Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2018/11/28

Handitu egin da saguzarren presentzia Iruñerriko Ibai Parkean

Cabrerako saguzarrak jarraitzen du espezie nagusia izaten, ikusi diren aleen %92 espezie horretakoak baitira

Iruñerriko Ibai Parkean saguzarrentzat dauden kaxa-babeslekuak berrikusteko egin diren azken lanen arabera, irailean eta urrian, ikusi da 2017an erregistratutako mailarekiko handitu egin dela aleen presentzia. Hain zuzen, Juan Tomás Alcalde kiropteroetan espezialista den biologoak egindako esplorazioak 52 saguzar aurkitzeko aukera eman du, 2017an lokalizatu ziren 31 aleak baino dezente gehiago, horrenbestez, eta horrek esan nahi du %67 handitu dela presentzia. Beste alde batetik, ikusi da dauden 52 kaxa-babeslekuetatik 30 daudela okupatuta, aurreko urteko kopuruaren antzekoa (31). Horrek esan nahi du, beraz, ia bikoiztu egin dela saguzar/kaxa tasa, 2017an 0,57 izatetik 2018an 1,02 izatera igarota.

Aurreko txandetan bezala, aurkitu diren saguzarrak begiz identifikatu dira, hartzea saihestuta, ahalik eta gutxiena eragozteko. Soil-soilik manipulatu dira aurkitutako saguzar migratzaileak (noktulo edo gau-saguzar txikiak, Nyctalus leisleri), haien sexua ikusteko, pisatzeko, neurtzeko eta eraztuna jartzeko helburuarekin, eta bai Cabrerako saguzarren lau ale ere, oso aktibo zeudenak. Gero, zeuden kaxaren barnean sartu dira eta kaxa zegoen tokian utzi da.

2008an hasi zen IMren ekimena

Gogora ekarri behar da Mankomunitateak 61 kaxa-babesleku egokitu dituela saguzarrentzat 2008az geroztik Iruñerriko Ibai Parkean. Parkea kudeatzean, eskualdeko erakundearen kezketako bat da inguruko landaredia eta animaliak zaintzea eta habitat naturala hobetzea. Hain zuzen, testuinguru horretan, Parkeko Zerbitzuen Karta izenekoan zehaztutakoan, sartuta daude hainbat ekintza inguru horretan bizi diren saguzarrak babesteko. Haietako bat aipatu diren kaxa-babesleku horiek kokatzea da, zehazki.

Saguzarrak kiropteroak dira, ugaztunen talde berezi bat, nagusiki intsektuak jaten dituztenez, bizi diren inguruari eragin onuragarriak ekartzen dizkiotenak. Zuhaitzen hutsarteetan hartzen dute babesa. Eraikin eta zubi ugari zaharberritzeak, urbanizatzeak, lorategiz betetzeak Iruñearen eta Iruñerriaren zati handi bat, eta 90eko hamarkadan izan zen grafiosiak –Iruñean eta Iruñerrian zumar zaharrak bota behar izan ziren– ondorioz ekarri zuen saguzarren babesleku naturalak progresiboki galtzea, jeneralean eraikuntzetako arrakalak eta zuhaitz zaharretako hutsarteak. Galera hori berdintzeko, 2001ean 70 kaxa-babesleku jarri ziren Iruñean.

Juan Tomás Alcaldek ebaluatu zuen ekintza hori, eta, arrakastatsua izan zenez, Iruñerrian 24 kaxa-babesleku jartzera animatu zen Mankomunitatea 2008an, saguzarrak Arga eta Ultzama ibaietan ibiltzea eta bizitzea errazteko asmoarekin. 2012an, beste 20 kaxa jarri ziren Arga ibai ertzaren lau tokitan, Oltzan eta Etxaurin. Tamaina nahikoko zuhaitz gutxi zegoenez, paisaiako beste elementu batzuk baliatzea erabaki zen kaxa-babeslekuak kokatzeko; adibidez, Mendebaldeko Ingurabideko zubiko zutabeetan bost kaxa jarri ziren. 2016an, beste 17 kaxa gehiago kokatu ziren. Urte hauetan, gainera, zenbait unitate desagertu direla erregistratu da. Hartara, azken berrikuste lanaren arabera, egun 52 kaxa daude Iruñerriko Ibai Parkearen eremuan.

Cabrerako saguzarra, espezie nagusia

Aurretik egin diren berrikuste-lanetan bezala, Cabrerako saguzarrak (Pipistrellus pygmaeus) jarraitzen du espezie nagusia izaten, izan ere, behatu diren aleen %92 espezie horretakoak baitziren. Oso saguzar txikia da, sedentarioa eta tipikoa uretako inguruneetan. Diptero txikiak ehizatzen ditu, jeneralean ibaien ertzetan eta putzuetan. Kaxak dauden gune guztietan aurkitu dira aleak, Arazuri Ekialdean kokatu diren kaxa berrietan izan ezik.

Laugarren urtez jarraian, noktulo edo gau-saguzar txikiaren presentzia detektatu da (Nyctalus leisleri). Tamaina ertain-handiko espezie bat da, migratzailea eta zuhaiztarra. Azkar eta gora egiten du hegan, eta tamaina ertaineko intsektuak ehizatzen ditu (euliak, pipiak, kakalardoak), askotariko habitatetan, besteak beste, basoetan, inguru hezeetan eta faroletatik gertu. Espezie honetako zenbait ale txiki Etxaurin kokatutako kaxa batzuetan aurkitu dira.

2018an, bi ur-saguzar edo Daubenton saguzar (Myotis daubentonii) aurkitu direla nabarmendu behar da, Ingurabideko zubi bateko zutoinean dagoen kaxa batean, Arga ibaiaren gainean. Tamaina ertain-txikiko espezie bat da, sedentarioa eta harkaitzen arrakaletan garatzen da. Ibaien ubareetan ehizatzen du, eta, nagusiki, uretako intsektuak jaten ditu.

Gogora ekarri behar da irailean, aurreko urteetan bezala, Mankomunitateak mintzaldi eta gaueko ateraldi bat antolatu zuela (“Batnight” izenekoa) San Andres Errotan. Asmoa zen herritarrei azaltzea nola bizi diren Iruñerriko Ibai Parkearen eremuan dauden saguzarrak. Hitzordu horretan, gainera, saguzarrek betetzen duten eginkizun onuragarria eta haiek kontserbatu eta zaintzeko premia nabarmendu zen. 

Beste albiste batzuk

  • Helburua da urtegiaren hondoan dagoen manganesoa eta burdina kentzea, uraren kalitatea hobetzen baitu.
  • Era berean, igandetik aurrera 23. lineak zerbitzua emango du Cordovillara
  • Era berean, heldu den igandean neguko ordutegia hasiko da EHGan