Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2018/06/03

Eduardo Alsasua, Aire Zabaleko XXI. Pintura Lehiaketako irabazlea

Lehiaketako margolan irabazleen eta hautatuen erakusketa ekainaren 5a eta uztailaren 5a artean egingo da, Atarrabiako San Andres Errotan

Eduardo Alsasua García 36 urteko gasteiztarra izan da Aire Zabaleko XXI. Pintura Lehiaketako irabazlea. Iruñerriko Mankomunitateak antolatutako lehiaketa gaur egin da, Atarrabiako San Andres Errotaren inguruan, eta 206 lagunek parte hartu dute. Epaimahaikideek 2.000 euroko lehen saria eman diote oihal gainean ur-esmaltearekin egindako lan batengatik. Horrez gain, epaimahaiak erabaki du Irene Cabañas Marcosi eta María Azcona Retari ematea accesitak  –bakoitzak 1.000 euro eskuratu ditu–. Cabañas 34 urtekoa da eta Azcona 26koa, eta biak ala biak Iruñekoak. Azconak, gainera, beste accesit bat eskuratu zuen joan den urteko edizioan. 

Lehiaketan parte hartu duten artistak 10:00etan hasi dira lanean eta 16:00etan bukatu behar izan dute, orduan hasi baitira epaimahaikideak erabakia hartzen. Une horretan ekaitza izan da, eta San Andres Errotaren barnean egin behar izan dute. Aurtengo epaimahaikideak hauek izan dira: Aritz Ayesa, Iruñeko Mankomunitateko lehendakaria, Fermín Tarragona, Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea, Javier Manzanos, aditua arte plastikoetan, Blanca Razquin, artista gonbidatua, eta Leticia Gaspar, aurreko urteko ekitaldiko irabazlea. 

Hauek izan dira orain arteko ekitaldietako irabazleak: José Miguel Corral (1998), Patxi Idoate (1999), José Zubiaurre (2000), Carlos Puig (2001), Eduardo Izcue (2002), Cristina Caballero, María Ángeles Arranz, Mª Antonia Auzmendi eta Maite Barragán (2003), Ricardo Armendáriz (2004), Jesús Rivero (2005), Manuel Bermejo (2006), David Bermúdez (2007), Juan José Lazcano (2008), Juan José Altuna (2009), José Miguel Arranz (2010), David Anocíbar (2011), Fermín Lizarraga (2012), Jesús Arguiñáriz (2013), María Goñi (2014), Ricardo Armendáriz (2015), Uxua Vides (2016) eta Leticia Gaspar (2017).

Eduardo Alsasua Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, margolari profesionala da eta hau izan da Mankomunitateak antolatzen duen Aire Zabaleko Pintura Lehiaketan parte hartu duen bigarren aldia. Saritu duten margolanean, gaueko paisaia bat ageri da, landareekin, zuri-beltzean. Enbor bat dago eszenaren erdialdean, eta azalaren marra bihurgunetsuek misteriozko begitarteen presentzia iradokitzen dute. Eduardok zenbait lehiaketa irabazi ditu, eta haien artean Antonio López sari nazionala, 2003an, eta “Figurativas 2013” lehiaketan ohorezko aipamena nabarmendu behar dira. 

Hiru margolan saridunak eta epaimahaikideek hautatu dituzten beste 30 Atarrabiako San Andres Errotan bertan egongo dira erakusgai ekainaren 5a eta uztailaren 5a bitartean.

Beste albiste batzuk

  • Zuhaitza 2.530 botila berrerabilgarrik eratuta dago eta zortzigarren urtez jarraian kokatu da Baluarteko plazan
  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua