Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2021/06/17

IM-SCPSAko zuzendaritza-organoek erakundearen egoitza berriko obrak bisitatu dituzte

Egin diren lanen artean, garai bateko komentuaren egituraren desmuntatze konplexua eta arkeologiako lanak nabarmendu behar dira

Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko eta bera kudeatzeko sozietateko (SCPSA) Administrazio Kontseiluko kideek salestarren garai bateko komentuan erakundearen egoitza berria eraberritu eta egokitzeko obrak bisitatu dituzte.

Gogoan izango denez, birgaitzeko obrak 2020ko uztailean hasi ziren, 2019ko abenduan Construcciones ACR, S.A. enpresa eraikitzaileari esleitu eta gero, eta esleitze-zenbatekoa 13,18 milioi eurokoa izan zen (gehi BEZa). Obra horiek, hain zuzen, Álvarez-Sala, Matos Castillo Arquitectos eta Rueda Pizarro estudioek osatutako taldeak idatzitako gauzatze-proiektuaren arabera ari dira egiten. Obren hasierako epea 24 hilabetekoa da, eta proiektuak barne hartzen du, bai eraikitzea, bai eta komentu zaharreko elementu arkitektonikoak mantentzea eta birgaitzea ere.

Gaur goizean obretara egin den bisitan, Mankomunitateko lehendakari David Campiónek, SCPSAko zuzendari kudeatzaile Alfonso Amorenak, Alberto Martínez Castillo eta Jesús Leache arkitektoek eta Nicolás Zuazúa arkeologoak parte hartu dute.

Bisitak hiru eremutan jarri du arreta: patio-lorategian, atondo nagusian eta garai bateko elizan. Patio-lorategia dela-eta, arkitektoek aipatu dute multzorako sarbide publikoa izango dela eta zurez eraikiko den pabiloi berri bat hartuko duela. Pabiloi horren ezaugarriak arintasuna, neutraltasun formala eta garai bateko komentuaren eraikinarekin komunikatzeko bokazioa izango dira. Eraikin nagusiaren habeak eta solairuak berreraikitzeko zura erabiltzea, batetik, iraunkorra da, eta, bestetik, eraikin historiko baten atmosfera espaziala sortzeko asmoa du.

Atondoaren gunetik, garai bateko komentuaren egituraren desmuntatzearen konplexutasuna ikusi ahal izan da, fatxaden txarrantxatzeak, mikropiloteen pantailekin zimenduak jartzea eta, behin prospekzio arkeologikoko fasea gaindituta, sotoen induskatzea eta eraikitzea.

Azkenik, garai bateko elizaren esparruan, mock-up bat (eredu gisa egindako eraikuntza, sei bider bost metroko benetako eskalan egina) ikusi ahal izan da, non proiektuko elementu eta material guztien baterako funtzionamendua egiaztatzen den. Besteak beste, nabarmendu behar da zur mikroxaflatuzko habeen eta CLT taulen arteko erlazioa sabaietan, emokadurazko barne-estaldura, leihoak eta haien ahokadurak, instalazioetako elementuak, argiztatzea eta manparak.

Amaitzeko, arkitektoek nabarmendu dute arkeologiako lanek iraun duten denboran zuzendaritza-taldeak eta enpresa eraikitzaileak obrak arintzeko bidea emango duten beste lan batzuk aurreratu dituztela.

I. eta XX. mendeen arteko hondakin arkeologikoak

Hitza hartu duenean, arkeologia-lanen arduradunak, Nicolás Zuazúak, egin diren indusketen metodologia azaldu du, eta bai aurkitu diren hondakinen tratamendua eta inbentarioa ere. Indusketa-lanetan I. eta XX. mendeen arteko hondakinak aurkitu dituzte: goi-inperioko erromatar hiriko nekropolietako bat (arkeologoaren iritziz, ezezaguna izatean, alderdi berrienetako bat), eta hartan, aipamena egin die hilobi bati eta I.-II. mendeetako marmolezko inskripzio-zati bati; hiri-traza bat eta Erdi Aroko artisau-auzo bat, batik bat metalurgian aritzen zena XI.-XII. mendeetatik XIV.era (kanpai moldeen zatiek nabarmentzen duten aurkikuntza, orain arte oso ezagunak ez diren hondakinak); hiri-traza bat eta XVI.-XVII. mendeetan urtzen aritzen ziren artisau-guneak; Armendaritzen jauregiaren hondakinak, aduana-etxea eta XVIII.-XIX. mendeetako beste etxebizitza bat; eta azkenik, salestarren komentuaren beraren hondakinak.  

Etxebizitza partikular baten atariko harzola (XVIII. mendea)

Zuazúak zehaztu du indusketak 1.050 metro koadrotan egin direla, maila arkeologiko guztiak amaitu arte. 78 zulo agertu dira, gehien-gehienak Erdi Arokoak eta modernoak (XII.-XVII. mendeak), harrizko 10 putzu eta 50 txanpon (erromatarrenak, Erdi Arokoak eta modernoak).

Gaur goizeko bisitan ikusi ahal izan diren elementuen artean, armarri barroko baten maskaroia zegoen (XVIII. mendea), eraztun bat eta gerrikoko krisket bat (XVI.-XVII. mendeak), Errege-erregina Katolikoen zurikoak edo maraikoak (XV.-XVI. mendeak), kanpaiak urtzeko moldeak (XII.-XIII. mendeak) eta erromatarren hilobi-inskripzio bat (I.-II. mendeak).

Bisitan parte hartu duten pertsonak etorkizuneko patio-lorategian, atondoan eta garai bateko kaperan ibili dira, non zurezko egituraren modelatu bat kokatu den (zur mikroxaflatua, pagokia), proiektatutako bulegoen barnealdearen diseinuaren ideia bat egiteko aukera izateko.

Administrazio-zerbitzuetarako eta herritarrei arreta emateko egoitza

Andre Mariaren Bisitazioaren komentua Iruñeko Alde Zaharreko eraikin enblematikoenetako bat izan zen. 1905ean eraiki zuten, Florencio Ansoleagaren proiektu baten arabera, eta 2003a bitartean salestar lekaideen klausurako komunitate bat hartu zuen.

San Zerningo Burguaren hego-mendebaldeko muturrean dago eraikina, San Frantzisko kalearen eta Aduanako zokoaren artean, eta 3.000 metro koadroko eremua hartzen du. XI. mendeaz geroztik, orube honek Iruñeko historian esanahi handia izan duten eraikinak hartu izan ditu: Erdi Aroko lursailetako baratzeak, Burguko harresiaren atzealdea, Erregeren Dorreko gunearen zati bat, Cruzaten eta Armendaritzen jauregiak, Erresumako Etxea, Aduana eta Tabakalera.

IMk 2010ean eskuratu zuen higiezina, bertan biltzeko eskualde-erakundearen administrazio-zerbitzuak eta herritarrei arreta ematekoak.

Zaharberritzeko eta egokitzeko proiektuak eraikinaren balio historikoa errespetatzen du, dagoenaren diseinua gordetzen du eta bai kanpoko bolumetria ere. Salestarren eraikina birgaitzeko proposamenak espazio soilak eta atseginak lortu ditu, eta eraikinaren kanpoaldetik barnealdera planteatutako trantsizioa nabarmendu behar da. Ikuspuntu funtzionaletik, proposamenak ahalbidetzen du sinergiak sortzea sail desberdinen artean eta ingurumen-kalitate egokia bermatzen du. 

Egoitza berria malgua izango da etorkizuneko eskakizunetarako edo IM eta SCPSAren egituraren berrantolatzeetarako. Halaber, Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak lankidetza-protokolo bat onartu zuen 2019ko maiatzean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta erakunde erkidetuaren artekoa, instalazioetako espazioen erabilera partekatzeko –bai IMren egoitza berrian, bai NUPen ikasgelategian ere–, eta prestakuntza-jarduerak diseinatu eta garatzeko.

Beste albiste batzuk

  • Ezaugarri horietako azkenak izango dira: 2022tik aurrera gas natural bidez mugiarazitako autobusak erosiko ditu IMk
  • %60koak izango dira, udako lanegun bateko garraio-zerbitzu arruntarekiko
  • Jaiak bertan behera uztean, “asteburuetako edo jaiegunetako” tarifa uztailaren 7an, 10ean eta 11n baino ez da aplikatuko