Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2019/09/23

“Calculo, reduzco y compenso” zigilua jaso du Mankomunitateak, karbono-aztarnaren gainean egiten duen kudeaketarengatik

2014 eta 2018 artean, CO2 gasen isurpenak %20,7 murriztea lortu du Mankomunitateak

Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoaren bidez (OECC), “Calculo, reduzco, compenso” zigilua (Kalkulatzen dut, murrizten dut, berdintzen dut) eman die Iruñerriko Mankomunitateari eta Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. bere kudeaketa-sozietateari, erakunde erkidetuak karbono-aztarnaren gainean egiten duen kudeaketarengatik.  

Zigilu hau helburu bikoitz batekin jaio zen. Alde batetik, erakundeei errazten die ‘Karbono-aztarnaren erregistroa, konpentsazioa eta karbono dioxidoa xurgatzeko proiektuak’ izenekoan parte hartzen dutela erakustea; eta bestetik, klima-aldaketaren aurkako borrokan erakunde horiek egindako ahalegin-maila islatzeko bidea ematen du. 

Zigiluak ahalbidetzen du erraz bereiztea karbono-aztarna kalkulatzen duten eta beren isurpenak murrizteko bidean diren erakundeak, jada murrizten dituztenak eta, azkenik, konpentsatu edo berdintzen dituztenak. Zigiluak, era berean, adierazten du parte-hartze maila hori dagokion urtea. 

Nabarmendu behar da IM-SCPSA zigilu ‘osoa’ lortu duen Espainiako lehen toki-erakunde erkidetua dela eta soil-soilik udal batek lortu duela, Valladolidekoak. Udal horrek, hain zuzen, 2017az geroztik du. Guztira, zigilu ‘osoa’ duten 20 erakunde, fundazio edo enpresa daude Estatuan. 

“Konpentsazioaren” azken maila hori lortzea 250 tCO2baliok. baliokideri dagozkion absortzioak edo xurgapenak eskuratzean iritsi da. Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoak zertifikatutako bi proiekturi dagozkion absortzioak dira: alde batetik, Ejulven (Guadalajara) eta Alcorochesen (Teruel) egindako basoberritzeetan; eta bestetik, aldi berean, IM-SCPSAk beste 100 tCO2baliok. eskuratu ditu Gold Standard gobernuz kanpoko erakundeak (Nazio Batuen Erakundeak aitortua) sustatuko jarduketa batean. Zehazki, Ruandan ur osasungarria eskuratzeko proiektu bati dagokio jarduketa hori.

Karbonoari dagokionez, erakunde neutroa 2030erako

Berotegi Efektuko Gasen Isurpenak murrizteko Mankomunitateak hartua duen konpromisoa berresten du zigilu honek. Gogora ekarri behar da karbono-aztarnak ahalbidetzen duela jarduera jakin baten ondorioz atmosferara aireratzen diren berotegi-efektuko gasen isurpenak kuantifikatzea. Jarduera hori produktu bat egiteko beharrezkoa izan daiteke, zerbitzu bat emateko edo erakunde batek funtzionatzeko. Horrenbestez, jarduera horrek berotze globalean eragiten duen inpaktua ezagutzeko bidea ematen du kuantifikazioak, eta, hartara, berotegi-efektuko gasen isurpenak murrizteari ekiteko funtsezko lehen pauso bihurtzen du karbono-aztarna. 

Erregistro Nazionala Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoak kudeatzen du eta 2014an sortu zen. Herrialdeko 1.000 erakunde eta enpresaren baino gehiagoren informazioa jasotzen du. 2013, 2014, 2015 eta 2016ko ekitaldiei dagozkien datuak boluntarioki inskribatu ditu Mankomunitateak, nahiz eta 2013koak partzialak izan ziren (1. eta 2. norainokoak, dauden hiruretatik*). Gainera, gogorarazi behar da Mankomunitatea izan zela Erregistro Nazionalean inskripzioa egin zuen udalez gaindiko lehen toki-erakundea. Horrek guztiak agerian jartzen du IMk klima-aldaketaren aurkako borrokan erakunde aktiboa izateko duen interesa eta borondatea. Mankomunitatearen karbono-aztarnaren ebaluazio hauek erakunde independente batek jaulkitzen duen egiazkotasun-zertifikatua dute.  

IM-SCPSAren isurpenen azken kalkuluen arabera, 2014an 60.275,3 tCO2baliok. izatetik 2018an 47.819,3 tCO2baliok. izatera igaro da, eta, hortaz, %20,7 gutxitu dira isurpenak. Beraz, 2030erako Mankomunitatea karbonoari dagokionez neutroa izateko bidean, 2017-2030 aldirako IM-SCPSAren plan estrategikoan jasota dagoenean, lehen aurrerapauso bat da.

2014az geroztik izan den murrizte hori, nagusiki, hauei esker lortu da: zabortegiko isurpenak gutxitu dira, EHGaren flotan autobus hibridoak sartu dira eta jatorri berriztagarrikoa izatearen zertifikatua duen energia elektrikoa erosi da. 

Klimaren gaineko goi-bilera

Klima-aldaketa gure garaiko erronka handiena da, eta orain une erabakigarrian gaude zerbait egiteko horri dagokionez. Klima-aldaketari aurre egiteko garaiz gaude oraindik, baina gizarteko esparru guztiek aurrekaririk gabeko ahalegina egitea eskatuko du horrek. 

Gaur, irailak 23, Klimaren gaineko goi-bilera egiten ari dira New Yorken. Zehazki, deia egin zaie lider guztiei plan zehatzak eta errealistak aurkezteko, 2020rako maila nazionalean beren ekarpen zehatzak hobetzeko, hurrengo hamar urteetan berotegi-efektuko gasen isurpenak %45 gutxitzeko eta 2050erako erabat ezabatzeko ildoari jarraituta.

*1. norainokoa: Berotegi-efektuko gasen isurpen zuzenak.
2. norainokoa: Berotegi-efektuko gasen zeharkako isurpenak, erakundeak eskuratutako eta kontsumitutako elektrizitatearen sorrerari lotutakoak. 
3. norainokoa: Zeharkako beste isurpen batzuk.

Beste albiste batzuk

  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea