuna”, azaldu du lehendakariak proiektuaren gainean. Baliteke obrak 2020aren hasieran hastea. “Antolaketa-mailan erakundea bultzatzeko aukera da, eta bai herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzekoa ere”, amaitu du.

Beste albiste batzuk

  • Kanpaina, ikasturte berriaren hasiera eta Mugikortasunaren Europako Astearen ospakizuna batera gertatuko dira
  • Helburua da urtegiaren hondoan dagoen manganesoa eta burdina kentzea, uraren kalitatea hobetzen baitu.
  • Era berean, igandetik aurrera 23. lineak zerbitzua emango du Cordovillara