Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2016/07/15

2016ko sanferminetan %6,64 handitu da bildutako hondakinen kantitatea

Hiri Garraioko zerbitzuan 1.677.000 bidaia erregistratu dira gutxi gorabehera, hau da, aurreko urtean baino %1,35 gutxiago

Behin betiko datu zehatzak ixtea falta dela, Eskualdeko Hiri Garraioak 1.677.000 bidaia erregistratu ditu gutxi gorabehera sanferminek iraun duten bederatzi egunetan, hau da, 2015eko behin betiko kopuruarekin alderatuta (azkenean 1.700.869 bidaia izan ziren), %1,35 gutxiago. Bidaia gehien erregistratu zen eguna uztailaren 6a izan zen, asteazkena, 224.366 izan baitziren, eta haren ondotik uztailaren 8a, ostirala (210.315 bidaia), eta 7a joan ziren, osteguna (209.660 bidaia).

Uztailaren 6a eta 14a artean Eskualdeko Hiri Garraioko zerbitzuak 24 orduko zerbitzua eman du, urtero San Fermin jaietarako ezartzen den antolamendu bereziaren barnean. Aurreko urteetan bezala, horretarako Mankomunitateak zerbitzu etengabea ezarri du eta bertan ohiko ibilgailu kopurua baino handiagoa aritu da lanean: zehazki, 114 autobus aritu dira zerbitzua ematen (uztailaren 6an, goizean, 147 izan ziren) eta haietako 54 eguneko ordu guztietan aritu dira. TCC enpresak 435 gidari izan ditu zerbitzua ematen, gehi plantillako gainerako langileak, eta, horrenbestez, guztira 490 lagun aritu dira lanean. Uztaileko bederatzi egun hauetan linea guztiek egin dituzten kilometroen kopurua 262.000 izan da.

%6,64 handitu da bildutako hondakinen kantitatea

2016ko sanfermin hauetan, jaien ingurunean, 1.051.612 kilogramo hondakin bildu ditu Iruñerriko Mankomunitateak; hain zuzen ere, aurreko urtean baino %6,64 gehiago, orduan 986.100 kilogramo izan baitziren. Kantitate horretatik, 242.692 kg zabor bilketari dagozkio (2015ean baino %3,96 gehiago), 394.820 kg garbiketa lanari (joan den urtean baino %9,02 gehiago) eta 414.100 kg beira bilketari (aurreko urtean baino %6,04 gehiago). 

Kopuru horiek uztailaren 6a eta 14a bitartean bildutako kantitateak hartzen dituzte, eta, hortaz, uztailaren 15eko kantitatea zenbatzea gelditzen da. Aurten erregistratu den hazkunde horrek joera aldaketa erakusten du 2011z geroztik erregistratu diren beheranzko kantitateekiko (2014an erregistratu zen %1,65eko emendatze arina izan ezik).

Aurtengo sanfermin hauetan, jaien ingurunean, lehenbiziko aldiz gaikako bilketarako edukiontzien bidez jaso dira hondakinak eta, beraz, frakzio desberdinak (gai organikoak, errefusa, papera-kartoia eta ontziak) bereiz bota ahal izan dira. Joan den urtea arte edukiontzietan biltzen ziren hondakinak zabortegira bideratzen ziren; 2016ko gaikako bilketak, ordea, 31.572 kilogramo berreskuratzeko aukera eman du, hondakin guztien %13.

Beiraren kasuan, emendatzea %6,04koa izan da, 414.100 kilogramo berreskuratu baitira. Kantitate horretatik, 145.120 kg jaien inguruneko taberna eta jatetxeetan bildutakoak izan dira (aurreko urtean baino %5,85 gehiago), 259.140 kg ‘iglu’ edukiontzietan bildutakoak izan dira, Alde Zaharreko kaleetan zeudenetan (2015ean baino %6,29 gehiago) eta 9.840 kg zezen-plazan egindako beira bilketakoak (joan den urtean baino %2,50 gehiago). Nabarmendu behar da, laugarren urtez jarraian, Iruñerriko Mankomunitateak eta Ecovidriok, Erruki Etxearekin lankidetzan, beira bilketa egin dutela zezen-plazan zezenketen ondotik eta horrek bidea eman duela egun bakoitzeko 1.000 kilogramo baino gehiago berreskuratzeko.

Adierazi behar da jai hauetan bildutako zabor kantitateen %68 inguru birziklatu egin direla, batez ere frakzio guztiak bereiz bota eta biltzeko aukera eman delako eta bildutako beira kantitatea handitu delako.

Bihar, larunbata, hilak 16, Mankomunitatea bilketa pneumatikoko buzoiak kokatzen hasiko da Iruñeko Alde Zaharrean. Hartara, buzoi guztiak instalatuta egongo dira asteartean, uztailak 19.

Ur kontsumoa murriztu da 

Ur kontsumoari dagokionez, adierazi behar da uztailaren 6a eta 14a artean Iruñean erregistratu den batez besteko emaria segundoko 598,1 litrokoa izan dela, hau da, 2015ean erregistratutakoa baino %4,26 txikiagoa. Litekeena da baldintza klimatologikoek eragin izana neurri handi batean adierazle horretan. Jaien ingurunean (Alde Zaharra, Media Luna eta Ziudadela), batez besteko emaria 110,7 litrokoa izan da segundoko, aurreko urtean baino %2,84 txikiagoa. Jaien ingurune horretan, emaria handitzen joan zen lehenbiziko egunetan eta kontsumo handiena hilaren 9an erregistratu zen, larunbata (123,1 l/s); egun horretatik aurrera, ordea, kontsumoa gutxitzen joan zen progresiboki atzo arte, osteguna, hilak 14 (97,8 l/s). Aurreko urteetan bezala, uztailaren 6an, 08:00etan, une bateko emari handiena erregistratu zen, herritarrak txupinazora joateko prestatzen ari zirenean.

Beste albiste batzuk

  • N1, N2 eta N7 lineek emango dute zerbitzua, gaueko zerbitzuko egungo eskaeraren %70 hartzen baitute hiruren artean
  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...