Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2016/04/27

Auzolana Atarrabian, naturguneak lehengoratu eta mantentzeko

Udaberriko V. Auzolana apirilaren 30ean egingo da, larunbata, eta helburua izango da Ultzama ibaia eta Ezkaba mendiaren mazelak garbitzea

Heldu den apirilaren 30ean, larunbata, Udaberriko V. Auzolana egingo da, Ultzama ibaia eta Ezkaba mendiaren mazelak garbitzeko helburuarekin.  Auzolan hori, hain zuzen, ‘Atarrabia iraunkorra 2016’ proiektuaren barnean dago. Proiektua Atarrabiako natura inguruneak lehengoratzeko eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa bultzatzeko ekimena da, belaunaldien arteko izaera duena. Aurreko deialdiko helburuei eutsiko die auzolan honek, baina, berrikuntza moduan, prebentzioaren kontzeptua hartuko du barnean. 

Proiektua 2012an jarri zuten martxan, lehen auzolana egin zutenean. Orduan, Atarrabiako San Andres Erretirodunen Elkarteko boluntario talde bat Ultzama ibaia garbitzen aritu zen. Joan den urtean, ordea, aurreko ekitaldietan parte-hartze arrakastatsua izan zela ikusirik, jauzi kualitatiboa egin zen proiektuan eta, ibaia eta Ezkaba mendiko mazelak garbitzen aritzeaz gain, herriko natura ingurunea ezagutzeko beste jarduera batzuk ere egin ziren.

Aurtengo ekitaldian, Atarrabiako Udalak, Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen laguntzarekin, “Atarrabia iraunkorra 2016” izeneko proiektu zabalago baten alde egingo du. Zehazki, asmoa da ingurumenaren arloko prebentzio eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzea, jarduteko bi ardatz kontuan harturik: alde batetik, V. Auzolana egitea, bi giro desberdinetan (basokoa, Ezkaba mendiarekin lotutakoa, eta ibai esparruari lotutakoa, Ultzama ibaiaren ingurunean); eta beste alde batetik, prebentzio eta sentsibilizazio kanpainak egitea, ikuspegi bikoitz batekin, orokorra eta tokikoa.

Udaberriko V. Auzolana, larunbatean, hilak 30 

“Ezkaba txiki mendia eta Ultzama ibaiaren ertzak garbitzea” V. Auzolana urteko bi sasoitan egingo da: udaberrian eta udazkenean. Udaberriko Auzolaneko programazioa gaur hasiko da, apirilak 27, “Ingurumen beharrak aztertzea – Ultzama ibaia Atarrabian” hitzaldi-paseoa eginez. IPATYA enpresako Itziar Almarcegui eta Monika Carcar kideek gidatuko dute jarduera, eta 19:00etan abiatuko da, Martiketeko igerilekuetatik. 

Lehenago adierazi den moduan, V. Auzolana apirilaren 30ean egingo da, larunbata. Hain zuzen, 09:00etatik 12:00etara Ultzama ibaia eta Ezkaba mendiko mazelak garbituko dira. Ostirala bitartean eman daiteke izena, Atarrabiako Gaztelekuan, edo larunbatean bertan, 08:30etik 09:15era, udal aterpetxearen ondoan. Jardueraren barnean, ibaian kanoan eta gomazko txalupetan ibiltzeko aukera izango da.

Beste alde batetik, maiatzaren 7an, larunbata, txangoa egingo da Antxorizko Haitzera “San Andres eskaut taldearen 25. urteurrenarengatik”. Ibilbidea Udaletxeko Plazatik abiatuko da, 09:00etan, eta toki berean amaituko da, 14:00etan. Izena eman ahal izango da apirilaren 20a eta maiatzaren 6a artean, Atarrabiako Gaztelekuan, eta maiatzaren 7an bertan, 08:30 eta 09:00 artean, Udaletxeko Plazan.

Jardueretako edozeinen gainean argibide gehiago izateko, jo Atarrabiako Udalaren webgunera, Manconecta jarduera webgunera edo deitu Atarrabiako Udaleko Gazteria Arloko telefono zenbaki honetara: 948 355 970.

Beste albiste batzuk

  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23