
Iruñerriko Ibai Parkearen hurrengo handitzeak Barañain eta Arazuri lotuko ditu
Heldu den ekainean amaituko dira Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko lanak “Arga Beherea” izeneko tartean. Lan horiek urrian hasi ziren, eta Barañain eta Arazuri lotzea izango dute helburu. Lau kilometroko korridore berdea izango da, eta beste etapa bat da epe ertainean Etxauriraino dauden 14 kilometroak egiteko proiektuan. Aurretik, 2011n, Iruñerriko Mankomunitateak eskuratu egin zituen Parkeak hartuko dituen lursailak eta, bere aldetik, Ingurumen Ministerioak Arazuriko Erdi Aroko zubia berritu zuen.
Handitzea hiru fasetan
Handitzeko proiektuaren lehen zatiak ia 70 metroko oinzubi bat egitea hartzen du. Barañainen, Eultzako jolas eremuan egongo da eta ibaiaren eskuineko ertzera joateko aukera emango du, aurrera egin ahal izateko. Fase honetan zatia 740 metrokoa da, eta aurrekontua, Ingurumen Ministerioak finantzatua, 286.286,47 eurokoa. Bigarren fasea, Oltzako Zendeako udal barrutian, Arazuriko Erdi Aroko zubiraino iritsiko da, bi kilometroko luzera izango du eta aurrekontua –Mankomunitateak finantzatua– 126.654,2 eurokoa izango da. Azkenik, hirugarren zatia 1,2 kilometrokoa izango da, eta Arazuriko zubi berriraino iristeko bidea emango du. Hirugarren zati hori Mankomunitateak eta Arazuriko Kontzejuak finantzatuko dute.
Proiektuaren ezaugarri nagusien artean nabarmendu behar da pasealekua zabalagoa izango dela (3,5 metro) –eta, beraz, errazagoa izango da oinezkoak eta txirrindulariak ibiltzea– eta zolatzeko ez dela material zurruna erabiliko, pasealekuaren zati hau landa inguruan baitago. Horrez gain, burdinbidearen gaineko zubia gurutzatuko du bideak (“bolborarena” esaten diote) eta bai Zubiandiko Erdi Aroko zubia ere, Arazuriko Jauregiaren inguruetan. Behatoki txiki bat egokituko da Arga eta Elortz ibaiek bat egiten duten tokian, eta ibilbidearen zati bat zenbait azpiegituraren ondotik joango da (sifoiak). Azpiegitura horiek Iruñerriko ur zikinak bideratzen dituzte Arazuriko araztegiraino. Proiektu honetan Volkswagen enpresak laguntza emango du, aurreikusita dauden pasealekua eta jolas eremuak hobetuko dituzten elementuak diseinatu eta sortzeko.
Irudian, Eultzako jolas eremua (Barañain). Bertan hasi da handitzeko proiektua.
Beste albiste batzuk
- Margolan irabazleen eta hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean
- Azpiegitura berriak biogas-ekoizpena handitzen eta nekazaritzarako lohien egonkortzea hobetzen lagunduko du
- Jai bat egingo da ekainaren 3an, larunbata, Urkien basoan (Mariano Arigita pasealekua)