Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2019/12/19

Mankomunitateak 2020rako aurrekontuak eta prezioen ordenantza berriak onartu ditu

Uraren Ziklo Integralaren eta EHGaren tarifak ez dira aldatuko, eta aurreikusten da hondakinen tarifa %8,67 emendatzea, urtean 8 euro batez beste

Iruñerriko Mankomunitateak 2020rako aurrekontuak onartu ditu gaur arratsaldean Batzar Nagusiak egin duen saioan, eta 2019ko ekitaldiarekiko 14 milioi euro emendatzea onetsi du, nagusiki, inbertsioen kapituluarengatik. 2020rako aurrekontu bateratua 139.173.648 eurokoa izango da, eta aldeko 28 boto eta kontrako 21 izan ditu. Hurrengo urterako onetsi diren aurrekontuek aurreikusten dute 54.529.735 euroko inbertsioa egitea. Hartara, inbertsioen kapituluan, hondakinak tratatzeko planta berria eraikitzeko obretarako partida (20.000.000 euro), egoitza berria birgaitzeko obretarakoa (7.879.000), eta Iruñerriko Ibai Parkea hobetu eta handitzeko obretarakoa (1.700.000) nabarmendu behar dira.

Prezioen ordenantza berriak 2020rako

Saio horretan bertan, zerbitzu desberdinen prezioen ordenantza berriak ere onartu dituzte. Zehazki, 2020rako aurreko urteko tarifa berberak aurreikusi dituzte Uraren Ziklo Integralerako eta Eskualdeko Hiri Garraiorako. Azken horrek, hain zuzen, prezio berberak ditu 2016az geroztik, eta, beraz, bosgarren urtea izango da igoerarik egin gabe.

Beste alde batetik, hondakinen prezioen ordenantzak onetsi dituzte, urtean %8,67 emendatzea onartuta. Horrek, hain zuzen, urtean kuota finkoan 8 euro garestitzea ekarriko du gutxi gorabehera batez besteko tarifarako. Igoera maiatz eta abendu artean aplikatuko da, eta, horrenbestez, tarifak izoztuta egongo dira lehen lauhilekoan eta %13 inguruko emendatze nominala izango dute maiatzaren 1etik aurrera. Hori hala da abenduan prezio berri horiek onesteak eragozten duelako maiatzaren1a baino lehen indarra hartu ahal izatea, argitaratu eta behin betiko onartu eta gero.

Zabortegiarengatik Mankomunitateak ordaindu behar duen kanonaren zenbatekoa bikoitza baino gehiago emendatzeak ekarri du igoera hori; izan ere, 2020an 2,3 milioi eurokoa izango da kanon hori, eta 2019 honetan milioi batekoa izan da. Horri gehitu behar zaio, gainera, papera saltzeagatik lortutako diru-sarrerak gutxitu izana, haren prezioa nabarmen jaitsi baita merkatuan. Hartara, hori hala izateak ekarriko du milioi bat euro baino gehiago murriztea diru-sarrerak 2019arekiko.

Gogora ekarri behar da Iruñerriko Mankomunitateak uraren eta hondakinen fakturaren zenbatekoaren %90aren hobari-sistema bat duela, kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonentzat. Hobari horren onuradunek faktura urtean 0.80 zentimo emendatuta izango dute.

Aldaketak ordenantza teknikoetan

Halaber, Batzar Nagusiak Eskualdeko Hiri Garraioaren eta hondakinen ordenantza teknikoak aldatzea onartu du.

EHGaren zerbitzuaren ordenantzan egin duen aldaketa nagusia da mugikortasun murriztua duten pertsonek (atzealdean dagoen arrapalatik igo behar dutenak autobusean) atzeko ateetan ordaindu ahal izatea bidaia. Horretarako, hurrengo urtean kontakturik gabeko ordainketa-sistemak kokatuko dira autobuseko toki horietan.

Hondakinen ordenantzari dagokionez, beharrezkoak diren aldaketak egin dira, behin onartuta, edukiontziak txartel elektronikoaren bidez irekitzeko sistema berria antolatuta gelditzeko.

Behin Batzar Nagusiak aldaketa horiek onetsita, jendaurrean egoteko aldi bat hasi da, 30 egunekoa, behin betiko onartu baino lehen.

Azkenik, esan beharra dago gaurko bileran Iruñerriko Zerbitzuak SA-k Alfonso Amorena Udabe zuzendari-kudeatzaile izendatu duela.

 

Beste albiste batzuk

  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...
  • Kostuak ordaintzera zigortu du alderdi demandatua, Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegia