Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2022/01/20

Bi boluntariotza-jardunaldi otsailean eta martxoan, Ultzama, Arga eta Elortz ibaiak garbitzeko

Urtarrilaren 23an, igandea, Arga ibaia garbitzeko beste jardunaldi bat egingo da, Alianza por el Clima taldeak antolatuta.

Iruñerriko Mankomunitateak bi boluntariotza-jardunaldi edo auzolan-saio antolatu ditu, Ultzama, Arga eta Elortz ibaien ertzak garbitzeko. Zehazki, otsailaren 26an eta martxoaren 5ean egingo dira, larunbatak.

Jakina denez, 2021eko abenduan eta joan den urtarrilaren 10ean ibaietan izan ziren uraldiek kalte handiak eta ugari eragin dituzte Iruñerriko Ibai Parkean, eta, hortaz, Mankomunitatea garbiketa-lanetan ari da, altzariak berriro jartzen, eta luizien eta materialak herrestan eramatearen ondoriozko obra txikiak egiten. 

Ertzak garbitzeari dagokionez, herritar askok deitu dute auzolanak edo boluntariotza-jardunaldiak antolatzeko eskatzeko, Iruñerriko bizilagunek lan horietan parte hartzeko aukera izan dezaten. Hori dela-eta, bi jardunaldi antolatu dira, eta otsailaren 26an eta martxoaren 5ean, larunbatak, egingo dira. Ukitutako udalerriak eta ibai-zatiak hauek izango dira: 

  • Otsailaren 26an  (Arga Garaia eta Ultzama): Ezkabarte, Atarrabia, Burlata, Uharte, Eguesibar eta Esteribar.
  • Martxoaren 5ean (Arga Beherea eta Elortz): Zizur Nagusia, Barañain, Oltza Zendea, Ziritza, Etxarri eta Bidaurreta.

Laster ezagutaraziko dira hasteko lekuak eta izena emateko sistema. Jarduerak taldeka egingo dira, ibai-zati desberdinetan, eta antolatzaileek materialak banatuko dituzte izena emandakoen artean (poltsak, txalekoak, eskularruak…). Hondakinak pasealekuko zenbait tokitan pilatuko dira, gero Ibai Parkeko mantentze-taldeak bil ditzan. Jardunaldi bakoitza amaitutakoan, hamaiketako txiki bat egingo da, baina haren ezaugarriak egun horietako osasun-egoeraren mende egongo dira. Zereginak planifikatu eta antolatzeko, laguntza eskatu zaie udalei.  

Urtarrilak 23 - Arga ibaia garbitzeko jardunaldia

Beste alde batetik, hurrengo igandean, urtarrilak 23, Arga ibaia garbitzeko beste saio bat egingo da, Alianza por el Clima taldeak (Klimaren aldeko ituna) antolatuta. Kasu horretan ere Mankomunitateak lagunduko du, edukiontziak kokatuta. Boluntarioak goizeko hamarretan abiatuko dira Iruñerriko zenbait kokalekutatik: Landaben, Sanduzelai, Arrotxapea, Burlata, Atarrabia eta Uharte. Informazio gehiago lortzeko, Clima taldearen webgunea bisitatu ahal da.

Beste albiste batzuk