Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2016/08/31

Bederatzi urte Burlatako ur biltegiaren ingurunea eraldatzen eta hobetzen

Berritzeko proiektuaren azken faseak barnean hartu du ur biltegia argiztatzea

Burlatako ur biltegiaren ingurua Iruñerriko Ibai Parkearen erreferentzia berezietako bat da. Mankomunitateak berritutako eremu hau goragune bat da, iparraldean Burlata duena mugakide eta hegoaldean Erripagaña auzoa. Arga ibaiaren ondotik ibilbidea desbideratuta, muinoaren gaineraino ibilaldia egiten duten paseatzaileen jakin-mina erakartzen du. Gain horretara igotzeak saria dakar, ordea: bisitariek atseden hartzeko eta begiesteko toki ezin hobea ezagutzen dute. Bankuak, zuhaitzak, iturriak eta hiru begiratoki daude ur biltegiaren inguruan. Ur biltegia betoizkoa da eta 3.000 metro kuboko edukiera du. Handik, ikuspegi panoramikoak aukera ematen du Iruñerriaren zati handi bat ikusteko.

Erripagaña toponimoak –“erripa” (gorabehera, malda, ibai baten gaineko ezponda pikoa) eta “gaña”– ematen dio izena muino honi, eta bertan, artean “Uren Mankomunitatea” izena zuenak biltegi bat eraiki zuen 1982an, erakundea sortu zen urte berean. Erripagaña, era berean, hegoaldeko magalean dagoen auzoaren izena da, eta Iruñea, Burlata, Uharte eta Eguesibar udalerriei dagokie. 

Etengabeko eraldaketa 2007. urteaz geroztik

Hain berezia eta bisitatua den kokaleku hau egungo itxura izatera iritsi da arretazko eraldaketa etengabe baten ondoren, duela bederatzi urte hasi eta amaitu berri dena. Proiektua 2007an hasi zen, Iruñerriko Mankomunitateak biltegiaren paisaia-balorazioa egin zuenean, geroago egingo zen urbanizazioaren hiri-ingurunean integratzeko. Esku hartzeko lehen fasea, 2007 eta 2009 artean, Erripagaña urbanizatzeko lanekin batera egin zen eta ur biltegiaren inguruko jatorrizko erliebea leheneratzea izan zen lana. Horretarako, auzo berriko etxebizitzak eraikiko ziren orubeetako hondeatze-lanetan ateratako landare-lurrak baliatu ziren. Hartara, ur biltegiaren inpaktu bisuala minimizatuta gelditu zen, egun inguratzen duten hiru mendixka eginda.

2010ean, paisaia integratzeko proiektua egin zen erliebe berriaren gainean, hiru begiratoki aurreikusten zituena: mendebalderantz (Argako begiratokia), ekialderantz (Burlatako begiratokia) eta hegoalderantz (Erripagañako begiratokia). Azken horrek 476 metroko kota du eta Iruñerriko Ibai Parkeko punturik garaiena da. 

Hirugarren faseak, 2011n eta 2012an egindakoak, paisaia-proiektua gauzatzea ekarri zuen. Zehazki, barnean hartu zuen begiratokiak egokitzea eta erdiko aldea moldatzea, zegoen plantazio edo sailean jardunda, lekua eginda eta egoteko ingurune atseginago bat sortuta. Paisaia integratzea bertako espezieekin landareztatzea izan zen: intxaurrondoak, almendrondoak, udareondoak eta sagarrondoak. Bankuak, bi iturri, eskailerak eta begiratokien artean kokatutako zurezko piloteen bidezko hesiak kokatu zirenean paseatzaileak hartzeko prest gelditu zen ingurua. 

Hurrengo bi urteetan, ur biltegiaren egitura eta estalkirako sarbide bertikalak era orokorrean egokitzeko lanetan jarri zen arreta, eta bertan zeuden antenak antolatzean. Horrez gain, ur biltegia margotzeko proiektua egin eta gauzatu zen.

Azken hobekuntza ikusteko (2016ko maiatzean egindakoa) ez da beharrezkoa muinora igotzea, urrunetik ikusteko pentsatuta baitago: argiztatze apaingarri bat da, argi ematen diona ur biltegiari arrastiritik eta hainbat kokalekutik erraz identifikatzeko bidea ematen duena. Instalazioak ahalbidetzen du, gainera, argiak kolore desberdinetan piztea. Hartara, herritarrek eta bisitariek ikusi dute ur biltegia gorri jartzen zela Burlatako jaietan, tonu desberdinak txandakatzen zituela ekainaren 28an, gay eta lesbianen harrotasunaren nazioarteko egunean, eta tonu urdinxka hartu duela, bareagoa, aurtengo udako gainerako gauetan.

Beste albiste batzuk

  • Astelehenetik aurrera, hilak 20, Hiri Garraioak bere zerbitzua berrantolatuko du Mutiloan, 17., 22. eta 25. lineekin
  • Berriozarren ematen den zerbitzuan maiztasuna hobetzea ere ekarriko dute 17. lineako aldaketek
  • Joan den abenduaren 19an Batzar Nagusiak egin zuen saioan onartu ziren hasiera batean