Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2021/09/28

Jardueraz betetako udazkena Mendillorrin

Erabat aurrez aurrekoak diren jardueren eskaintza berreskuratu du Mankomunitateak

Pandemiaren aurreko urteetan gertatzen zen moduan, hari gidaria aisia osasungarria izango duten jarduera batzuetarako agertoki ezin hobea bihurtuko da Mendillorriko ur-biltegien esparrua.

Hartara, irailaren 25ean “Utzitako zaborrak” argazki-lehiaketa hasi zen. Bertan, Iruñerriaren barneko kaleetan, parkeetan, bidexketan eta abarretan botata aurkitzen dituzten hondakinei argazkiak ateratzera animatzen dira herritarrak. Azaroaren 6an, Hondakinen Prebentzioaren Astearekin batera, jasotako argazki guztiak jarriko dira ikusgai eta herritarrek bozkatzeko aukera izango dute, bi irabazle aukeratzeko. 

Gogoan izan behar da edukiontziak eta bilketa pneumatikoko buzoiak irekitzeko sistema berria ezartzearekin lotutako kanpaina egiten ari dela une honetan Mankomunitatea, berreskuratutako gai organikoen portzentajea emendatzea lortzeko helburuarekin, eta, beraz, aurtengo sentsibilizazio-ahaleginetako asko xede horretara bideratuta egongo direla. 

Lehiaketa horretatik kanpo, zenbait tailer planteatu dira, besteak beste, “Garbiketa, produktu ekologikoekin” izenekoa. Bertan, urriaren 3an, igandea, osasungarriak eta pertsonekin eta ingurumenarekin guztiz errespetuzkoak diren kristal-garbigarria eta zoru-garbigarria egiteko oinarrizko nozio batzuk emango dira. “Kosmetika naturala” izenekoa urriaren 17an egingo da, eta antzinako Egiptoko kosmetikan sakonduko du. Eta “Ehunen estanpazioa” izenekoa azaroaren 14an izango da, eta oihalezko poltsa berrerabilgarri bat apainduko duten estanpazioetarako naturako formak erabiliko dira bertan. 

Azkenik, aisia osasungarriarekin lotutako beste jarduera batzuk ere antolatu dira, hala nola Can Weekend izenekoa (urriaren 23an eta 24an). Bi eguneko programa izango da, Nafarroako Alfadog elkartearekin garatuko dena. Hain zuzen, txakurrak ezagutzearekin lotutako prestakuntza emango da, lanerako eta terapiarako txakurrek gauzatzen duten lan garrantzitsuaren berri izateko. Beste alde batetik, urriaren 30ean, ipuinen eta gaztainen saio batez gozatzeko aukera izango dute familiek. Eta azaroaren 21ean, bi yoga saio egingo dira. 

Tailerrak, Emausko Trapuketarien ingurumen-gelan

Edonola ere, Mendillorri ez da izango jarduerak hartuko dituen toki bakarra. Emausko Trapuketariek Berriozarren duten zentroan Mankomunitateak daukan ingurumen-gela ostiraletako “Cosetelas” saioak hartzeko kokalekua izango da. Saio horietara joan ahal izango dira beren jantziak aditu batek gainbegiratuta egin nahi dituzten pertsonak. Halaber, ostiral batzuetan, “Idéatelas” sormenezko joskintzako tailerra ere egingo da. Bertan, parte-hartzaileek ikasiko dute nola berrerabili ehun-material berreskuratuak beste gauza batzuk egiteko, adibidez, poltsak, diru-zorroak… Eta joskintzaren atala azaroaren 20an, larunbata, osatuko du “Eskuz josten” tailerrak.  

Urriaren 9an eta abenduaren 11n, gure bizikletak doitzeko aukera izango dugu, konponketak egiten ikasteko tailer banatan. Urriaren 21ean, azaroaren 25ean eta abenduaren 16an, janari-hondarrekin jakiak prestatzen ikasteko hainbat tailer egingo dira. Eta azkenik, etxeko konponketek toki nabarmena izango dute hurrengo urriaren 23ko jardueren artean, Juanjo Iriarterekin. 

Erakusketak

Mendillorriko, eta Atarrabiako Pilategiko eta San Andres Errotako aretoetan kokatuko diren zenbait erakusketak osatuko dute jardueren programazio hau.

Zehazki, urriaren 2an, Mendillorrin, “Kartel ekologistaren 40 urte” jarriko dute martxan, erakusketa bitxia, “Ekologistak Martxan” elkartearen mailegua. Azken urteetan ingurumenaren alorreko sentsibilizazioak izan duen bilakaeraren gainbegirada grafikoa egiten du, hain zuzen. 

Urriaren 24a arte, “Ibai beretan” jarduera bisitatu ahal izango da –“Mapamundistas” kultura-programaren barnean–, zeina Atarrabiako Pilategira irailaren 11n iritsi zen. Urriaren 30ean, “Sedimental” mugaz haraindiko erakusketak hartuko du lekukoa. Hendaian, Baionan eta Parisen egon ondoren, Iruñera iritsiko da, Nuevo Futuro fundazioarekin elkarlanean, bertako zenbait artistak parte hartuko dute eta tailer batzuk egitea ere hartuko du barne. 

Atarrabiako San Andres Errotak “Anaia Ibaia” erakusketa izaten jarraitzen du, ibaia bizitzeko modu desberdinak azaltzeko. Horrez gain, “Zientzia dibertigarria” erakusketari helduko dio berriro. Azken hori ez da ikusteko erakusketa, ukitu eta esperimentatzekoa baizik. Bukatzeko, urriaren 2an, “Ontziak” erakusketa estreinatuko da. Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoak laga du, eta bertan historian zehar erabili izan diren ontzi desberdinak ikusi eta ezagutzeko aukera izango da. 

Erakusketa horiek guztiak Mankomunitateko Youtubeko kanalean jasoko dira: https://www.youtube.com/CanalMCP

Izena emateko eta informazio gehiago eskuratzeko, Mankomunitatearen webguneko “Jarduerak” atalera jo behar da: www.mcp.es/actividades

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da