Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2016/09/26

Mankomunitatea Dorraburuko zubia birgaitzen ari da (Uharte) Iruñerriko Ibai Parkean

Mantentze-lanek XIV. mendeko zubi honen eraikuntza-elementuak hobetuko dituzte

Joan den astean hasi ziren Dorraburuko zubia birgaitzeko lanak, Uharten, mantentze-lanak egin eta eraikuntza-elementuak hobetzeko helburuarekin. Arga ibaiaren gainean dago zubia, 25 metroko luzera eta 5 metroko zabalera du, eta izen bereko presatik urari beheiti kokatuta dago, San Andres Errotatik eta Arga eta Ultzama ibaiek bat egiten duten tokitik gertu. 

David Alegría historialariak “Arga ibaiaren ondare historikoaren gidaliburua” izenekoan dioen moduan, Arga ibaiaren gainean Uharten dagoen hirugarren eta azken zubi zaharra da, “Erdi Aroko zubien itxura du eta beharbada aipatuta dago 1343ko agiri batean. Nahiz eta 1545ean berreraiki zuten, jasota dago berreraikitze oso bat dirudiena XVI. mendearen amaieran”. XVII. eta XVIII. mendeetan ere konponketa gehiago egin ziren. Egun, zubia soil-soilik oinezkoek erabiltzen dute, baina garai batean oso erabilia izan zen, Iruñetik eta Atarrabiatik Esteribar eta Nafarroako erdialdeko Pirinioetara zihoan errepidean baitzegoen. 

Uharteko Udalaren, Ebroko Ur Konfederazioaren eta Vianako Printzearen Erakundearen baimenak eskuratu eta gero, lanak joan den astean hasi ziren eta kalkulatzen da urriaren amaiera aldera bukatuko direla. Lizitazioaren aurrekontua 39.740,05 eurokoa da (gehi BEZa).

Heldu den asteetan egingo diren lanak hauek izango dira: 

  • Karelak edo petrilak emendatzea (segurtasun hormak, erortzea saihesteko edo igarotzeko bidea mugatzeko), harrizko horma-txapelekin.
  • Zubi brankaren goiko aldean harrizko estalkiak jartzea (zubi branka angelu-formako pieza da, zubien ostikoek erresistentzia txikiagoa egiteko urak eragindako herrestatze indarrari).
  • Landareak eta sustraiak kentzea, arrakala eta hutsarte txikiak ixtea, eta iparraldeko altxaketako junturak berdintzea.
  • Zubiaren ostikoak aldeetatik sendotzen dituen ezkerreko murrutzarreko eskailera mailen gainean estalkiak jartzea eta haiek garbitzea, eta bai karelaren azkeneko zatia berreraikitzea ere.  
  • Eskuineko murrutzarraren gaineko ezponda lauzatzea, harrizko lauzak jarrita, ibaira eta presara dagoen betoizko sarbidearekin bat egin arte. 

Lan hauek eginda, Iruñerriko Ibai Parkearen ibilbidean dauden tokiko zubiak zaharberritzen amaituko du Mankomunitateak. Aurretik birgaitze edo hobekuntza lanen bat egin zaien beste zubi batzuk hauek dira: Ardoikoa, Burlatako Zubi Zaharra, Uharteko Artadiburua, Arreko Zubi Zaharra eta N-121 errepidekoa eta, azkenik, Arazuriko Zubiandia. 

Beste albiste batzuk

  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23
  • Eguneko gutxieneko zerbitzuak %60koak izango dira puntako orduetan eta %40koak ordu lasaietan