
Zaldain bat kokatu da Arga ibaiaren gainean Iberoko udal-barrutian, Iruñerriko ibai-parkea handitzeko
Gaur, asteazkena, Arga ibaiaren gainean zaldain bat kokatu da Ororbia eta Ibero artean, Jaizbidea esaten zaion alderdian, Iruñerriko Ibai Parkea Arazuri eta Ibero herrien artean handitzeko obren barnean.
Zaldain berri hori Ororbiako zubitik 1.400 metrotara dago eta Iberoko zubitik 850 metrotara. 38,74 metroko luzera du, eta zabalera aldagarria 3 metrokoa da muturretan eta 2,2koa erdian. Pinua erabili da egitura egiteko, eta oholtza egiteko, berriz, pagoa, Nafarroako jatorri zertifikatukoa.
Zaldain hau, hain zuzen, Iruñerriko Arga Behereko zatian ibai-pasealekua handitzeko proiektuaren II. fasean dago. Zati horrek 5.200 metroko luzera izango du, eta Arazuri eta Ibero herriak lotuko ditu, Oltza udalerrian. Zati horretan, hain zuzen, bi zaldain egongo dira Arga ibaiaren gainean, bata Ororbian eta bestea Iberon.
Nabarmendu behar da obren proiektuan, Iberoko udal-barrutian, Isterriako Erdi Aroko zubiko zubi-branketako bat zaharberritu dela. Gainera, Hiru Gurutzeen Gainean (Ibero) kokatuta dagoen monumentura heltzeko 425 metroko bidexka bat egokitu da zaldain berritik.
Oltza udalerrian ibai-pasealekua handitzeko II. fase honen kostua 1.263.550 euro da. Lanak azken txanpan daude, eta, hortaz, espero da 2021ean inauguratu ahal izatea ibilbide berria. Zehazki, ibilbide horrek Iberotik Sorauren edo Irotzeraino konektatzeko aukera emango du, eta, Iruñeko zatia barne hartuta, 50 kilometrotik gora izango ditu guztira.
Beste albiste batzuk
- Lehiaketa ekainaren 5ean egingo da, igandea, San Andres Errotaren inguruetan
- Joan den urteko urrian aurkeztu zen Iruñerriko Ibai Parkearen barnean dagoen ibilbide hau egokitu izana
- Lehiaketak 23. edizioa izango du aurten, eta San Andres Errotan egingo da, Atarrabian