Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2013/01/22

2012an %3,52 hondakin gutxiago bildu ziren Iruñerrian

Iruñerriko Mankomunitateak hondakin gutxiago bildu zuen 2012an. Ur ekoizpena eta eskualdeko hiri garraioko bidaia guztien kopurua ere murriztu ziren.

Iruñerriko Mankomunitateak 136.805 tona hondakin bildu zituen 2012an, hau da, aurreko urtean baino %3,52 gutxiago, orduan 141.801 tona bildu baitzituen. Datu horrek berresten du 2008az geroztik adierazle horrek izan duen beheranzko joera. Beste alde batetik, eskualdeko hiri garraioan bidaia kopuruak %4,70 egin zuen behera, 2011. urtearekin alderatuta, zerbitzu horren behin-behineko balantzearen arabera. Eta azkenik, 2012an ur ekoizpena 31.932.101 metro kubokoa izan zen, 2011. urtearekin alderatuta, 1.779.955 metro kubo gutxiago, hau da, %5,28 gutxiago. Gainera, azken bost urteetako erregistro txikiena izan da. Gutxitze horren arrazoien artean hauek egon litezke: meteorologia –izan ere, uda ez zen lehorra eta bereziki beroa izan, eta, beraz, ureztatzeko ur gutxiago erabiltzea ekarri zuen, batez ere, ureztatze publikoan, nabarmen gutxitu baitzen udako hilabeteetan–, krisi ekonomikoa, eraginkortasuna hobetzea bai etxebizitzetan eta bai industrian ere, eta jokaera iraunkorrak sendotzen joatea. 

Paper eta kartoi berreskuratzeak behera egiten jarraitzen du

Bildutako kopuruak behera egiteak berresten du 2008an hasi zen beheranzko joera. Bildutako hondakinen kasuan, beheratze handiena paperaren eta kartoiaren kasuan gertatu zen, 2011. urtearekin alderatuta, %11,80 gutxitu baitzen, eta bai tamaina handikoen kasuan ere, %8,54 murriztu baitzen. Neurri txikiagoan murriztu ziren egur bilketa –%7,63 gutxitu zen– eta bai gai organikoena eta gainerakoena ere –%3,05 gutxitu zen–. Orokorrean, beste urte batez murriztu egin zen biztanle bakoitzak sortzen duen hondakin kantitatea, 2012an 382,44 kg izan baitziren urteko, 2011n baino %5,7 gutxiago.

Hondakinak birziklatzeari dagokionez, 2012an 37.319,71 tona berreskuratu ziren; hau da, aurreko urtea aintzat hartuta, %4,57 gutxiago. Zehazki, paperaren eta kartoiaren kasuan, %11,72 gutxitu zen, 2011n baino 1.951,67 tona gutxiago, edo papera eta kartoia ez zirelako edukiontzi egokian bota, edo, neurri handi batean, Mankomunitateak bildu baino lehen edukiontzi egokitik atera zituztelako. Tamaina handikoen kasuan ere, berreskuratutakoen kantitateak ere nabarmen egin zuen behera: 1.892,97 tona berreskuratu ziren, aurreko urtean baino %9,62 gutxiago.

Beste material batzuen kasuan, ordea, birziklatzea handitu egin zen. Alde batetik, 718,13 tona tetrabrik berreskuratu ziren, 2011. urtean baino %3,57% gehiago. Ziur asko, tratamendu zentroan material hori bereizteko eraginkortasuna hobetu delako izango da. Beste alde batetik, 8.647,49 tona beira berreskuratu ziren, %2,55 gehiago. Kasu honetan, material horren bilketak ere gora egin zuen, eta, ziur asko, horregatik egingo zuen berreskuratzeak gora. 

Edonola ere, nabarmendu behar da, sortutako hondakinen kantitatea eta azkenean berreskuratutako kantitateak lotzean –eta nahiz eta azken horiek murriztu egin diren–, ikusten dela berreskuratzearen errendimendu erreala %27,3koa izan zela 2012an, 2011koaren oso antzekoa (orduan %27,6koa izan zen).

Eskualdeko hiri garraioko bidaien kopurua %4,70 murriztu zen

Eskualdeko hiri garraioari dagokionez, eta egiaztatzeko zain dauden behin-behineko datuen arabera, 2012an 34.737.626 bidaia egin ziren; aurreko urtea aintzat hartuta, 1.714.713 gutxiago (%4,70 gutxiago). 2011n, aurreko urtearekin alderatuta, %0,39 baino ez zen gutxitu kopurua.

2012an, gehien erabili ziren lineak, berriz ere, hauek izan ziren: 4. linea (Barañain - Atarrabia), 7.797.204 bidaiarirekin, eta 7. linea (Atarrabia – Txantrea - Barañain), 3.274.105 bidaiarirekin. Hala ere, esan behar da bi linea horietan gutxitu egin zela bidaia kopurua, 2011. urtearekin alderatuta: L4 izenekoan 490.730 bidaia gutxiago egin ziren, %5,92 gutxiago; eta L7 izenekoan, 190.401 bidaia gutxiago, %5,50 gutxiago.

2011. urtearekin konparatuta, bidaia kopurua gehien handitu zen 17. linean (Mutiloa - Artiberri), 37.313 bidaia gehiago egin baitzituzten, hau da, %3,82 gehiago. Eta bidaia kopurua gehien murriztu zen 22. linean (Yanguas y Miranda – Berriogoiti), %19,52 gutxitu baitzen (27.008 bidaia gutxiago). 

Gaueko lineen artean, gehien erabili zena N7 izenekoa izan zen (Sarasate pasealekua - Sanduzelai - Txantrea – Nafarroako Gorteen kalea), 201.505 bidaia egin baitziren.

Ehunekoetan, eguneko garraioko bidaien kopurua %4,65 murriztu zen, eta gauekoa, %7,23.

Beste albiste batzuk