Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2018/02/02

Eskualdeko Hiri Garraioan, 2017an, bidaia kopurua %4,11 handitu zen

Urtearen lehen zortzi hilabeteetan emendatzea %3,71koa izan zen, eta irail eta abendu artean, berriz, %4,87koa.

Eskualdeko Hiri Garraioak 36.989.480 bidaia erregistratu zituen joan den urtean, zerbitzu horren behin-behineko balantzearen arabera. Hartara, 2016ko datuak kontuan hartuta, %4,11ko hazkundea izan zuen. 2009. eta 2014. urteen artean erregistratu zen beheranzko joeraren ondotik, hazkundea izan den hirugarren urtea da, jarraian. Beste alde batetik, ur ekoizpena 30.087.916 metro kubokoa (954 l/s) izan zen, 2016an baino %0,49 txikiagoa.

Irail eta abendu artean bidaien hazkundea %4,87koa izan zen

Egiaztatzeko dauden behin-behineko datuen arabera, 2017an 36.989.480 bidaia egin ziren, eta horrek esan nahi du aurreko urtean baino 1.460.008 bidaia gehiago egin zirela (%4,11 gehiago). Horrenbestez, 2009. eta 2014. urteen artean erregistratutako beheranzko joeraren ondoren, hazkundea izan den hirugarren urtea da, jarraian. Nabarmendu behar da, joera orokor horren barnean, bidaien emendatzea irailaren 4an EHGaren sarean abiarazi ziren aldaketetatik aurrera areagotu egin dela: urtearen lehen zortzi hilabeteetan hazkundea %3,71koa izan zen, eta irail eta abendu artean, aldiz, %4,87koa izan zen.

Ehunekoetan, eguneko garraioko bidaien kopurua %4,11 handitu zen eta gaueko bidaien kopurua %4,32. 2017an, gehien erabili ziren lineak, berriro ere, 4. linea (Barañain – Atarrabia), 7.946.147 bidaiarekin, eta 7. linea (Atarrabia – Txantrea – Barañain), 3.444.816 bidaiarekin, izan ziren. Era berean, 4. linea izan zen, aurreko urtearekin alderatuta, bidaia kopuruan emendatze handiena izan zuen linea, 279.646 bidaia gehiago egin baitziren, %3,65 gehiago. Halaber, beste linea hauetan ere hazkunde handia erregistratu zen: 16. linea (Aitzoain – Noain – Beriain), 223.699 bidaia gehiago izanda, hau da, %8,18 gehiago; 18. linea (Zizur Nagusiko Urbanizazioa – Sarriguren), 100.883 bidaia gehiago izanda, %3,51 gehiago; eta 17. linea (Mutiloa – Artiberri), 93.135 bidaia gehiago izanda, %8,61 gehiago. Emendatze erlatibo handiena 25. linean (Merindadeen plaza – Mutiloenartea) izan zen, linea horretako bidaien kopurua %17,94 handitu baitzen. 

Gaueko lineen artean, beste urte batez, linea erabiliena N7 izan zen (Sarasate pasealekua – Sanduzelai – Txantrea), 194.387 bidaia izan baitzituen. Ehunetakoei dagokienez, hazkunde handiena N8 lineak (Labrit Aldapa – Mutiloa) izan zuen, bidaia kopurua %18,21 handitu baitzen bertan. Hiri Garraioko lineetan izan den jaitsiera bakarra gaueko N9 lineak (Sarasate pasealekua – Orkoien) izan du, bere bidaien kopurua %4,69 gutxitu baitzen.  

Gogora ekarri behar da 2015eko ekainaz geroztik Eskualdeko Hiri Garraioak 30 Eguneko Abonua duela. Abonu horrek, hain zuzen, prezio finko batean nahi adina bidaia egiteko aukera ematen du 30 egun naturaleko epean, nahi den egunetan eta nahi den orduetan. Aldi baterako abonu horiek hiru motatakoak dira: orokorra, 26 urtetik beherako erabiltzaileentzakoa (aurten 31 urte arte luzatu da adina) eta familia ugarientzakoa. 2017an, Hiri Garraioko 30 Eguneko 90.402 abonu kargatu ziren. Aurreko urtean 78.036 abonu izan ziren, eta, hortaz, %15,84 handitu da kopurua. 2017ko abonu guztietatik 37.615 abonu orokorrak izan ziren, 41.600 gazteentzako abonuak eta 11.187 familia ugarientzakoak.

Abonu horiek baliatuta, guztira, 5.906.202 bidaia egin ziren: 2.863.534 bidaia 30 Eguneko Abonu orokorraren kategorian, 2.349.317 bidaia gazteentzako 30 Eguneko Abonuaren kategorian eta 693.351 bidaia familia ugarientzako 30 Eguneko Abonuaren kategorian. Hartara, urtean zehar egin ziren bidaien %15,97 ordaindu ziren abonu horien bidez.

2017an, 15.076 txartel pertsonalizatu jaulki ziren abonuetarako. Haietatik, 2.565 30 Eguneko Abonu orokorrerako dira, 5.169 gazteentzako 30 Eguneko Abonurako eta 7.342 familia ugarientzako 30 Eguneko Abonurako. 

Amaitzeko, aipatu behar da 2017an 8.478 txartel jaulki zirela F gizarte tarifari dagokion profilarekin, hau da, gizartetik baztertuta gelditzeko arriskuan diren pertsonentzat. Profil horren kontura 3.289.456 bidaia egin ziren; bidaia guztien %8,89, zehazki. 

Edateko uraren ekoizpena %0,49 gutxitu da

2017an, ur ekoizpena 30.087.916 metro kubokoa izan da, 2016an baino %0,49 txikiagoa eta azken bost urteetako batez bestekoa baino %1,05 txikiagoa. Nabarmendu behar da apirilean eta maiatzean izan ziren prezipitazio eskasek hilabete baino gehiago aurreratu zutela agorraldia, udako baldintza tipikoen gainean. Dena den, tenperaturak hoztea aurreratu egin zen udan, eta horrek ekarri zuen kontsumoa gutxitzea eta hasierako hazkundea berdintzea. Udaberrian prezipitazio gutxi izan zen arren, urte osoko kontsumoa 2016koaren antzekoa izan da, batetik, erregistratu gabeko ur koefizientea baxua delako (%9,71) eta, bestetik, herritarrek gero eta kontsumo arduratsuagoa eta eraginkorragoa egiten dutelako. 

Kapitulu honetan, gainera, joan den azaroan Arreko ur-biltegia inauguratu zela nabarmendu behar da. Zehazki, oraingo honen kokaleku berean 2015eko ekaina arte egon zena ordeztu du. Ur-biltegi berri horrek 10.000 metro kuboko edukiera du eta Atarrabia, Burlata eta Ezkabarte (Arre, Orikain, Sorauren eta Azotz) udalerriak hornitzen ditu urez. 

Hondakin urei dagokienez, Arazuriko HUAn 33.068.337 metro kuboko emaria (1.050 l/s) araztu da, eta arazketaren errendimenduak onak edo askiesgarriak izan dira: esekitako solidoak, %97; karga organikoa, %95; nitrogeno totala, %78; eta fosforo totala, %87. 

Hondakin uretatik abiatuta, 5.115.530 m3 biogas lortu dira, 2016an baino %4,68 gutxiago. Alde horretatik nabarmendu behar da 2017an esperientzia pilotu bat gauzatu zela, biogas hori araztekoa, biometanoa lortu eta hiri garraioko flotako hiru autobusetan eta hondakinak biltzeko bi kamioitan erregai moduan erabiltzeko. Ibilgailuek, guztira, 11.042 m3 kontsumitu zituzten eta hiru autobusek 14.000 kilometro baino gehiago egin zituzten. 

Gainera, nekazaritzaren bidez, arazketako lohien 26.623 tona birziklatu dira, eta 7.300 tona konpost bihurtu dira, Araztegian jasotako hondakin berdeekin batera. 

Iruñerriko Ibai Parkea: berdegune berriak

Iruñerriko Ibai Parkeari dagokionez, 2017an, jolas eremuak handitu ziren, hiri altzariak dituzten berdeguneak sortuta, Barañainen (Eultzako Jaurerria) eta Arren (Ventorrillo). Zehazki, lehenbizikoan 26.700 m2 gehiago dira, eta bigarrengoan, 7.670 m2.

Era berean, Iruñeko Ibai Parkearekiko lotura ere egin zen Landabenen, lotune bat eraikita (85 metro hegalean eta 65 metro zorua jarri zaion bidea) Arga ibaiaren eskuineko ertzean. 2.500 metro koadroko berdegune bat ere hartzen du barnean. 

Beste albiste batzuk