Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2019/09/24

Hasi berri den ikasturterako heziketa-eskaintza aurkeztu du IMk

2018-2019 ikasturtean eutsi egin zitzaion jardueretako parte-hartze mailari, guztira, 47.840 ikasle hartuta

Mankomunitateko Ingurumen Heziketako Programak 2019-2020 ikasturterako bere heziketa-proposamena aurkeztu die Iruñerriko ikastetxeei. Programaren eskaintzan berrogeita hamar jardueratik gora daude, IMren zerbitzuekin lotutako lau gaietan (Ura, Garraioa, Hondakinak eta Ibai Parkea). 

Aurreko ikasturtean, 2018-2019 ikasturtean, 47.840 ikaslek parte hartu zuten proposatutako jardueretakoren batean. Hain zuzen ere, aurreko ikasturtean baino %0,85 gehiago izan ziren (47.433). ‘Hondakinen’ programa izan zen parte-hartze handiena izan zuena, ikasleen %41,7 hartuta (20.067), %25,3 (12.111) ‘Uraren’ programan aritu ziren, %22,0 (10.545) ‘Ibai Parkearen’ programan eta %10,7 (5.117) ‘Garraioaren’ programan.

Programak aldaketak eta bilakaera izaten jarraitzen du, ikastetxeen beharretara egokitzeko, metodologia berriak, heziketa-sekuentzia digitalak, baliabideak eta eskoletako proiektuak laguntzeko jarduerak abiarazita. Jada bazeuden baliabideak eta jarduerak berritzeaz gain, ikasturte honetarako berrikuntza batzuk prestatu dira. 

2019-2020 ikasturterako berrikuntza nagusiak

“Urari” eskainitako atalaren barnean, nabarmendu behar da ikasturte honetan erakusketa-esperientzia berria estreinatuko dela Arazuriko araztegian. Hain zuzen, batetik, hondakin-uren arazketak aurrez aurre dituen erronka berriak eta, bestetik, ibaien bidez itsasora iristen diren plastikoak eragiten ari diren kutsaduraren arazo gero eta handiagoa lantzeko bidea emango du erakusketa-esperientzia horrek. 

Artetako iturburuaren ingurunean, Uraren Ziklo Integralaren ezagutzan sakontzen jarraituko da. Alde batetik, Artetako gatzagetan gatzaren ustiapen tradizionala ikusi eta ikasi ahal izango da, eta bai kokaleku horrek ikuspegi geologikotik duen berezitasuna ere. Eta beste alde batetik, Egillorko edateko uren tratamendu-estazioan, iturburutik iristen den uraren indarrari esker energia elektrikoa nola sortzen den ikusteko aukera izango dute ikasleek.  

Gainera, Artetan, behar bereziak dituzten ikasleak dauzkaten ikastetxeetarako, ‘irakurketa errazeko’ bisitak egingo dira (edukiak egokituko dira, errazago ulertu ahal izateko), integrazio-proiektu baten barnean. Zehazki, Ollaranen dagoen Gure Sustraiak etxaldeko espezialistek gidatuko dituzte bisita horiek.

“Hondakinei” eskainitako programak “Ikastetxe iraunkorren” proiektua landuko du. Iruñerriko ikastetxeei zuzenduta, bertan, hainbat alderdi jorratuko dira, besteak beste, hondakinen kudeaketa, eskola-konpostajea, elikagaiak alferrik galtzea eta hamaiketakoko hondakinak murriztea. Halaber, ekoauditoretzak egingo dira ‘Ekoplana’ proiektuaren barnean. Hain zuzen, proiektu hori bideratuta dago ikastetxeei laguntzera ingurumenean duten inpaktua ulertu, ikertu eta murriztean, hondakin gutxiago sortzearen eta haien kudeaketa hobetzearen bidez.

Era berean, “Ekitaldi iraunkorrak” proposamena nabarmendu behar da, beren jarduerak hondakinen kudeaketa egokia eginda gauzatu nahi dituzten ikastetxeetarako antolatua. Edalontzi eta baxera berrerabilgarriak eta uraren taberna eskainiko zaizkie, orain arte Iruñerriko udalei eta taldeei eskaintzen zitzaizkien moduan. 

“Garraioaren” atalean, Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuan ezarritako aldaketek ukitzen dituzten ikastetxeek jardueren berariazko eskaintza izango dute, mugikortasun iraunkorrarekin lotutako edukiak jorratzeko. 

Azkenik, “Iruñerriko Ibai Parkeari” eskainitako atalaren barnean, sentsibilizazio-programak hondakinen bilketak antolatuko ditu berriro ibaien ibilguetan, LIBERA proiektuaren barnean. SEO/BirdLife erakundearen ekimena da, eta Ecoembesekin elkarlanean gauzatzen da.

Programetako bakoitzerako prestatu den eskaintza zehatz-mehatz ezagutzeko (Ura, Hondakinak, Garraioa eta Ibai Parkea), Mankomunitatearen heziketa-programaren webgunera jo daiteke: www.mancoeduca.com. Zalantzak argitzeko, kontsultak egin daitezke edo 948 203444 telefono-zenbakira deituta edo mezu elektronikoa idatzita atencion@mancoeduca.com helbidera.

Beste albiste batzuk

  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea