Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2023/03/29

Mankomunitateak animalien mundua gerturatu nahi du hiru erakusketaren bidez

Erakusketetako bi, ‘Bigotes’ eta ‘Comedy Wildlife Photo’, apirilaren 6tik aurrera bisitatu ahal izango dira, osteguna

Aurtengo udaberriko aisia-jardueren programaren barnean, animalien munduari ikuspegi desberdinetatik helduko dioten hiru erakusketa aurreikusi ditu Mankomunitateak.

Apirilaren 6tik, osteguna, ekainaren 6a arte, San Andres Errotan, ‘Bigotes’ argazki-erakusketa egongo da ikusgai, etxe eta familia bat behar duten txakurren eta katuen irudiek osatuta. Hain zuzen ere, erakusketaren xedea da konpainia-animalien bizi-kalitatea hobetzen laguntzea eta txakurrak eta katuak harreran hartzea sustatzea. Hori dela-eta, erakusketara joaten diren pertsonek erakusketako protagonista diren maskotetakoren bat adoptatzeko aukera izango dute. Ekimen hau Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentroarekin (Etxauri) eta Egapeludos, Katu Kaleko, Katx Felina, Su quinta pata eta Asociación Txikas de Etxauri elkarteekin batera gauzatuko da.

Era berean, apirilaren 6tik aurrera, osteguna, Atarrabiako Pilategian ‘Comedy Wildlife Photo’ erakusketa egongo da ikusgai, egoera dibertigarrietan ageri diren animalia basatien irudiak erakusteko. Zehazki, urtero animalien munduko argazki onenak eta bitxienak saritzen dituen argazki-lehiaketa bateko argazki onenak biltzen ditu erakusketak. Erakusketa ekainaren 25a arte egongo da zabalik, eta aldi horretan guztian argazkien enkante aktibo bat egingo da: biltzen den diruaren % 50 Whitley Fund for Nature elkartera joango da –ekosistema desberdinak kontserbatzearen alde borrokatzen diren pertsonei laguntzen diena– eta beste % 50a, ‘Bigotes’ ekimenean laguntzen duten elkarteetara.

Azkenik, maiatzaren 20a eta uztailaren 30a artean, Mendillorriko ur-biltegietara joaten diren pertsona guztiek ‘Animales de piedra’ erakusketa ikusteko aukera izango dute. Jorge Martínez Huelves zientzia-dibulgatzailearen lanean oinarrituta, erakusketak, fosilen bidez, faunaren eboluzio-prozesua azaltzen du, hiru aro handiak azalduta (Paleozoikoa, Mesozoikoa eta Zenozoikoa) eta egungo aroan amaituta, Kuaternarioan. Erakusketaren xedea da publiko orokorrari ezagutza gerturatzea, begirada berezia jarrita ikasleengan.

Erakusketa hauen gaineko informazioa, eta bai IMren programazio osoa ere, erakundearen webgunearen (www.mcp.es) ‘Jarduerak’ atalean kontsultatu ahal da.

Beste albiste batzuk