Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2015/06/04

Mankomunitateak Elikagaien Bankurako egiten duen bilketak jardunbide onaren aitormena jaso du 2015eko Milango Erakusketa Unibertsalean

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak Mankomunitatearen ekimena hautatu du nazioko bederatzi nabarmenetako bat bezala

Egunero Nafarroako Elikagaien Bankurako egiten den jan-edanen bilketa hautatu du Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak elikaduraren eta iraunkortasunaren arloan egiten diren bederatzi jardunbide nabarmenen artean. Hautaketa hori gaur goizean iragarri da, Isabel García Tejerina ministroa buru izan den ekitaldi batean, 2015eko Milango Erakusketa Unibertsalean, Espainiako Pabiloian. Bertan jakitera eman da hautatutako bederatzi ekimenen aitormena eta protagonismo berezia izango dutela Pabiloian, hurrengo egunetan gauzatuko den jardueren berariazko programa baten esparruan. Ekitaldi horretan parte hartu dute Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateko zuzendari kudeatzaile Amparo Miqueléizek, Iruñerriko Mankomunitateko Hondakinen Arloko zuzendari Carmen Lainezek eta Nafarroako Elikagaien Bankuko eragiketa koordinatzaile Paco Burgosek.

Iruñerriko Mankomunitateak, Nafarroako Elikagaien Bankuarekin lankidetzan, gauzatzen duen proiektuak “Elikagaiak alferrik galtzea murriztea” kategoriaren barnean jaso du aitormena. Ministerioak kontuan eduki dituen beste bi kategoriak “nekazaritzaren arloko berrikuntza sendotzea planeta elikatzeko” eta “dieta orekatua sustatzea pertsonentzat eta planetarako” izan dira. Ministerioak, guztira, Espainian egun gauzatzen ari diren jardunbide onen 126 adibide jaso ditu. Hasiera batean, Erakusketan presente dauden 30 ekimenak hautatu zituen eta gaur aitormena egin die bederatzi proiekturi. Zehazki, hiru izan dira aipatutako kategorietako bakoitzean. 

Adierazi behar da 2015eko Milango Erakusketa Unibertsala maiatzaren 1a eta urriaren 31 artean egingo dela, eta lelo nagusia “Feeding the Planet, Energy for Life” izango dela (Planeta elikatu, energia bizitzarako). Erakusketan antolatutako jarduera guztiak lotzen dituen argudio komuna da. 2015eko Milango Erakusketa Unibertsalak izan nahi du, arkitekturarengatik eta jarduerengatik ez ezik, beste gai hauei buruzko eztabaida eta heziketa bultzatzeagatik ere gogoan geldituko den lehen erakusketa unibertsala: nutrizioa, jan-edanak eta baliabideak mundu osoan. 

Mankomunitatearen proiektuari egindako aitormena, hain zuzen, Nafarroaren astean  (ekainaren 1a eta 7a artekoa) iragarri da, Espainiako Pabiloian.

Balio soziala duen proiektua

Gaur goizean Milanen aitortutako jardunbide ona 2010eko abenduan sortu zen. Geroztik, Mankomunitatea egunero joaten da supermerkatu, merkataritza zentro handi eta elikagaien saltokietara (71 saltoki dira, 21 banaketa enpresenak), jan-edan freskoak jasotzeko. Nahiz eta kontsumitzeko onak diren, jan-edan horiek iraungitze data gertu dute edo ontzi akastunetan daude. Bilketa martxan jarri aurretik, produktu horiek kendu egiten ziren salmentatik eta edukiontzira botatzen ziren eta, beraz, hondakin bihurtzen ziren. Lau langilek eta bi ibilgailu isotermok gauzatzen duten ekimen honi esker, egunero 2.000 kilogramo elikagai fresko zintzo-zintzo ematen zaizkio Nafarroako Elikagaien Bankuari, gehien behar duten familiei eman diezazkien. Zehazki, Bankuak elikagaiak 230 laguntza erakunderen artean banatzen ditu, eta haiek 38.000tik gora laguni helarazten dizkiete. Datu horiek berekin dakarten balio sozial handiaz gain, esperientziaren lau urteotan ia 20.000 tona hondakin sortzea saihestu da. 

Era berean, proiektu hau joan den urteko azaroan hiru jardunbide onenen artean hautatu zuen Nafarroako Gobernuak, 2013-2014 Tokiko Garapen Iraunkorreko Praktika Onen Sariko VIII. ekitaldiaren barnean.

 

Beste albiste batzuk

  • Ezaugarri horietako azkenak izango dira: 2022tik aurrera gas natural bidez mugiarazitako autobusak erosiko ditu IMk
  • %60koak izango dira, udako lanegun bateko garraio-zerbitzu arruntarekiko
  • Jaiak bertan behera uztean, “asteburuetako edo jaiegunetako” tarifa uztailaren 7an, 10ean eta 11n baino ez da aplikatuko