Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2022/04/07

Mankomunitateak elkarlanerako esparru bat sustatu du, Iruñeko metropoli-eremuan uholdeei erantzuteko

Gaur, lehenbiziko bilera egin da, eta bertan parte hartu dute IMk eta Iruñeko, Atarrabiako, Burlatako, Uharteko eta Ezkabarteko udalek

Iruñerriko Mankomunitateak eta Iruñeko, Atarrabiako, Burlatako, Uharteko eta Ezkabarteko udalek (Barañainek desenkusatu du joan ez izana) lanerako esparru bat sortu dute, Iruñerriko metropoli-eremuan era koordinatuan aritzeko uholdeak prebenitzean, haietara egokitzean eta haiei erantzutean. Gaur goizean, erakunde horietako ordezkariek lehen bilera egin dute IMren egoitzan.
 
Iragarpen zientifikoek adierazten dute metropoli-eremuan duela gutxi Ultzama eta Arga ibaiek izan zituzten uraldiak gero eta gehiagotan errepikatuko direla, klima-aldaketaren eraginen ondorioz. Egoera horren aurrean, toki-erakunde bakoitzak neurri desberdinak hartu ditu edo hartzea aztertzen ari da, uholdeek ondasunen eta pertsonen gainen dituzten ondorio larriak prebenitu eta arintzeko helburuarekin. 
 
Edonola ere, agerikoa da ibai-inguruneak continuum bat eratzen duela, zeinak ez dituen udalen mugak ulertzen, eta ibaian toki jakin batean gauzatutako jarduketa batek eraginak izango dituela urari goiti eta beheiti. Horrek ekar dezake jarduketak hondatzea edo haien irismena mugatzea, ez badira era koordinatuan egiten. Horixe da lanerako esparru hau sortu izanaren eta gaur egin den lehen saio honen zioa, non erakunde bakoitzak erakutsi dituen une honetan lanean ari den plangintza-dokumentuak eta martxan dituen proiektuak, eta bai bere arazo bereziak ere.

Hartara, “ibai-kontratu” bat egitea proposatu da, baterakoa, Ultzama eta Arga ibaiak, Iruñeko, Atarrabiako, Barañaingo, Burlatako, Uharteko eta Ezkabarteko udalerriak eta IM bera hartuko dituena, azken hori Ibai Parkea kudeatzen duen erakundea den aldetik. Halaber, Nafarroako Gobernua eta Ebroko Ur Konfederazioa lantaldean sartzea komenigarria dela nabarmendu da, haiekiko harremana estua baita.
 
Uste da Iruñerriko Mankomunitateak lanaren koordinazioa egiteko eginkizuna har dezakeela bere gain, eskualde-izaera duelako, erlazio estua duelako Eugiko urtegiarekin eta Iruñerriko Ibai Parkea kudeatzen duelako, zeinak 32 kilometro hartzen dituen bi ibai horietan.

Beste albiste batzuk