Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Reunión Proyecto Ezkaba 210116
Mankomunitatea
2016/01/21

Mankomunitateak eta tokiko erakundeek Ezkaba Parkearen proiektuari ekin diote

Mankomunitateak eta Ezkaba mendiaren titulartasuna partekatzen duten udal eta kontzejuek egin duten bilera gaur arratsaldean izan da, Berriozarren

Gaur arratsaldean, beste bilera bat egin dute Mankomunitateak eta Ezkaba mendiaren titulartasuna partekatzen duten udalerriek eta kontzejuek, eremu horren berrantolaketa eta etorkizunean inguru horretan eskualde mailako parke bat sortzea lantzen jarraitzeko.

Hain zuzen ere, bilera Berriozarko kulturgunean egin da, eta bertan izan dira Aritz Ayesa Mankomunitateko lehendakaria, Alfonso Amorena erakunde bereko Kalitatearen Kontrol eta Ingurumen Arloko zuzendaria, Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateko teknikariak, eta proiektuan parte hartzen ari diren toki erakunde hauetako alkateak eta zinegotziak: Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Ezkabarte, Uharte, Txulapain, Iruñea eta Atarrabia udalerrietakoak; eta Aitzoain, Artika, Arre, Azotz, Berriogoiti, Zildotz, Ezkaba, Garrues, Orrio eta Untzu kontzejuetakoak.

Gaurko bilera honetan, 2010ean gauzatu zen parte-hartze prozesua berrikusi da, parkearen proiektuaren eremua zehaztu da eta hurrengo hilabeteetako lanerako aurreneko plan bat planteatu da. Hartara, bi jarduketa mota proposatu dira: alde batetik, proiektua bera egitea; eta beste alde batetik, presazko hainbat ekintza edo jarduketa gauzatzea, ekaina baino lehen hasiko liratekeenak. Azken horien artean leudeke, besteak beste, edukiontziak kokatzea, gauez ibilgailuak joan ahal izatea mugatzea, eta informazioa emateko seinaleak eta taulak kokatzea.

Proiektua gauzatzeko hitzarmena

Era berean, hitzarmen baten zirriborroa aztertu da, proiektuko parte-hartzaileen artean hartu beharreko hitzarmen batena. Zehazki,lortu beharreko helburu nagusiak biltzen ditu zirriborro horrek, hala nola proiektua idaztean parte hartzeko prozesu bat egitea, natura eta ondare baliabideak zehazteko behar diren azterlanak gauzatzea, parkea izendatzeko eskumena duten erakundeen aurrean proiektua bideratzeko izapideak egitea eta proiektua finantzatzeko bidea emango duten diru baliabideak lortzeko elkarlana.

Hitzarmenaren zirriborro horren arabera, tokiko erakundeek zenbait betebehar hartu beharko lituzkete euren gain, esate baterako, proiektuaren esparruan kokatuta dauden lursailen kudeaketari buruzko informazioa ematea, parte hartzeko prozesuan lankidetzan aritzea eta mendia hobetzeko egitea erabakitzen diren presazko lanen gastuak ordaintzea. Bere aldetik, Mankomunitateak konpromisoa hartuko luke proiektua gauzatzeko behar diren baliabideak eskuratzeko, parte hartzeko prozesua zuzentzeko, proiektuaren izapideak egiteko erakundeen aurrean lantaldea ordezkatzeko eta hura finantzatzeko behar diren baliabideak eskuratzeko elkarlanean aritzeko. Halaber, hitzarmenaren zirriborroak kontuan hartzen du bi lantalde sortzea –bata proiektuaren gauzatze teknikoaz arduratzeko eta bestea herritarrek parte hartzeko prozesua koordinatzeko–, eta bai jarraipena egiteko batzorde bat ere.

Gai honen gainean egiten den bigarren bilera da gaurkoa, joan den azaroan beste bat egin baitzen. Ekimena sortu zen SOS Ezkaba elkartearekin egindako bilera baten ondotik. Elkarte horrek, hain zuzen, auzolanean mendia garbitzea bultzatu zuen aurreko urriaren 26an, San Kristobal-Ezkabarako herri igoeraren bezperan (22. edizioa izan zen 2015ekoa).

Beste albiste batzuk