Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2022/12/14

Saguzarren hegaldiak arakatu dira, Argaren Ibai Parkea behar den modura egokitzeko

Intsektuen populazioak kontrolatzen dituzten saguzarren zenbait espezieren habitatak dira Iruñerriko ibaiak

Iruñerriko Ibai Parkean espezie ohikoena saguzar arruntarena da, P. pipistrellus, haren ondoren ur-saguzarra dago, M. daubentonii, eta pipistrelo mediterraneoa, P. pygmaeus. Eta hiru espezie horiek Iruñerriko ibaien ibilbide-zati handienean banatzen dira.

Horiek dira kiropteroetan espezialista den Juan Tomás Alcalde biologoak 2022an egin duen azken azterlanean atera diren ondorioetako batzuk. Hain zuzen, Alcaldek ugaztun hegaldun horien hegaldiak arakatu ditu eta bai kiropteroentzat Ibai Parkean kokatuta dauden 61 babesleku-kutxa espezifikoak ere. Kutxetan, saguzarren zenbait espezieren presentzia ikusi du, nagusiki pipistrelo mediterraneoena (P. pygmaeus) eta noktulo txikiena (N. leisleri). Eta horrez gain egiaztatu du kutxa horiek erabiltzen ez dituzten beste kiroptero-espezie batzuk badaudela, nahiz eta Ibai Parkearen ingurunean bizi diren eta/edo ehizatzen duten.

Hegaldiei erreparatuta, biologoak egiaztatu du intsektuen populazioak neurri handi batean kontrolatzen dituzten saguzarren zenbait espezieren bizi-eremuak direla Iruñerrian ibiltzen diren ibai desberdinak. Gainera, ibaiak korridore ekologikoak eta babeslekuak dira mehatxatuta dauden zenbait espezierentzat. Beraskoaingo bainuetxearen ingurunean dauden zuhaitz batzuk, adibidez, noktulo ertainen (N. noctula) taldeen babeslekuak dira, eta Arga ibaian, Zabaldikatik igarotzen denean, ferra-saguzar handien talde bat (R. ferrumequinum) ibiltzen da sarri.

Aurkitutako espezie gehienak, barne hartuta ohikoenak, fisurikolak dira, arrakaletan bizi dira, eta, horrenbestez, Mankomunitateak gogoan hartu du hori, Parkeko zubiak edo beste eraikuntza batzuk birgaitzeko edo berritzeko etorkizuneko obrek haietan izan dezaketen inpaktua minimizatzen saiatzeko. Horrez gain, argiztatu gabe dauden oinzubietan eta zubietan babesleku artifizialak kokatzea aztertuko du.

Gainera, gutxienez lau espezie arborikola edo zuhaiztar identifikatu dira (hiru noktuloak -txikia goiko irudian eta ertaina azpikoan- eta barbastela), oso kopuru txikietan. Beharbada, aztertutako ibaien ibilbidean hutsuneak dituzten zuhaitzik ez egoteak edo gutxi egoteak kiroptero horien babes-aukerak murrizten ditu, eta, hortaz, Mankomunitateak ale zaharrak edo lehorrak mantentzeko aukera aztertuko du erabiltzaile gutxi ibiltzen diren tokietan, betiere erabiltzaileen segurtasuna lehenetsita. Gogoan izan behar da erakundeak aldian-aldian zuhaitzak mozten dituela, beren egoerarengatik, Parkearen erabiltzaileentzat arriskutsuak izan daitezkeela ondorioztatzen badu.

Nóctulo Mediano

Argiaren kutsadura ere aztertu den alderdietako bat izan da. Parkeko zenbait tokitan LED PC Ámbar argi-sistema dago kokatuta. Argi horiek, ingurumenari dagokionez iraunkorrak izateaz gain, inpaktu txikia dute tokiko faunarengan. Zehazki, teknologia horrekin, argi urdinaren uhin-luzera minimoa da, eta horrek ahalbidetzen du argiak ez nahastea intsektuak eta beste animalia batzuk, kalterik egin gabe haien zikloei eta argiek intsektu hegalariak erakartzea ekidinda.

IM-K 2008AN HASI ZUEN EKIMENA

Mankomunitateak Ibai Parkea kudeatzeko orduan duen kezketako bat da inguru horretako flora eta fauna babestea, batetik, eta natura-habitata hobetzea, bestetik. Ibai Parkearen zerbitzuen gutunean zehaztutako testuinguru horretan, eremu horretan bizi diren saguzarrak babesteko ekintza desberdinak sartzen dira. Zehazki, ekintza horietako bat da babesleku-kutxak jartzea, eta 2008az geroztik 61 jarri dira.

Saguzarrak kiropteroak dira, intsektu ugari jaten dituen ugaztunen talde berezi bat. Intsektu horietako batzuk kaltegarriak dira pertsonontzat eta bai pertsonok lantzen ditugun laboreetarako ere. Eragin hori are nabarmenagoa da ibaietan eta haien inguruneetan, haietan bizi diren eta ugaltzen diren intsektuak asko izaten baitira.

Arga eta Ultzama ibaietan saguzarren presentzia bultzatzeko, Mankomunitateak 24 babesleku-kutxa kokatu zituen 2008an Iruñerrian. 2012an, 20 kutxa gehiago jarri zituzten, Arga ibaiaren ertzetako lau tokitan, Oltzan eta Etxaurin. Zabalera nahikoko zuhaitz gutxi zegoenez, paisaiako beste elementu batzuk baliatzea erabaki zen babesleku-kutxak jartzeko, eta, hartara, Mendebaldeko Ingurabideko zubiaren zutabeak erabili ziren kutxa horietako 5 jartzeko. 2016an, beste 17 kutxa gehiago kokatu ziren.

Kutxa horiek aldian behin aztertzeaz gain, aurten, gainera, hegaldien miaketa egin da, saguzarren jarduna erregistratzeko Ibai Parkeko eta ingurune hurbileko 12 tokitan. Horretarako, ultrasoinuen grabagailuak erabili dira, ur-bide desberdinen ertzetan betiere. Laginketak ekain-uztailean egin dira (hazkuntza-garaian) eta irail-urrian (araldian eta migrazio-garaian). Guztira, kiropteroen jarduna erregistratu da 95 gau osotan.

Hori guztia Ibai Parkean bizi diren saguzarren espezieak eta haien banaketa ezagutzeko helburuarekin. Izan ere, horrek guztiak ahalbidetuko du Parkeak ugaztun horientzat duen garrantziaren ideia zehatzagoa edukitzea, eta bai haien kontserbazioa laguntzeko neurri zehatz eta jakinagoak hartzea ere.

 

 

 

 

Beste albiste batzuk