Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2020/06/12

Mankomunitateak Areatzeko meandroaren lehengoratzea aurkeztu du Iruñerriko Ibai Parkean

Inguru horrek 52.000 m2 baino gehiago ditu, eta Uharte udalerrian dago

Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateak Areatzeko meandroaren lehengoratzea aurkeztu du, Arga ibaiaren ezkerreko ertzean dagoen inguru bat, Uharte udalerrian, eta Eguesibartik duena sarbidea, Olatzen.

Aurkezpen-ekitaldian, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, David Campión, Uharteko alkatea, Alfredo Arruiz, eta Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateko kudeatzailea, Alfonso Amorena, izan dira, eta azken horrek meandroan bertan azaldu du lehengoratze hidraulikoa, ingurumenekoa eta paisaiakoa egiteko prozesua, azken hiru urteetan gauzatu dena (2017tik 2020ra).

Industrialde bat handitzean sortutako tuparrien metaketek ukitutako meandroa

Lehengoratze-proiektua interpretatu ahal izateko, gogoan izan behar da meandroak 2004an eta 2005ean kalte larriak izan zituela, ondoan dagoen Aretako industrialdea handitzeko obretatik heldu ziren materialen zabortegi moduan erabili baitzen. Hain zuzen ere, meandroaren eremu osoa aldatu zen (bost hektarea baino zertxobait gehiago), egindako betetzearen ondorioz 4 metro baino gehiago handitu baitzen lursailaren kota. Hartara, meandroaren funtzionaltasun hidrologikoa galdu zen Arga ibaiaren uraldietan.

Hori hala izateak larriagotu egin zituen uholdeen ondorioak meandroaren urari goiti, ibaiaren iragate naturalean oztopoa izatean, eta uraldien inpaktu handiagoa eragin zuen Huici Leidanen errotan, eta bai ibaiaren ezkerreko ertzean kokatutako beste batzuetan ere, Olazko udal-barrutian (Eguesibar).

2009a, lehengoratze-proiektuaren hasiera

2009an, meandroaren lehengoratze hidrologikoa egiteko proiektua onartu zen, lurrak husteko Ebroko Ur Konfederazioak eta Nafarroako Gobernuak egindako errekerimenduen ondotik. Uharteko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak finantzatutako plan horrek isuritako materialaren %70 kentzea hartzen zuen kontuan (bota ziren 173.600 metro kubikoetatik 121.500). Hondakinak kentzeko lan horiek, zehazki, 2017ko ekaina eta urria artean egin ziren.

Herritarrek parte hartzeko prozesuaren ondoren eta ingurumen- eta paisaia-aldetik lehengoratzeko aurreproiektutik abiatuta (2017), 2018ko martxoan proiektua idatzi eta onartu zen. 2018ko abuztuan, Uharteko Udalak meandroaren 45.000 m2 laga zizkion Iruñerriko Mankomunitateari, erakundeak Iruñerriko Ibai Parkean sar zitzan.

Ondoren, lehengoratzeko proiektuaren barnean meandroan egin diren esku-hartzeak hauek izan dira:

2018ko iraila. Belardiak lehengoratzea Lehentasunezko Fluxu Gunean eta ibaiertzeko orlan. 20.600 m2.

2019 iraila. Krainer horma eraikitzea (bioingeniaritzako teknika, ondoz ondoko plano horizontaletan kokatutako enborrek osatuta), batez besteko 2,5 metroko altuera batekin, Arga ibaiaren ezkerreko ertza leheneratu eta egonkortzeko. Tapoiak kentzea ibaiaren ibilguan. 12.500 m2 belardi ereitea.

2019ko urria. 295 zuhaitz landatzea (haltzak, lizarrak eta makalak) ibaiertzeko orlaren mugakide den inguruan, eta 40 zuhaitz eta 10 zuhaixka, uhartearen alde goratuenean (lizarrak, elorri zuriak eta elorri beltzak).

2019ko azaroa – 2020ko urtarrila. Zokoako oinzubitik meandrora iristeko pasealekua egokitzea. Zurezko zaldain bat kokatzea, bidexka bat egokitzea eta putzuak hondeatzea.

Meandroa lehengoratzeko aurrekontu osoa 179.008 eurokoa izan da, Iruñerriko Mankomunitateak (100.591) eta Uharteko Udalak (78.417) ordainduak.

Toki-erakundeen arteko elkarlanaren adibidea

Hitza hartu duenean gaur goizean, Mankomunitateko lehendakari David Campiónek nabarmendu du ingurumen-lehengoratze honen bidez “2004an obra-hondakinak isurtzeagatik oso txarra zen egoera bat” leheneratzea lortu dela, “ibaiari tokia kendu baitzitzaion”. Campiónek azpimarratu du, gainera, proiektua gauzatzeko toki-erakundeen artean garatu den lana, eta gehitu du lan-ildo hori beste ekimen batzuetan aplikatzen jarraitzea espero duela.

Bere aldetik, Uharteko alkateak, Alfredo Arruizek, adierazi du meandroko hondakindegia konpondu beharreko arazoa izan dela duela urte batzuetatik hona. Lehengoratze-proiektu honen bidez, “Uhartek aisiarako eremu bat berreskuratu du, eta Mankomunitatearen laguntzarekin erreferentziazkoa izango da bai oinezkoen eta bai zikloturisten bisitetarako”, adierazi du. Arruizek gehitu du, gainera, Areatzeak bere fisonomia aldatu duela, eta ibaiaren alde batean ezkutuan egotetik pandemia honetan oso erabilia izatera igaro dela, konfinamenduaren ondoren egunero egiten diren irteeretan”.

Ingurua erabilera ludiko eta didaktikorako leheneratzea

2017an hondakinak kentzeko egin ziren lanekin meandroaren funtzionaltasun hidrologikoa lehengoratu zen, eta hurrengo urteetan bere izaera naturala berreskuratzen joan da, ekosistema potentzialak leheneratzearen bidez, eta, gainera, berri bat bultzatuta, hezegunea.

Nabarmendu behar da lehengoratze-lanetan erabili diren teknikak eta materialak iraunkortasun-irizpideei jarraituta hautatu direla: bioingeniaritza, konponbide iragazkorrak eta meandroko landaredi potentzialeko landare propioak erabiltzea. Horrek guztiak Iruñerriko Ibai Parkeko ingurune horren mantentzea minimizatzeko bidea emango du.

Areatzea lehengoratuta eremu publiko berezi bat sortu da. Lehengoratze-prozesuak ahalbidetu du andeatuta zegoen eremu bat berreskuratzea Uharteko erabilera ludiko eta didaktikorako eta Zokoako zaldaineraino (Europako Foroaren eraikina) iristen den eta Iruñerriko Ibai Parkearekin konektatzen duen bide berriaren bidez joan nahi duten Iruñerriko pertsonentzat.

Beste albiste batzuk

  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...
  • Kostuak ordaintzera zigortu du alderdi demandatua, Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegia