Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2020/06/18

Mankomunitateak amaitu du Ezkabako Eskualde Parkeko UPSaren administrazio-prozesua

Nafarroako Gobernuari UPSaren testu bategina aurkeztu zaio, hark behin betiko onar dezan

Iruñerriko Mankomunitateak Udaldez gaindiko Plan Sektorialaren (UPS) testu bategina aurkeztu zion joan den ekainaren 3an Nafarroako Gobernuari, Ezkaba mendia eskualde-parke bihurtzeko bidea emango duena. Foru Gobernuko Lurralde Antolamendurako Batzordeak onartu zain geldituko da dokumentu hori orain, eta hori hurrengo hilabeteetan gertatzea espero da.

Gaur arratsaldean IMren egoitzan egingo den Parkearen Jarraipen Batzordearen bilera batean, UPSaren administrazio-prozesuaren amaierari buruzko informazioa emango da. Hain zuzen, batzorde horrek agindu zion prozesua izapidetzeko IMri, eta 2018an hasi zen. Gogora ekarri behar da batzorde hori 2016an sortu zela, eskualde-parkea sortzea bultzatzeko, eta eremuko zortzi udalerriek (Iruña, Antsoain, Atarrabia, Uharte, Ezkabarte, Txulapain, Berriobeiti eta Berriozar), bederatzi kontzejuk (Aitzoain, Berriogoiti, Artika, Arre, Orikain, Azotz, Orrio, Zildotz eta Untzu), eta SOS Ezkaba eta Sociedad Anaitasuna elkarteek osatzen dutela.

Eremuko udalerriak izan ziren 2016an agindu ziotenak Iruñerriko Mankomunitateari UPS bat izapidetzeko, eta beste zeregin batzuen artean hauek hartzen zituen barne: parte-hartze prozesuaren zuzendaritza gauzatzea, parkearen proiektua egitea, lantaldea ordezkatzea erakundeen aurreko izapidetzeetan eta proiektua finantzatzeko baliabideak lortzean elkarlanean aritzea.

Hartara, 2016an, lehenbiziko diagnostikoa egin zen, jarduteko ildoak ezarri ziren eta herritarrek parte hartzeko prozesua garatu zen. 2017an, azterlan teknikoa idatzi zen, eta apirilean Nafarroako Gobernuari aurkeztu zitzaion. Azkenik, 2018 eta 2020 urteen artean, Nafarroako Gobernuan egin beharreko izapideak bideratu dira, jendaurreko espedientea abiarazi ondoren jasotako ekarpenak eta alegazioak ebazteko.

Zortzi alegazio batu zituzten hiru ekarpen

Aldi horretan, hiru ekarpenetatik zetozen zortzi alegazio jaso ziren: bat maila partikularrean egindakoa, bigarrena Iruñeko Udalak aurkeztua eta hirugarrena Defentsa Ministerioak.

Azkenik, bost eskaera hartu ziren aintzat, haietako bi Iruñeak planteatutakoak: alde batetik, parkearen etorkizuneko kudeaketari buruzko kontuak (gobernu-organoa eta betebehar ekonomikoak) ez erabakitzea planetik eta udalen arteko ondorengo hitzarmen baten xede izan daitezela; eta bestetik, bere barrutian aurreikusitako jolas-eremuan eraikitzeko eta instalazioak kokatzeko baldintzen berrikuspena egitea, irizpide murriztaileago batekin.

Aintzat hartutako beste hiru alegazioak Defentsa Ministerioak aurkeztutakoak ziren: ministerio horrek katastroan inskribatzeko prozesuan dituen segurtasun-eremuen lursailak kartografian jasotzeko eskaera; jabetza militarra zeharkatzen duten parkeko bideen zatiak identifikatzea; eta, azkenik, Alfontso XII.aren gotorlekuan kentzea jarduketen erreferentziak eta ez aldatzea egungo erabilerak, azpiegitura militar hori Defentsa Ministerioarena den bitartean.

Alegazio horiek ebatzi ondoren, Nafarroako Gobernuari onar dezan orain aurkeztu zaion testu bategina amaitu zuen Mankomunitateak. Gero, behin UPSa onartuta, Ezkabako Eskualde Parkea eratzetik hurbilago egongo da. Nabarmendu behar da udalak izango direla haren kudeaketarako formula egokiena erabakiko dutenak.

Ezkaba mendia hobetzeko urgentziazko proiektuak

Nabarmendu behar da, urte hauetan, UPSaren izapidetzea bultzatzen zen bitartean, Jarraipen Batzordeak urgentziazkotzat jotako hainbat proiekturi ekin zaiola. Zehazki, Ezkaba mendian hobekuntza batzuk egiteko bidea eman dute proiektu horiek, besteak beste, mendiko eta BTTko bideen sarea, seinaleak jartzea, mendi-bideetarako sarbidea mugatzea, Garruesko iturria mantentzea eta garbiketa-saioak egitea boluntarioekin.

Beste albiste batzuk