Hegan egiteko gai diren ugaztun bakarrak dira saguzarrak, euren eskuak hegal bihurtu baitira. Gaueko ohiturak izateak eta iluntasunean norabidea aurkitzeko duten ahalmenak ekarri du tradizioz beldurra eragiten duten animaliak izatea.
Nolanahi ere, salbuespen arraroetan izan ezik, ez diote kalterik egiten gizakiari eta oso erabilgarri eta lagungarriak dira izurriteei aurre egiteko. Espezieen %70 inguru intsektujaleak dira, eta gainerakoetan gehienak, fruitujaleak edo nektarjaleak. Batzuek bakarrik jaten dituzte ornodun txikiak, hala nola igelak, karraskariak, hegaztiak, arrainak, beste saguzar batzuk edo, banpiroen kasuan bezala, odola. Nafarroan 27 espezie zenbatu dira.
Ugaztun interesgarri hauei buruz gehiago jakin eta beren habitat naturalean ikusi nahi badituzu, heldu den irailaren 13an, ostirala, San Andres Errotan elkartuko gara, 20:00etan.
Jardueraren programa
20:00etan, saguzarrak ezagutzen hastea aditu baten laguntzarekin: sailkapena, morfologia, norabidea aurkitzeko sistemak, habitatak, estatusa
21:00etan, mokadu bat jatea, Errotako tabernak eskainita.
21:30ean, saguzarrak behatzeko ibilbidea egitea, Ibai Parkean.