Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2021/09/24

Ezkaba Parkearen UPSa, amaierako fasean

Mantentzeko eta garbitzeko premiazko zereginen ardura izaten jarraitzen du IMk.

Atzo, osteguna, bilera egin zuten Iruñerriko Mankomunitateak eta Ezkaba mendiaren titulartasuna partekatzen duten udalek, inguru horretan eskualde-parkearen izapidetzeaz mintzatzen jarraitzeko.

Bileran, IMko lehendakari David Campiónek parte hartu zuen, eta tokiko erakundeei Defentsa Ministerioaren azken eskakizunen berri eman zitzaien, haren jabetzako espazioen erabilera arautzeko asmoetako batzuk mugatzen baitituzte eskakizun horiek, bereziki, mendiaren goialdeko inguruari dagokionean, gotorlekuari atxikita dagoenean. Tokiko erakundeak parkearen izapidetzearekin aurrera jarraitzearen eta aldi berean Defentsa Ministerioari espazio horien erabilera eskatzearen alde mintzatu ziren. Gogoan izan behar da une honetan erakundeek ordaintzen dituztela toki horien mantentzea eta garbiketa. 

2016an, Ezkaba mendiaren titulartasuna partekatzen duten udalek eta kontzejuek Mankomunitateari agindu zioten mendi hori antolatzeko plan bat egitea koordinatzeko zeregina. Helburua zen espazio hori babestea eta bertan egingo diren jarduerak koordinatzea, bere etorkizuna bermatzeko. Hartara, beste erakunde batzuekin batera, adibidez, SOS Ezkaba eta Anaitasuna, Defentsa Ministerioarekin eta inplikatutako beste agente batzuekin batera, etorkizuneko Ezkabako Eskualde Parkeko Jarraipen Batzordea eratzea erabaki zen. 2017an, azterlan teknikoa idatzi zen, eta 2020an, Nafarroako Gobernuari aurkeztu zitzaion.  

Egun, horrenbestez, Ezkabako Eskualde Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren (UPS) izapidetzea amaierako fasean dago. Helburua da urte honen epearen barnean onartzea, eta, beraz, behin Nafarroako Gobernuak oniritzia ematen duenean, bertan egin ahal izango diren jarduerak antolatzen eta koordinatzen hasi ahal izango da, babesa bermatzeko, zaintzeko eta, hartara, natura-ingurune hau gordetzeko.

Ezkaba beti izan da Iruñearen eta Iruñerriaren biriketako bat, eta bertan, gainera, herritarrek bistez gozatu ahal izan dute, kirola egiteko natura-ingurune batez eta bertan aurki daitezkeen bazter guztiez. Joan den urtean, esate baterako, alarma-egoeretatik eratorritako mugikortasun-murrizketak indarrean zeudenean, herritarrak ibiltzeko toki ezin hobe bihurtu zen, natura-ingurune honetaz gozatzeko aukera izanda. Erabilera horrek jarraitzen du egun, eta, beraz, denon lana da zaintzea.

Premiazko neurriak, mendia mantentzeko eta garbitzeko

Nabarmendu behar da urte hauetan, Udalez gaindiko Plan Sektoriala izapidetzea bultzatzen zen bitartean, Jarraipen Batzordeak premiazkotzat jotako zenbait proiekturi heldu zaiola. Hain zuzen, proiektu horiek Ezkaba mendian hainbat berrikuntza hartzeko bidea eman dute, besteak beste, mendiko eta mendiko bizikletako bidexken sarea, seinaleak, pistetara sartzea mugatzea, guneen mantentze-lanak eta ekintzak boluntarioekin. Aurreikusitako azken ekintzetako bat boluntariotza-jardunaldi bat antolatzea da, mendia garbitzeko. Zehazki, urriaren 17an izango da, igandea. Aurreko txandetan bezala, parte-hartzaileak herri desberdinetatik abiatuko dira Ezkabaren mendi-hegalean, mendia garbitzen ariko dira eta gailurrean amaituko dute. Han, hamaiketakoa egingo dute, une oro COVID-19a kutsatzeko prebentzio-neurriak beteta. Hurrengo egunetan emango da ekimen honen xehetasunen berri. 

Etorkizuneko parkeak 10 kilometro koadroko hedadura izango du, eta hauek eratuko dute: Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Ezkabarte, Uharte, Iruñea eta Atarrabia udalerriek, eta Aitzoain, Artika, Arre, Azotz, Berriogoiti, Zildotz, Orikain, Orrio eta Untzu kontzejuek. 

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da