Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2019/05/07

IMren kudeaketa-sozietateak erakundearen egoitza berrirako obrak lizitatzea hitzartu du

NUPen eta IMren arteko lankidetza-protokolo batek bi erakundeen espazioen erabilera partekatzeko bidea emango du

IM eta SCPSAren egoitza berrirako Iruñean Salestarren eraikina birgaitzeko obrak kontratatzeko espedientea onartu du gaur arratsaldean Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateko Administrazio Kontseiluak (Mankomunitatearen kudeaketa-sozietatea). Lizitazio edo enkantean hartzeko eskaintza horren deialdia laster kaleratuko da, esleitzea 2019 honetan egin ahal izatea xede izanda.

Gogoan izango denez, joan den urteko uztailean SCPSA sozietateko Administrazio Kontseiluak obra-zuzendaritza egiteko eta proiektua idazteko kontratua esleitzea onartu zuen. Oinarrizko proiektua aurreko urriaren 31n aurkeztu zuten. Gero, abenduan, obren lizentzia eta jarduera sailkatuarena eskatu zitzaion Iruñeko Udalari. Behin eraikuntza-proiektua amaituta, SCPSAk obrak lizitatzeari ekingo dio orain.

Obra horiek, hain zuzen, Álvarez-Sala, Matos Castillo Arquitectos eta Rueda Pizarro estudioek eratutako taldeak idatzi duen gauzatze-proiektuaren arabera egingo dira. Lanen epea 24 hilabetekoa izango da, eta lizitazioaren zenbatekoa 15.509.134,31 eurokoa da, BEZa kanpo. Zenbateko horrek, zehazki, eraikitzea ez ezik, egungo eraikineko elementu arkitektonikoei eustea eta haiek birgaitzea ere hartzen du barnean.

Beste alde batetik, dagokion unean IMk izapideak abiaraziko ditu Iruñeko egungo egoitza, Chinchilla Jeneralaren kalean dagoena, eta Julián Arteaga kalean dituen bulegoak saltzeko, eta eskuratzen duen zenbatekoa egoitza berria finantzatzeko baliatuko du.  

NUP-EKIN ESPAZIOAK PARTEKATZEKO PROTOKOLOA

Halaber, Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak lankidetza-protokolo bat onartu du gaur goizean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta erakunde erkidetuaren artekoa, instalazioetako espazioen erabilera partekatzeko –bai IMren egoitza berrian, bai NUPen ikasgelategian ere–, eta prestakuntza-jarduerak diseinatu eta garatzeko. Jarduketa zehatzak bi erakundeen arteko administrazio-hitzarmen bat izenpetzearen bidez formalizatuko dira.

PROIEKTU MALGUA ETORKIZUNEKO BEHARRETARAKO

Andre Mariaren Bisitazioaren komentua Iruñeko Alde Zaharreko eraikin enblematikoenetako bat da. 1905ean eraiki zuten, Florencio Ansoleagaren proiektu baten arabera, eta 2003a bitartean salestar lekaideen klausurako komunitate bat hartu zuen.

San Zerningo Burguaren hego-mendebaldeko muturrean dago komentua, San Frantzisko kalearen eta Aduanako zokoaren artean, eta 3.000 metro koadroko eremua hartzen du. XI. mendeaz geroztik, orube honek Iruñeko historian esanahi handia izan duten eraikinak hartu izan ditu: Erdi Aroko lursailetako baratzeak, Burguko harresiaren atzealdea, Erregeren Dorreko gunearen zati bat, Cruzaten eta Armendaritzen jauregiak, Erresumako Etxea, Aduana eta Tabakalera.

Joan den apirilaren 6az geroztik bisita gidatuak egiten ari dira, herritarrek eraikinaren barnealdea ikusi eta ezagutzeko modua izan dezaten, eta bai salestar lekaideen eguneroko bizimoduaren eta erlijiokoaren eta Iruñearekin izan zuten harremanaren berri izan dezaten. Gainera, etorkizun hurbilean izango duen itxura berria eta funtzionaltasuna aurkezten da.

Zaharberritzeko eta egokitzeko proiektuak eraikinaren balio historikoa errespetatzen du, dagoenaren diseinua gordetzen du eta bai kanpoko bolumetria ere. Salestarren eraikina birgaitzeko proposamenak espazio soilak eta atseginak lortu ditu, eta eraikinaren kanpoaldetik barnealdera planteatutako trantsizioa nabarmendu behar da. Ikuspuntu funtzionaletik, proposamenak ahalbidetzen du sinergiak sortzea sail desberdinen artean eta ingurumen-kalitate egokia bermatzen du.  

Azkenik, egungo beharrei erantzuteaz gain, egoitza berria malgua izango da etorkizuneko eskakizunetarako edo IM eta SCPSAren egituraren berrantolatzeetarako.

Beste albiste batzuk