Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2018/09/25

Hasi berri den ikasturterako heziketa eskaintza aurkeztu du Mankomunitateak

Barnean hartzen du Artetako zentroa berriro irekitzea eta jarduerak egitea Emausko Trapuketarien Berriozarko zentro berrian

Mankomunitateko Ingurumen Heziketako Programak 2018-2019 ikasturterako bere heziketa proposamena aurkeztu die Iruñerriko ikastetxeei. Programaren eskaintzan berrogeita hamar jardueratik gora daude, IMren zerbitzuekin lotutako lau gaietan (Ura, Garraioa, Hondakinak eta Ibai Parkea). 

Aurreko ikasturtean, 2017-2018 ikasturtean, 47.433 ikaslek parte hartu zuten proposatutako jardueretakoren batean. Haietatik %22,6 (10.733) ‘Uraren’ programan aritu ziren, %39,6 (18.774) ‘Hondakinen’ programan, %15,7 (7.446) ‘Garraioaren’ programan eta %22,1 (10.480) ‘Ibai Parkearen’ programan.

Programak aldaketak eta bilakaera izaten jarraitzen du, ikastetxeen beharretara egokitzeko, metodologia berriak, heziketa sekuentzia digitalak, baliabideak eta eskoletako proiektuak laguntzeko jarduerak abiarazita. Jada bazeuden baliabideak eta jarduerak berritzeaz gain, ikasturte honetarako berrikuntza batzuk prestatu dira. 

2018-2019 ikasturterako berrikuntza nagusiak

Nabarmendu behar da ikasturte honetan Artetako iturburuko informazio zentroa berriro irekiko dela. Hartara, berritu egin da zentroko erakusketa, irisgarriagoa eginda, eta baliabide berriak jarrita hornitu dira ibilbideak. Horrez gain, zenbait gairi heltzen dieten jarduerak ere sartu dira programan, adibidez, geologia, energia eta uraren hornidura lantzen dituztenak. 

Ikasturte honetan, era berean, Emausko Trapuketariek zentro berria zabalduko dute Berriozarren. Heziketa ikasgela eta baliabide berriak edukiko ditu, eta bertako jardueren eskaintza gai hauen gainekoa izango da: ekonomia zirkularra eta berrerabiltzea, oro har, arreta berezia jarrita arroparen kontsumoan eta aprobetxamenduan.

Beste alde batetik, eskolako iraunkortasuna hobetzeko planak, hondakinen prebentzioan eta kudeaketan arreta jartzen duenak, hirugarren urtea du bere ibilbidean. Plan horren bidez, Mankomunitateko Ingurumen Heziketako Programak heziketa jarduerak, aholkularitza, prestakuntza eta berariazko baliabideak eskaintzen dizkie ikastetxeei. Ikastetxe baten iraunkortasunean esku hartzen duten eragile edo agente guztiak aintzat hartzeko helburuarekin, planak parte hartzeko aukerak eskaintzen dizkie zuzendaritza taldeko kideei, irakasleei, ikasleei, irakasleak ez diren langileei eta gurasoei. 

Hasi berri den ikasturte honetan, iraunkortasuna landu nahi duten ikastetxeei sostengua ematen jarraituko da, lau arlo hauetan: Ekoplana (ikasleen proposamenak, beren ikastetxean hondakinen kudeaketa hobetzeko), elikagaiak alferrik galtzea, bisitak Nafarroako Elikagaien Bankura eta eskolako konpostajea. Nabarmendu behar da aurreko ikastetxean 13 ikastetxek egin zituztela beren hondakinen auditoretzak Ekoplanean, 33 ikastetxek parte hartu zutela jan-edanak alferrik galtzearen kontrako jardueretan, 13 ikastetxek bisita egin zutela Elikagaien Bankura eta 41 ikastetxek parte hartu zutela konpostajean.  

Programetako bakoitzerako prestatu den eskaintza zehatz-mehatz ezagutzeko (Ura, Hondakinak, Garraioa eta Ibai Parkea), Mankomunitatearen heziketa programaren webgunera jo daiteke: www.mancoeduca.com. Zalantzak argitzeko, kontsultak egin daitezke edo 948 203444 telefono zenbakira deituta edo mezu elektronikoa idatzita atencion@mancoeduca.com helbidera.

Beste albiste batzuk

  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea