Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2022/07/16

2022ko sanferminetan beiraren bilketa bereizia %20,48 emendatu da 2019koarekin alderatuta

Hiri Garraioan 1.620.514 bidaia erregistratu dira, aurreko sanferminetan baino %10,89 gutxiago

2022ko sanferminetan, jaien ingurunean 1.273.300 kg hondakin bildu dira, 2019ko jaiekin alderatuta (1.188.010 kg), %7,18 gehiago. Kantitate oso horretatik, 360.200 kg zaborrak edukiontzietan biltzeari dagozkio (2019an baino %5,11 gutxiago), 621.860 kg, beira-bilketari (2019an baino %20,48 gehiago) eta 291.240 kg, bideetako garbiketa-lanei, Iruñeko Udalaren garbiketa-zerbitzuak egindakoei (aurreko sanferminetan baino %0,36 gutxiago). 
 
San Fermin jai hauetan, jaien inguruneko hondakinen bilketa gaikako bilketako edukiontzien bidez egin da bosgarren urtez, frakzio desberdinak (beira, gai organikoak, gainerakoak, papera-kartoia eta ontziak) bereiz botatzeko aukera izateko. Hartara, gaikako bilketa horrek, barnean hartuta beirarenak, ahalbidetu du %71,89 berreskuratzea.
 
Bildutako beira guztitik (621.860 kg), 171.980 kg jaien inguruneko taberna eta jatetxeetako bilketari dagozkio (2019an baino %4,87 gutxiago), 441.300 kg, ‘iglu’ formako edukiontzietan bildutako beirari (2019an baino %34,65 gehiago) eta 8.580 kg, zezen-plazan egindako beira-bilketari (aurreko sanferminetan baino %5,40 gehiago). 
 
Sanfermin hauetan, “JuegoRejuego” izeneko gunea egokitu da haurrentzat Taconera parkean. Zehazki, gunearen ardatz nagusia materialak eta hondakinak berrerabiltzea izan da. Gune hori Iruñeko Udalak antolatu du, Mankomunitatearen laguntza izan du eta 60.000 bisitari inguru hartu ditu.
 
Gaur, larunbata, uztailak 16, Mankomunitatea bilketa pneumatikoko buzoiak berriro kokatzen hasi da Iruñeko Alde Zaharrean. Hartara, buzoi guztiak jartzen asteartean amaituko du, hilak 19, eta egun horretan bertan egongo da erabat martxan bilketa pneumatikoa.

%10,89 gutxitu da EHGko bidaien kopurua

Behin betiko datu guztiak eduki gabe, Eskualdeko Hiri Garraioak 1.620.514 bidaia erregistratu ditu sanferminetako bederatzi egunetan, eta, beraz, 2019ko kopuruarekin alderatuta, %10,89 gutxiago izan dira, orduan, azkenean, 1.802.167 bidaia izan baitziren.  
 
Dena den, kontuan hartu behar da EHGaren emaitzetan eragin handia izaten duela sanferminen barnean asteburu bat edo bi egoteak. Hala, 2022ko datuak 2016koekin alderatzen badira –urte horretako sanferminek konfigurazio berbera izan zuten asteko egunei dagokienez–, jaitsiera %3,48koa izan da.
 
Bidaia-kopuru handiena erregistratu zen eguna hilaren 6a izan zen, asteazkena, 216.358 bidaiarekin, 2019ko egun berean baino %15,27 gutxiago (255.361) eta 2016ko uztailaren 6an baino %3,57 gutxiago (224.366). Haren ondotik etorri ziren hilaren 8a, ostirala, 210.258 bidaiarekin, eta hilaren 7a, osteguna, 205.258 bidaiarekin.
 
Beste behin ere, uztailaren 6a eta 14a artean 24 orduko zerbitzua egon da Eskualdeko Hiri Garraioan, urtero sanferminetarako ezartzen den zerbitzu bereziaren barnean. Horretarako, aurreko urteetan bezala, Mankomunitateak zerbitzu jarraitua ezarri du eta, horrenbestez, ohiko ibilgailu-kopurua baino handiagoa ibili da martxan: 120 autobus aritu dira zerbitzua ematen (hilaren 6an, goizean, 155 izan ziren). TCC enpresak 455 pertsona izan ditu lanean ibilgailuak gidatzen sanferminetan, eta haiei gehitu behar zaizkie tailerretako eta TCCren bulegoetako langileak. Uztaileko bederatzi egun horietan linea guztiek egindako kilometroak, guztira, 270.000 izan dira.
 
Beste alde batetik, nabarmendu behar da Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzua gorabehera aipagarririk gabe eman dela eta egunean 15.000 maskara inguru banatu direla, hiri-garraioan musukoak erabiltzea derrigorrezkoa baita.
 
Taxiaren zerbitzua dela-eta, taxi-gidari bati eraso zioten, bezero batzuk zeramatzanean larunbatetik iganderako gauean. Ondoren, gertakaria Foruzaingoan salatu zen.

Ur-kontsumoa jaitsi egin da Alde Zaharrean

Ur-kontsumoari dagokionez, uztailaren 6a eta 14a artean Iruñerrian erregistratutako batez besteko emaria 1.280,2 litro segundokoa izan da, 2019arekin alderatuta, %7,11 handiagoa. Iruñeko Alde Zaharrean, ordea, batez besteko emaria 51,5 litrokoa izan da segundoko, 2019an baino %9,80 gutxiago. 
 
Alde Zaharreko emari handienak asteburuarekin batera gertatu ziren, eta kontsumo handiena hilaren 9an izan zen, larunbata (58,7 l/s). Gero, balioak apurka-apurka jaisten joan ziren hilaren 14a arte.
 
Aurreko urteetan bezala, uztailaren 6an, 09:00etan, une bateko emari handiena erregistratu zen, herritarrak txupinazora joateko prestatzen ari zirenean. 
 

Beste albiste batzuk

  • IMk 5 milioi euro jasoko ditu NEXT GENERATION funtsetatik, inbertsio hau laguntzeko
  • 400 metroko luzerako hodi berri batek Munarrizko ur-biltegia Goñikoarekin konektatu du
  • Proiektuak hornikuntzarako, ur beltzetarako eta euri-uretarako sareak berritzea hartu du barne