Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2019/06/10

Sei garbigune gehiago, Iruñerriko herrietan

Garbiguneak Eguesen, Taxoaren, Zubirin, Arren, Etxaurin eta Muruzabalen kokatuko dira

Gaur goizean, Mankomunitateko lehendakari Aritz Ayesak gaurtik aurrera Iruñerriko sei herri hauetan jarriko diren garbigune finko berriak aurkeztu ditu: Eguesen, Taxoaren, Zubirin, Arren, Etxaurin eta Muruzabalen. Aurkezpen-ekitaldian, Alfonso Etxeberria Eguesibarko alkatea, Mikel Gastesi Esteribarko alkatea, Pedro Lezaun Ezkabarteko alkatea, Idoia Aritzala Etxauriko alkatea eta José Ignacio Valencia Muruzabalgo alkatea izan ditu lagun.

Jakina denez, etxebizitzetan sortzen diren hondakin bereziak gaika biltzea errazten dute garbiguneek, beren ezaugarriengatik, ingurumenerako arazoa ekar dezaketen hondakinak eta, egokia bada, birziklatu aurretik tratamendu berezia behar dutenak. Hori dela-eta, ez dira inolaz ere edukiontzietara bota behar. Halakoak dira, esate baterako, pintura-produktuak, automobilenak (olioak, bateriak, izotz-kontrakoak), produktu bereziak (fluoreszenteak, frijitzeko olioa, pilak, sendagaiak), eta bai etxetresna elektriko txikiak, jostailuak eta arropa ere.

Herritarrei hondakin bereziak modu irisgarri eta egonkor batean bota ahal izatea errazteko beharraren gainean udalek helarazten zuten kezka bati erantzutera datoz gaurtik aurrera kokatuko diren garbigune finko hauek. Zehazki, instalazio trinkoak dira, tamaina txikikoak (2,4 m zabal, 5 m luze eta 2,5 m garai). Kanpoan ahoak dituzte, hondakin desberdinak botatzeko, eta barnean edukiontziak, hondakinak pilatzeko. Beren edukiera mugatua denez, ezin dira alderatu dauden beste hiru garbigune finkoekin, Iruñerriko landa-esparrurako egokitu baitira.

Kokatzea: gaur hasi eta ekainaren 19a bitartean, asteazkena

Garbiguneak kokatzeko egutegia gaur hasi eta ekainaren 19an bukatuko da, eta hau izango da:

Ekainak 10, astelehena - Zubiri: Orreaga etorbidea (ikastetxearen eta kiroldegiaren artean).
Ekainak 12, asteazkena - Muruzabal: Esteban Perez Tafallakoa kalea, 8-10.
Ekainak 13, osteguna - Etxauri: Lizarrako errepidea, supermerkatuaren parean.
Ekainak 14, ostirala - Taxoare: Belanbutzu industrialdea (sartzeko biribilgunearen ondoan).
Ekainak 14, ostirala - Egues: Zaldua kalea (herri zaharretik urbanizaziorako sarreran).
Ekainak 19, asteazkena - Arre: San Roman plaza.

Iruñerriko lehendakariak nabarmendu du garbigune hauek ezin izango zirela kokatu sei udal horietako bakoitzaren konpromisoa eta laguntza izan gabe. “Ingurumenaren iraunkortasunerako duten konpromisoak, egokientzat jo dituzten lekuak lagatzeak, eta leku horiek prestatu eta egokitzeak ekarri dute zerbitzu berri hau eskaini ahal izatea posible izatea”, zehaztu du Ayesak. Halaber, iragarri du aurten eta 2020an beste 20 garbigune kokatuko direla landa-esparruan. Haien kokapenak eskaeraren eta lehen sei hauekin lortzen den esperientziaren arabera aztertuko dira.

Aurkezpen-ekitaldian, gainera, Alfonso Etxeberría Eguesibarko alkateak hartu du hitza. Adierazi du garbigune hau kokatzea oso albiste ona dela Egueserako eta Mankomunitateak duela gutxi gauzatu dituen beste ekintza positibo batzuei gehitu behar zaiela, hala nola arropa eta oinetakoak jasotzeko edukiontziak kokatzeari eta ekitaldietarako baxerak maileguan uzteari. Bere aldetik, José Ignacio Valencia Muruzabalgo alkateak Mankomunitateari eskertu nahi izan dio bere herrian egiten ari den lan guztia eta zehaztu du garbigune hau oso beharrezkoa zela, egoki eta ongi biltzen ari ez ziren etxeko hondakin bereziak baitzeuden.
 
Unitate bakoitzaren kostua 15.000 euro ingurukoa da, eta bilketaren aurrekontua (Emausko Trapuketariek egingo dute) urtean 45.000 eurokoa izango da gutxi gorabehera. Hondakin bereziak gaika biltzeko egitura biribiltzera datoz landa-esparruko sei garbigune berri hauek, eta orain arte ditugun hiru garbigune finkoei batu behar zaizkie: Eroski hipermerkatuko aparkalekukoa (2000. urtean jarri zen martxan), E. Leclerc hipermerkatuko aparkalekukoa (2005) eta Burlatakoa, joan den urtarrilean jarri zena abian. Egun, bost dira astero 37 kokaleku desberdinetara joaten diren furgonetak, eta aurreikusita dago udan beste bi ibilgailu hastea zerbitzu hori ematen. Era berean, Iruñerri osoan arropa eta oinetakoak biltzeko 98 edukiontzi daude kokatuta 2017az geroztik.

Beste albiste batzuk