Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2019/02/04

Eskualdeko Hiri Garraioak maximo historikoa erregistratu zuen 2018an bidaien kopuruan

39 milioi bidaia baino pixka bat gehiago izanda, krisi aurreko emaitzak gainditu ditu lehen aldiz hamar urtean

Eskualdeko Hiri Garraioak 39.007.864 bidaia erregistratu zituen joan den urtean, zerbitzu horren behin-behineko balantzearen arabera. Hain zuzen, orain arte erregistratu den maximo historikoa izan da, eta 2017ko datuak kontuan hartuta, %5,5ekoa izan da hazkundea. 2009. eta 2014. urteen artean erregistratu zen beheranzko joeraren ondotik, hazkundea izan den laugarren urtea da, jarraian. Horrenbestez, 2008ko emaitzak (38.518.647 bidaia) gainditu dira, krisi ekonomikoa hasi aurretik erregistratutakoak.

Beste alde batetik, ur ekoizpena 29.566.180 metro kubokoa izan zen, 2017an baino %1,73 txikiagoa.

%5,5eko hazkundea bidaia kopuruan 

Egiaztatzeko dauden behin-behineko datuen arabera, 2018an 39.007.864 bidaia egin ziren, eta horrek esan nahi du aurreko urtean baino 2.016.384 bidaia gehiago egin zirela (%5,5 gehiago). 2015. urteaz geroztik izan den hazkunde joeraren barnean, bidaien emendatzea nabarmendu egin da 2017. urtearen amaieraz geroztik; hartara, 2015. eta 2017. urteen artean %4,1 eta %4,3 arteko bidaia emendatzea izatetik 2018an %5,5ekoa izatera igaro da.

Ehunekoetan, eguneko garraioko bidaien kopurua %5,4 handitu zen eta gaueko bidaien kopurua %8,7. 2018an, gehien erabili ziren lineak, berriro ere, 4. linea (Barañain – Atarrabia), 8.297.701 bidaiarekin, eta 7. linea (Atarrabia – Txantrea – Barañain), 3.620.195 bidaiarekin, izan ziren. Era berean, 4. linea izan zen, aurreko urtearekin alderatuta, bidaia kopuruan emendatze handiena izan zuen linea, 351.557 bidaia gehiago egin baitziren, %4,4 gehiago. Halaber, beste linea hauetan ere hazkunde handia erregistratu zen: 16. linea (Aitzoain – Noain – Beriain), 253.521 bidaia gehiago izanda, hau da, %8,6 gehiago; 7. linea (Atarrabia – Txantrea – Barañain), 175.381 bidaia gehiago izanda, %5,1 gehiago; eta 21. linea (Zirkularra, ekialdea: Hirigunea – Antsoain), 158.896 bidaia gehiago izanda, %12,9 gehiago. Azken hori izan da, gainera, emendatze erlatibo handiena izan duena. 

Gaueko lineen artean, beste urte batez, linea erabiliena N7 izan zen (Sarasate pasealekua – Sanduzelai – Txantrea – Nafarroa Beherea), 209.691 bidaia izan baitzituen. Ehunetakoei dagokienez, hazkunde handiena N9 lineak (Sarasate pasealekua – Orkoien) izan zuen, bidaia kopurua %29 handitu baitzen bertan. 

Nabarmendu behar da hiri garraioko lineetan izan den jaitsiera bakarra 8. lineak (Nafarroako Blanca plaza – Buztintxuri) izan duela, bere bidaien kopurua %0,3 gutxitu baitzen. 

Beste alde batetik, ekaina eta azaroa bitartean, motor hibridoa duten hamabi autobus jarri zituen martxan Mankomunitateak Eskualdeko Hiri Garraioaren flotan. Haietatik zortzi artikulatuak dira, 18 metroko luzera dutenak, eta beste laurak, zurrunak, 12 metroko luzerakoak. Hamabi autobus horiek aintzat hartuta, flotan teknologia hibridoa duten 33 ibilgailu daude, hau da, ibilgailu guztien %23,1 dira halakoak.

EHGko 30 Eguneko 104.276 abonu

Jakina denez, 2015eko ekainaz geroztik Eskualdeko Hiri Garraioak 30 Eguneko Abonua du. Abonu horrek, hain zuzen, prezio finko batean nahi adina bidaia egiteko aukera ematen du 30 egun naturaleko epean, nahi den egunetan eta nahi den orduetan. Aldi baterako abonu horiek hiru motatakoak dira: orokorra, 31 urtetik beherako erabiltzaileentzakoa (2018a arte 26 urtetik beherakoentzat izan zen) eta familia ugarientzakoa. 2018an, Hiri Garraioko 30 Eguneko 104.276 abonu kargatu ziren. Aurreko urtean 90.402 abonu izan ziren, eta, hortaz, %15,4 handitu da kopurua. 2018ko abonu guztietatik 38.559 abonu orokorrak izan ziren, 52.342 gazteentzako abonuak eta 13.375 familia ugarientzakoak.

Abonu horiek baliatuta, guztira, 6.696.665 bidaia egin ziren: 2.944.143 bidaia 30 Eguneko Abonu orokorraren kategorian, 2.930.751 bidaia gazteentzako 30 Eguneko Abonuaren kategorian eta 821.771 bidaia familia ugarientzako 30 Eguneko Abonuaren kategorian. Hartara, urtean zehar egin ziren bidaien %17,2 ordaindu ziren abonu horien bidez.

2018an, 15.479 txartel pertsonalizatu jaulki ziren abonuetarako. Haietatik, 2.331 30 Eguneko Abonu orokorrerako dira, 6.275 gazteentzako 30 Eguneko Abonurako eta 6.873 familia ugarientzako 30 Eguneko Abonurako.

Amaitzeko, aipatu behar da 2018an 8.703 txartel jaulki zirela F gizarte tarifari dagokion profilarekin, hau da, gizartetik baztertuta gelditzeko arriskuan diren pertsonentzat. Profil horren kontura 3.818.376 bidaia egin ziren; bidaia guztien %9,8, zehazki.

Espetxerako taxi zerbitzua, eskaeraren araberakoa

Jakina denez, maiatzaren 28an, Iruñeko espetxerako taxi zerbitzua, eskaeraren araberakoa, jarri zen abian, proba pilotu moduan. Proba pilotu hori azaroaren 30ean bukatu zen, eta, emaitza ona izan zenez, esperientzia luzatu egin da. Guztira, urte amaiera bitartean, 883 zerbitzu egin ziren, eta zerbitzu horietan 1.666 pertsona garraiatu ziren. Horrenbestez, egindako zerbitzu bakoitzeko batez bestekoa 1,88 pertsonakoa izan zen.

Edateko uraren ekoizpena %1,73 gutxitu da

2018an, ur ekoizpena 29.566.180 metro kubokoa izan zen, 2017an baino %1,73 txikiagoa eta azken bost urteetako batez bestekoa baino %1,62 txikiagoa. 2018ko lehen seihilekoa oso euritsua izan zen, eta batez bestekoaren aldean %47 handiagoak izan ziren prezipitazioak izan ziren. Bigarren seihilekoa, aldiz, oso lehorra izan zen, eta prezipitazioak %24 murriztu ziren batez bestekoaren aldean. Ondorioz, udako kontsumoaren goititzea uztaila arte atzeratu zen, eta, irailean batez bestekoa baino handiagoa izan zenez kontsumoa, berdindu egin zen. 

Beste urte batez, erregistratu gabeko ur koefizientea baxua izan zen (%9,78), 2017koaren oso antzekoa (%9,71). Ur ihesak etengabe bilatu eta konpontzeko politika, batetik, eta ur ihesak detektatzeko teknologia berriak erabiltzen hastea, bestetik, dira datu on hori ahalbidetzen duten faktore nagusiak. 

Hondakin urei dagokienez, Arazuriko HUAn 41.961.652 metro kuboko emaria (1.330 l/s) araztu da, eta arazketaren errendimenduak onak edo askiesgarriak izan dira: esekitako solidoak, %95,8; karga organikoa (OEK, %93,7; OEB, %95,7); nitrogeno totala, %73,5; eta fosforo totala, %88,7.

Hondakin uretatik abiatuta, 5.351.173 m3 biogas lortu ziren, azken bost urteetako batez bestekoa baino %5,00 gehiago. HUAren errendimendu elektrikoa %99,9koa izan zen, azken bost urteetako %95,16ko batez bestekoa baino handiagoa eta araztegian inoiz lortu den handiena, gainera.

Horrez gain, 40.383 tona lohi sortu ziren (2017an baino %19,04 gehiago). Haietatik 32.293 tona nekazaritzaren bidez birziklatu ziren, eta gainerakoak, 8.090 tona, araztegian jasotako hondakin berdeekin batera konpost bihurtu ziren.

Iruñerriko Ibai Parkea: handitu egin da Uharten

Iruñerriko Ibai Parkeari dagokionez, 2018an parkea handitu egin zen, Uharten (Areatzeako meandroa). Zehazki, 45.000 metro koadro gehitu ziren, erripakoa den eta urez bete daitekeen gune batean, garai bateko hondakindegi bat lehengoratu eta gero. Bestalde, Arren, Ventorrillo esaten zaion aisia eremua indartu egin zen, hiri altzari berriak jarrita. 

Beste albiste batzuk

  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea