
IMk bere heziketa-eskaintza aurkeztu du, jarduera digital eta aurrez aurrekoekin
Mankomunitatearen Ingurumen Heziketarako Programak Iruñerriko ikastetxeetarako heziketa-proposamena aurkeztu du 2022-2023 ikasturte honetarako. Hain zuzen ere, helburua da heziketa-komunitateari lagun egitea iraunkortasuna sustatzeko, uraren, hondakinen, Ibai Parkearen eta garraioaren inguruko ingurumen-jokabide arduratsuak gauzatzea bultzatuta.
Ingurumen-heziketarako programaren eskaintzak –jada 1.500 erreserba baino gehiago ditu 33.000 parte-hartzailerentzat– barne hartzen ditu eduki eta formatu askotarikoak, ikastetxe bakoitzak bere beharretara egokitzeko aukera izan dezan. Hartara, aurrez aurreko bisitak eta jarduerak proposatzen dira, online bisita gidatuak, ondorengo aurrez aurreko bisitaren esperientzia hobetzen dutenak, eta baliabide didaktiko digitalak, derrigorrezko hezkuntzako ziklo guztietarako.
Heziketa-eskaintza guztia segida edo sekuentzia didaktikoaren prozesu baten barnean planteatu da, non jarduerak txertatzen diren bisiten eta tailerren aurretik eta ondoren, ikasleek sakonago lan egiteko bidea izan dezaten.
Ikasturte honetan, ‘Iraunkortasunerantz’ izeneko proposamen berria aurkeztu dute, eta lau proiektu berri hartuko ditu barnean: konpostajea, ikastetxeetan gai organikoak kudeatzeko; biodibertsitatea ikastetxeetan, ikastetxeen eremuak hiri-biodibertsitaterako babesleku bihurtzeko; zero zabor ekitaldia, eskolako jai bakoitza iraunkorra eta hondakinik gabea izan dadin egiteko; eta, azkenik, hondakinen kudeaketa hobetzea, iraunkortasuna jorratzeko, eskoletan eta institutuetan sortzen diren hondakinak era egokian bereizi eta kudeatzearen bidez.
Ibai Parkean arreta jartzen duten berrikuntzak
Ikasturte honetako berrikuntza nagusiek Iruñerriko Ibai Parkean jartzen dute arreta, gure natura-ingurune hurbilena hobeki ezagutzeko eta hartaz gozatzeko helburuarekin. Zehazki, proposatutako jarduerak hauek dira:
- Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailetarako, Ibai-parkeko landareak ezagutzen. Gertuen dugun flora identifikatzeko tailerra da.
- Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetarako, Parkeko biztanleak. Bisita egingo da Areatzeko meandrora, lehengoratu den natura-eremu horretan martxoan ‘intsektuentzeko hotela’ kokatu baitzen. Egitura artifizial bat da, eta babeslekua da ingurune hori naturalizatzea bultzatzen duten zenbait espezierentzat. Han, paisaia aztertuko dute eta bai intsektu polinizatzaileek duten eginkizuna ere.
- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zikloetarako, Ibaiaren urtaroak. Hiru jarduera hartzen ditu barne –ikasturteko hiru hiruhilekoetan garatuko direnak–, eta haietan ibaiaren kalitatea landuko da: ekosistemak eta biodibertsitatea, geologia eta paisaia, eta espezieak identifikatzea.
Sarbide hobea duen webgune berria
Nabarmendu behar da programak webgune berria jarri duela martxan ikasturte honetan, eta, beste hobekuntza batzuen artean, sarbide-funtzionaltasunak eguneratu dira bertan. Hala, horrek autonomia handiagoa ematen die ikastetxeetakoak diren erabiltzaileei.
Programetako bakoitzean prestatu den heziketa-eskaintza xehetasunez ezagutzeko, Mankomunitatearen heziketa-programaren webgunea bisitatu ahal da, www.mancoeduca.com, eta bai Twitter eta Instagrameko kontuak ere, @mancoeduca. Halaber, kontsultak 948 203444 telefono-zenbakira deituta egin daitezke edo mezu elektronikoa bidalita atencion@mancoeduca.com helbidera.
Beste albiste batzuk
- Trazadura Zizur Zendearen (2,5 km) eta Galar Zendearen (4,5 km) udalerrietan igarotzen da
- Margolan irabazleen eta hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean
- Azpiegitura berriak biogas-ekoizpena handitzen eta nekazaritzarako lohien egonkortzea hobetzen lagunduko du