Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2015/08/06

Segurtasunez, 16 zuhaitz moztuko dira Burlatako Intxaurdian

Egin berri den azterlan batean, inguru horretan dauden makalen egoera ebaluatu eta haien egoera fitosanitarioa aztertu da

Bihartik aurrera, ostirala, Iruñerriko Mankomunitateak segurtasun mozketa bat egingo du Burlatako Intxaurdian. 2012az geroztik, urtero egiten diren segurtasun mozketen barnean dago, eta Basartea enpresak egindako txosten tekniko baten jarraibideen arabera egingo da, enpresa hori Iruñerriko Ibai Parkeko zuhaitzen egonkortasuna diagnostikatzen aritu baita. 

Burlatako Intxaurdian gertatuko gorabehera batzuen ondotik –izan ere, eta besteak beste, joan den maiatzean makal bat hautsi zen–, azterlan zehatzagoa egin da inguru horretan dauden makalen gainean, ale horien egoera fitosanitarioaren berri izateko. Hartara, moztea gomendatzen den 16 zuhaitz identifikatu dira txosten horretan. Gero, Burlatako Udaleko Lanetako eta Lorezaintzako arduradunek inguru horretara egindako bisitaren ondotik, mozketa horiek bi fasetan egitea aurreikusi da. 

Lehenbiziko fasea bihar, ostirala, hasiko da eta hurrengo astean izango du jarraipena. Makurdura handiena duten bederatzi zuhaitzak moztuko dira, eta, gainera, pasealekutik eta herritar gehien hartzen dituzten tokietatik hurbilen daudenak dira. Bigarren fasea, berriz, 2015a amaitu baino lehen egingo da, eta orduan beste zazpi zuhaitzak moztuko dira.

Hondakin berde finak birrindu egingo dira eta “mulching” edo lur-estalki moduan berrerabiliko Ibai Parkean. Lur-estalki hori babesteko estalki bat da, lurrean jartzen dena. Enbor batzuk, berriz, altzari eta organismo ugarirentzako habitat natural gisa erabiliko dira: onddoak, intsektuak, txoriak… hartzeko, bioaniztasunerako elementu giltzarriak baitira.

Amaitzeko, nabarmendu behar da kendutako aleen ordez, 2015-2016ko landatze kanpainan, bertako espezieak jarriko direla, ibai ekosistemek berenak dituztenak, hala nola, haltzak, sahatsak eta intxaurrondoak. Horrez gain, landatzen direnean, kontuan hartuko da itzala duten inguruei eustea, ingurune handi eta argiak sortzea saihestuta.

Beste albiste batzuk

  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea