Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2016/06/16

Iruñerriko Ibai Parkean dagoen faunari buruzko azterlan bat sustatu du Mankomunitateak

Identifikatutako hegaztietako batek 2.000 kilometrotik gorako bidaia egin zuen Norvegiatik, parkean, Berroako inguruan (Uharte), gelditu aurretik

Iruñerriko Mankomunitatea azterlan bat sustatzen ari da  Iruñerriko Ibai Parkean bizi den fauna identifikatu eta ezagutzeko helburuarekin. 2015eko azken hiru hilabeteetan, Ornitolan Servicios Ambientales enpresak, azterlana egiteko ardura duen enpresak, ikerketa hasi zuen parkea eratzen duten sei ibai hauen ingurunean dauden habitaten eta mikro-habitaten ezaugarriak zehazteko: Arga, Ultzama, Urbi, Elortz, Txulapain eta Sadar. 

Orain arte, lanaren lehen fase honetan (2016an osatuko da), atariko moduan, espezie, leku eta prozesu ugari identifikatu dira. Hartara, gero datu horiekin kudeaketa tresna bat edukiko da, eta horrek lagunduko du biodibertsitate korridore hauek zaindu eta bultzatzen.

Korridore biologikoak animalientzat

Azterlanaren lehen faseko aurreneko zatia eman denean adierazi den gisan, ibaiak korridore biologikoak dira animalientzat, animaliek toki batzuetatik beste batzuetara lekualdatzeko baliatzen dituzten “errepide” antzekoak. Kasu honetan, iparraldean dauden eremu atlantikoetatik mediterranearragoak diren eremuetara joateko baliatzen dituzte, Arga ibaiaren arroaren urari beheiti daudenetara. Korridore horiek garrantzi handiagoa hartzen dute hiri inguruneetan; izan ere, haietan ia bide bakarrak baitira animalia askoren joan-etorrietarako. Horrez gain, elikatzeko eta bizitzeko tokiak dira ibaiak, eta, horrenbestez, espezie asko etengabe bizi dira Iruñerriko ibaietan, bereziki landare estaldura handieneko eremuetan: lasaiagoak diren bazterreko eremuak, animaliek babesa aurkitzen baitute haietan.

Bisoi europarra, galtzeko arrisku kritikoan dagoen espeziea 

Beren presentzia nabarmendu den espezie guztien artean espezie babestuak azpimarratu dira, hala nola bisoi europarra. Espezie hori galtzeko arrisku kritikoan dago mundu osoan. Adierazi behar da Nafarroan bizi dela Europa hego-mendebaldeko populazioaren %70, eta, horrenbestez, kontserbatzeko erantzukizuna izugarria da. Era berean, igaraba arruntaren presentzia edo ur-arratoiarena –espezie kaltebera gisa sailkatuta dago– ere detektatu da, eta bai kastore europarrarena ere. Azken hori azkar hedatu da Nafarroan azken urteetan, eta haren aztarrenak parke osoan aurkitu dira. Azterlanaren lehen faseko aurreneko zatia eman denean adierazi denaren arabera, espezie horren dentsitateak ez dira kezkagarriak baina bilakaera zaintzea komeni da.

Beste alde batetik, Iruñerriko Ibai Parkea atseden hartzeko eta elikatzeko tokia da Europaren iparraldetik datozen hegaztientzat. Ornitolanen azterlanean adierazi denez, Paleartikoaren mendebaldeko hegaztien migrazio ibilbidearen erdigune bete-betean dago Nafarroa, eta Uharteko eremua tamaina txikiko hegaztientzat garrantzi handiko toki batean dago. Bertako orografiak zehazten duen baldintza da hori, iparraldean Esteribar duela, eta bai oihanpea nagusitzeak ere. 

Azkenik, azterlanak nabarmentzen du espezie exotikoak eta inbaditzaileak detektatu direla, gizakiok natura ingurunean sartu izanaren ondorioz. Espezie horiek kalte larriak eragiten dizkiete bertako animaliei eta, zenbaitetan, baita pertsonoi ere. Hain zuzen ere, Asiako liztorren utzitako habiak daudela ikusi da. Nahiz eta oraingoz ez diren mehatxua osasunerako, azterlanean adierazten da zaindu egin beharko dela hurrengo urteetan duten bilakaera. Halaber, apoarmatu exotikoen presentzia detektatu da. Animalia horiek maskota moduan eskuratzen dira eta gero, batzuetan, ibaian uzten dira. Espezie hori ugaltzeak arriskuan jartzen du bertako apoarmatuen existentzia.

Lanerako metodologia

Dagoen faunaren garrantziari dagokionez parkearen ezaugarriak zehazteko, trantsektu esaten zaienak egin dira: ibaien bi ertzetan egin diren ibilaldiak, parkean dauden mikro-habitatak edo intereseko tokiak identifikatzeko. Hartara, 800 gune berezi baino gehiago aurkitu dira fauna talde desberdinentzat eta bereziki interesgarriak dira hegaztiei eta kastore europarrari dagokienez.

Hegaztien kasuan, metodologiak barne hartu du, gainera, eraztun zientifikoak jartzea. Horretarako, hegaztien urte osoko presentzia dela-eta esanguratsuak diren bi ibai ekosistema hautatu dira, Berroaren inguruan (Uharte) eta Barañaingo jolas eremuaren ondoan dagoen baso batean. Han, hilabetean bitan, egunsentian sareen lerroak egokitu dira (sare japoniar ere esaten zaie), 12 metroko luzerakoak eta 2,2 metroko altuerakoak. Lau orduan laginketak egiteko aukera eman dute. Azterlanean adierazi dutenez, bi toki horiek oso desberdinak dira. Alde batetik, Berroa (Uharte) bide atlantikotik migrazioan doazen hegaztientzat atseden hartzeko lekua da eta jarduera ornitologiko handia hartzen du. Zehazki, 197 hegazti harrapatu dira, 18 espezietakoak. Barañainen, berriz, 76 hegazti harrapatu dira, 17 espezietakoak. Nahiz eta ale gutxiago harrapatu diren, azterlanean jasotzen da dibertsitatea oso antzekoa dela bietan.

Amaitzeko, nabarmendu behar da Uharten egin ziren laginketetan atzerriko bi hegazti harrapatu zirela: Regulus regulus bat, Holandako eraztuna zuena (1.400 km), eta Prunella modularis bat, Norvegiako eraztuna zuena (2.067 km). Bi espezieak oso ezezagunak dira, beren migrazio mugimenduei dagokienez, beren berreskuratzea kontinentean eskasa baita eta are eskasagoa Iberiar penintsulan.

Irudian, tuntun arrunta (Prunella modularis). Fornebu Storoyan, Oslotik gertu (Norvegia), jarri zioten eraztuna 2013ko irailaren 7an, eta berriro harrapatu zuten Berroan (Uharte) 2015eko urriaren 23an, eraztuna jarri eta handik 776 egunetara. Egindako distantzia lerro zuzenean 2.067 kilometrokoa da.

Beste albiste batzuk

  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23