Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2016/10/20

Iruñerriko Ibai Parkean dagoen saguzar kopuruari eusten zaio

Apirilean, 17 kaxa-babesleku berri kokatu ziren, Parkea handitzeko egokitu den eremuko lau tokitan (Barañain eta Arazuri artean)

Iruñerriko Ibai Parkean saguzarrentzat dauden kaxa-babeslekuak berrikusteko egin diren azken lanen arabera, irailean, ikusi da 2015ean erregistratutako okupazio mailari eusten zaiola. Hain zuzen, Juan Tomás Alcalde kiropteroetan espezialista den biologoak egindako esplorazioaren arabera, ikusi da saguzar kopuru berbera dagoela (32) eta hondakinak edo barnean saguzarrak zituzten kaxa kopuru handiagoa (29, joan den urtean 24 izan baitziren).

Aurkitu diren saguzarrak begiz identifikatu dira, hartzea saihestuta, ahalik eta gutxiena eragozteko. Soil-soilik manipulatu dira aurkitutako saguzar migratzaileak (noktulo edo gau-saguzar txikiak, nyctalus leisleri), haien sexua ikusteko, pisatzeko, neurtzeko eta eraztuna jartzeko. Gero, ilunabarrean, zeuden kaxaren ondoan utzi dira aske. 

Aurreko urteetan kokatu diren kaxek oso harrera ona izan dutenez, aurtengo apirilean 17 kaxa berri kokatu ziren parkea handitzeko egokitu den eremuko lau tokitan (Barañain eta Arazuri artean): Arga eta Elortz ibaiek bat egiten duten tokian, Arga ibaiaren ezkerreko ertzean, Mendebaldeko Ingurabidearen ondoan, eta Elortz ibaiaren ertzetan. Dena den, adierazi behar da kaxa berri hauen okupazioa, kokatu eta handik bost hilabetera, eskasa dela oraindik.

Mankomunitateak 2008an martxan jarri zuen ekimena 

Gogora ekarri behar da Mankomunitateak 61 kaxa-babesleku egokitu dituela saguzarrentzat 2008az geroztik Iruñerriko Ibai Parkean. Parkea kudeatzean, eskualdeko erakundearen kezketako bat da inguruko landaredia eta animaliak zaintzea eta habitat naturala hobetzea. Hain zuzen, testuinguru horretan, Parkeko Zerbitzuen Karta izenekoan zehaztutakoan, sartuta daude hainbat ekintza inguru horretan bizi diren saguzarrak babesteko. 

Saguzarrak kiropteroak dira, ugaztunen talde berezi bat, nagusiki intsektuak jaten dituztenez, bizi diren inguruari eragin onuragarriak ekartzen dizkiotenak. Zuhaitzen hutsarteetan hartzen dute babesa. Eraikin eta zubi ugari zaharberritzeak, urbanizatzeak, lorategiz betetzeak Iruñearen eta Iruñerriaren zati handi bat, eta 90eko hamarkadan izan zen grafiosiak –Iruñean eta Iruñerrian zumar zaharrak bota behar izan ziren– ondorioz ekarri zuen saguzarren babesleku naturalak progresiboki galtzea, jeneralean eraikuntzetako arrakalak eta zuhaitz zaharretako hutsarteak. Galera hori berdintzeko, 2001ean 70 kaxa-babesleku jarri ziren Iruñean.

Juan Tomás Alcaldek ebaluatu zuen ekintza hori, eta, arrakastatsua izan zenez, Iruñerrian 24 kaxa-babesleku jartzera animatu zen Mankomunitatea 2008an, saguzarrak Arga eta Ultzama ibaietan ibiltzea eta bizitzea errazteko asmoarekin. Duela lau urte, 2012ko ekainean, beste 20 kaxa jarri ziren Arga ibai ertzaren lau tokitan, Oltzan eta Etxaurin, etorkizunean Ibai Parkea handitzeko Mankomunitateak eskuratuta dituen lurretan. Nabarmendu behar da, tamaina nahikoko zuhaitz gutxi zegoenez, paisaiako beste elementu batzuk baliatzea erabaki zela kaxa-babeslekuak kokatzeko; adibidez, Mendebaldeko Ingurabideko zubiko zutabeetan bost kaxa jarri ziren. 2016 honetan 17 kaxa kokatuta, egun, 54 kaxa daude guztira, Mankomunitateak kudeatuta, Iruñerriko Ibai Parkearen eremuan ikuskatzen direnak.

Cabrerako saguzarra, espezie nagusia

Aurretik egin diren berrikuste-lanetan bezala, 2016 honetan Cabrerako saguzarrak (Pipistrellus pygmaeus) jarraitzen du espezie nagusia izaten, izan ere, behatu diren aleen %85 espezie horretakoak baitziren. Oso saguzar txikia da, sedentarioa eta tipikoa uretako inguruneetan. Diptero txikiak ehizatzen ditu, jeneralean ibaien ertzetan eta putzuetan. Kaxak dauden gune guztietan aurkitu dira aleak, San Andres Errotan eta Argan, Landabenen ondoan, kokatutako kaxa berrietan izan ezik.

2015ean bezala, aurten noktulo edo gau-saguzar txikiaren presentzia detektatu da (Nyctalus leisleri). Tamaina ertain-handiko espezie bat da, migratzailea eta zuhaiztarra. Azkar eta gora egiten du hegan, eta tamaina ertaineko intsektuak ehizatzen ditu (euliak, pipiak, kakalardoak), askotariko habitatetan, besteak beste, basoetan, inguru hezeetan eta faroletatik gertu. Etxaurin dauden kaxetan aurkitu denez espezie hau, Otazuko Jaurerriaren parean (bertan zuhaitz handiak eta zaharrak daude, eta ugariak dira hutsarte handiak), pentsatzekoa da noktulo horiek jaurerri horretatik etorriko direla.

Argazkia: Gau-saguzar txiki bat, eraztuna jarri eta gero (Juan Tomás Alcalde)

 

 

Beste albiste batzuk

  • Zuhaitza 2.530 botila berrerabilgarrik eratuta dago eta zortzigarren urtez jarraian kokatu da Baluarteko plazan
  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua