Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2023/02/09

IMk haziak berreskuratzea sustatzen du, komunitate-trukearen bidez

“Hazitokia” ekimenak hazien banku bat eta haziak biderkatzeko baratze bat ditu, eta jardunaldiak eta tailerrak egitea hartzen du barne

Bihar, ostirala, otsailak 10, 17:00etan, Mendillorriko ur-biltegien esparruan Hazitokia ekimenaren denboraldi berria hasiko da. Hain zuzen, Iruñerriko Mankomunitatearen ekimen horrek, hirugarren urtez, bertako espezieen haziak berreskuratzea sustatu nahi du komunitate-trukearen bidez, eta bai hazi horiek bildu eta hautatzeko teknikak ikastea ere.

Hori gauzatze aldera, Mankomunitateak hazien banku bat egokitu du Mendillorriko ur-biltegien esparruan, erabilera anitzeko aretoan. Toki horretan, Nafarroako Hazien Sareak hautatutako eta emandako haziak gordeko dira, baldintza egokietan, eta landu nahi dituzten pertsonei emango zaizkie. Xedea da bertako, Nafarroako eta, bereziki, Iruñerriko, landare ahalik eta gehienak babestea eta zaintzea bermatzea. Baldintza bakarra da, landatu ondoren, bankua erabili duten pertsonek berriro eramatea bankura barietate horietako haziak.

Hazitokia ekimenak, gainera, haziak biderkatzeko baratze bat du: bost baratze-alor dira, lau metroko luzerakoak eta bi metroko zabalerakoak. Baratze honen helburua da hazien kopurua handitzea, bankua elikatzeko. Nabarmendu behar da baratze-alorretako bat garaiago kokatuta dagoela, irisgarritasuna bermatzeko. Haziak biderkatzeko baratze honen mantentzea Arrea Agroekologia Elkarteak egiten du.

Jardunaldiak eta tailerrak

Jardueren programak, gainera, barne hartzen du haziak eta ezagutza trukatzeko jardunaldiak egitea. Hilean ostiral batean egingo dira, eta Arrea elkarteak koordinatuko ditu. Bertako barietateak berreskuratzeko interesa eta haziak trukatzeko nahia duten pertsona guztiak joan ahal izango dira, eta hazien bankuan dauden barietateetakoren bat eraman edo euren barietateak utzi ahal izango dituzte. Jardunaldi horietako aurrenekoa da ostiral honetan, hilak 10, egingo dena, 17:00etatik 18:30era.

Halaber, tailer praktikoak ere programatu dira –horiek ere Arrea elkarteak zuzenduak–, eta haietan prestakuntza emango da hazitokiak egitearen gainean, barazkiak toki txikietan lantzearen gainean eta baratze ekologikoaren osasunaren gainean, besteak beste. Azkenik, maiatzetik aurrera, Natalia Baztán belar-biltzaileak tailerrak emango ditu Mendillorriko ur-biltegietako parkean landatzen diren sendabelarretako batzuen onurei buruz, hala nola ilen kultibatuaren eta izpilikuaren onurei buruz.

Truke-jardunaldietan eta tailerretan parte hartzea doakoa da, eta izena eman behar da aurretik. IMren webgunean (www.mcp.es), ‘Jarduerak’ atalean, eman daiteke, zehazki.

Beste albiste batzuk