Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2014/07/02

Iruñerriko Ibai Parkeak ‘Volkswagen Think Blue’ eremu bat izango du

Iruñerriko Mankomunitateak eta Volkswagen Navarrak hitzarmen bat sinatu dute batera sortzeko jolas eremu bat Ibai Parkean, Landabendik gertu.

Iruñerriko Mankomunitateak eta Volkswagen Navarra enpresak hitzarmen bat izenpetu dute Iruñerriko Ibai Parkean jolas eremu bat egiteko, parke hori handitzeko Barañain eta Arazuri artean egiten ari diren lanen barnean, “Arga Beherea” izeneko zatian.

Parkea handitzeko proiektuan, zati horretan, aurreikusita dago lau jolas eremu sortzea, eta Volkswagenek parte hartuko du horietako bat gauzatzea %100ean finantzatuta. Zehazki, enpresa horrek Landabengo industrialdean dituen instalazioen inguruan kokatuko den eremua izango da, hegoko eta hego-mendebaldeko mugan. Handitzeko proiektu honen barnean joan den ekainaren 2an jarri zen zaldainaren ondoan dago eremu hori hartuko duen lursaila, eta, behin irekita dagoenean, zaldain horrek aukera emango du Barañaindik Arga ibaiaren eskuineko ertzera igarotzeko.

Eremu berri horrek ‘Volkswagen Think Blue’ izena izango du, eta marka horren Think Blue ingurumenarekiko konpromiso estrategiaren beste adierazgarri bat izango da. Hain zuzen, helburu nagusia da bere fabrikatze prozesuetan eta produktuetan sartzea bai energien erabilera arrazoizkoago bat mesedetzen duten neurriak, bai eta igorpenak eta hondakinak murrizteko neurriak ere. Izan ere, Volkswagen Navarra enpresak uste du Ibai Parkea handitzeko proiektuaren barneko jarduketa hau –Landabengo bere instalazioak inguratzen ditu– ekimen aproposa izango dela ingurunearekiko ohitura eta jarrera iraunkorrak sustatzeko, lehengoratu egin den gune batean, eta, gainera, hausnartzea eta ekologiaren gaineko kontzientzia hartzea bultzatuko duela.

Eremua egokitzeko, hauek egingo dituzte: zoladura hobetuko dute, serigrafiak dituzten apaindura panelak kokatuta pantaila akustiko baten antzekoa jarriko dute, altzariak jarriko dira, jolaserako gune bat egingo da eta Think Blue filosofia azalduko dute. Gainera, eremu batzuk ereinda egongo dira, zuhaitzak landatuko dira, eta Ibai Parkeari eta Think Blue estrategiari buruzko informazio eta dibulgaziozko seinaleak kokatuko dira. Think Blue estrategia zabaltzeko jolas eremu honen aurrekontua eta horren zuzkidura osorik finantzatuko du Volkswagen Navarra enpresak.

Bere aldetik, fabrikaren inguruetatik igarotzen den ibai parke hau handitzeko lanetan arbolak landatzeko proiektu bat azkentzen ari da Volkswagen España. Proiektu horri gehitu beharko zaio, gainera, Nafarroan Think Blue baso bat sortzea eta, hartara, markak Espainia osoan dituen bostei gehitzea.

Ibai Parkea handitzea

Gogora ekarri behar da Parkea handitzeko proiektua, ziur aski, udazkenean amaituko dela eta Barañain eta Arazuri lotuko dituela lau kilometroko korridore berde baten bidez. Lanak hiru fasetan planifikatu dira eta horietan lehenak 740 metroko zati bat hartuko du. Lehen fase horrek barne hartzen du altzairuzko eta hormigoizko zaldain bat kokatzea (duela hilabete egin zen). Fase hau Ingurumen Ministerioak finantzatu eta zuzenduko du, eta 286.286,47 euroko aurrekontua izango du.

Bigarren fasea Oltzako Zendearen udal barrutian egingo da, Arazuriko Erdi Aroko zubiraino iritsiko da eta bi kilometroko luzera edukiko du. Mankomunitateak finantzatuta, 126.654,2 euroko aurrekontua izango du. Azkenik, hirugarren zatiak 1,2 kilometro izango ditu eta aukera emango du Arazuriko zubi berriraino iristeko. Azken zati hau Mankomunitateak eta Arazuriko Kontzejuak finantzatuko dute.

Beste albiste batzuk