
Iruñerriko Ibai Pasealekuaren zati berria aurkeztu da, Berroan (Uharte)
Gaur goizean, Uharteko Berroako bidea egokitzeko egin diren lanak aurkeztu dira. Hain zuzen, lan horiek joan den uztailean hasi ziren eta duela gutxi amaitu dira. 645 metroko luzerako zati bat hobetu da, eta, hartara, haren bidez, Uharteko herrigunearen eta Itaroa merkataritza-gunearen arteko komunikazio-bide etengabea sortu da oinezko eta txirrindularientzat, eta bai Eguesibarrekin ere (Olatz eta Gorraitz). Gainera, zati berri hori Arga ibaiaren ezkerreko ertzean dago, Iruñerriko ibai-pasealekuaren barnean gelditu da, eta, hartara, une honetan 35 kilometrotik gora ditu pasealekuak.
Agintariek eta teknikariek egin duten bisitan, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campiónek, Uharteko jarduneko alkate Edorta Belzunegik eta Uharteko Udaleko zinegotzi Josean Beloquik parte hartu dute, eta egokitu den zatian ibili dira. Zati hori, zehazki, Zokoan dagoen zurezko zaldainetik abiatu eta PA-30 errepideko mendebaldeko espaloian amaitzen da, Intxaurdia kalea ere esaten zaionean, Itaroa merkataritza-gunearen ondoan.
Bidearen zabalera 3 metrokoa da ibilbidearen zati handienean, eta egokitu izanak ahalbidetzen du oinezkoek erabiltzea eta olgetarako egin ahal izatea, eta bai noizean behin nekazaritzako makineria igarotzea ere laborantzarako lursailetara. Horretarako, hormigoizko bide-zorua jarri da, 16 zentimetroko lodierakoa, eta drainatzeko sistema bat, lehen zati horretan sortzen ziren putzuak ekidingo dituena. Gainera, proiektua egitean, erabaki zen bide zaharreko aldapari eustea, lurra mugitzea eta lursailei kalte egitea minimizatzeko.
Behin amaitu direnean egokitzeko lanak eta seinaleak jarri direnean, Ibai Pasealekuko zati berri hau hobetzen hurrengo urtarrilean amaituko da, argiteriarekin lotutako lanak egiten direnean. Hain zuzen, led teknologiako 27 farola kokatuko dira.
Proiektua gauzatzeko aurrekontua 165.661,97 euro da (BEZa barne), eta hiru zati hauetan banatu da:
- I. fasea (lurrak mugitzea eta zagorrarekin sendotzea): 63.143,64 euro.
- II. fasea (hormigoizko zoladura): 52.155,66 euro.
- III. fasea (argiteria kokatzea): 50.362,67 euro.
I. fasea Uharteko Udalak finantzatu du, parte-hartzeko aurrekontuen kontura, eta bai Nafarroako Gobernuak ere. Eta II. eta III. faseak Iruñerriko Mankomunitateak finantzatu ditu.
Atondoko zaldaineko mantentze-lanak (Uharte)
Beste alde batetik, nabarmendu behar da atzo amaitu zirela Atondoko zaldainean, Uharten, egin diren mantentze-lanak. Zaldain horrek Arga ibaia igarotzeko bidea ematen du, Irotz herriraino doan ibai-pasealekuko zatiari ekiteko. Mantentze-lan horiek urriaren 18an hasi eta atzo amaitu ziren, osteguna, eta aurrekontua 21.431,22 euro izan da.
Iruñerriko Ibai Pasealekua handitzea
Iruñerriko Ibai Pasealekua Arga, Ultzama eta Elortz ibaien ertzean dago, eta 35 kilometroko baino gehiagoko korridore berde bat da. Ipar-ekialdetik hego-mendebaldera doa, Soraurendik eta Iroztik Iberoraino. Iruñetik igarotzean, Arga ibaiak 16 kilometro gehitzen dizkio parkearen luzerari, udal-barruti horretan duen ibilbidearenak, hain zuzen.
Ibai Parkeak ibaiko ekosistemak babesten ditu, eta ibilbidea eskaintzen du eskualdeko ibaiei lotutako arkitektura- eta industria-ondarearen bidez. Bizitza naturalerako babeslekua da, eta espazio irisgarria da oinezko eta txirrindularientzat, aisiarako, kirolerako eta gizarte-arloko ekitaldietarako baliatzen dena.
Uharteko Berroako zati hori hobetzeko lanak egin aurretik, aurtengo martxoan aurkeztu zen pasealekua handitzeko egindako azken jarduketa. Arga Beherea zatiaren II. faseari egokitu zitzaion, zehazki. Jarduketa horren bidez, pasealekuak 5,2 kilometroko ibilbidea gehitu zuen eta bi zaldain kokatzea barne hartu zuen, Ororbian bata eta Iberon bestea. Bigarren fase hori amaitu ondoren, hirugarren fasea dago planteatuta, Ibero eta Etxauri elkartuko dituena, 4.000 metroko luzerarekin. Horretarako, gainera, Arakil ibaiaren gainean zaldain bat eraikitzea planeatu da.
Beste albiste batzuk
- Margolan irabazleen eta hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean
- Azpiegitura berriak biogas-ekoizpena handitzen eta nekazaritzarako lohien egonkortzea hobetzen lagunduko du
- Jai bat egingo da ekainaren 3an, larunbata, Urkien basoan (Mariano Arigita pasealekua)