Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2019/01/11

Mankomunitateak ASPAPELen paperezko hiru txori urdinak jaso ditu hirugarren urtez

Iruñerrian 2017an berreskuratu zen paperaren eta kartoiaren batez bestekoa 44,9 kilogramokoa izan zen biztanleko eta urteko

Iruñerriko Mankomunitateak hirugarren aldiz jaso du, paperaren eta kartoiaren bilketan egiten duen kudeaketarengatik, ASPAPEL elkarteak ematen duen aitortza handiena. Aspapel Ore, Paper eta Kartoi Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea da, zelulosaren eta paperaren sektoreko enpresak biltzen dituen Estatu mailako erakunde profesionala.

2017ko kanpainan zehar, paperaren eta kartoiaren gaikako bilketan egindako kudeaketan toki-erakundeen bikaintasun-maila balioztatu du elkarteak, eta, lortutako balioespenaren arabera, paperezko txori urdin bat, bi edo hiru eman ditu. Hartara, edizio honetan 40 toki-erakunde saritu dira. Hain zuzen, 19 baino ez dira izan paperezko hiru txoriek irudikatzen duten aitortza handiena jaso dutenak, eta haietako bat izan da Iruñerriko Mankomunitatea, zeinak hirugarren urtez jarraian jaso duen sari hau. Sariak banatzeko ekitaldia Madrilen egingo da, hurrengo otsailaren 7an. 

Mankomunitateak egiten duen paper- eta kartoi-bilketarako 3.717 edukiontzi daude Iruñerrian banatuta, eta 36 buzoi bilketa pneumatikorako, Iruñeko Alde Zaharrean. Sistema hori osatzeko, atez ateko bilketa egiten da: Alde Zaharreko saltoki guztien eskura dago eta astelehenetik larunbatera egiten da. Aspapelek emandako datuen arabera, 2017an, Iruñerrian berreskuratutako paperaren eta kartoiaren batez bestekoa 44,9 kilogramokoa izan zen biztanleko eta urteko, eta kopuru hori Nafarroan erregistratutako batez bestekoa (39,8 kg) eta nazioko batez bestekoa (17,6 kg) baino nabarmen handiagoa da. 

Aspapel elkarteko kideek adierazten duten moduan, bildutako materialaren kalitatea da eta izango da paperaren eta kartoiaren ekonomia zirkularraren erronka handia hurrengo urteetan. Bilketa-sistemek egokituta egon behar dute hondakinen fluxu desberdinetara, ahalik eta kantitate handiena berreskuratzeko eta benetako birziklapenerako beharrezkoak diren kalitate-baldintzekin egiteko.

Bestalde, nabarmendu behar da 2017an Mankomunitateak egin zuen gogobetetasun-azterlanean, egindako azkenekoan, etxebizitzen %88k adierazi zutela paper- eta kartoi-bilketa ona edo oso ona dela. Negozioen eta enpresen kasuan, balorazio on hori kontsulta egindako erakundeen %85ek eman zuten.

Beste albiste batzuk

  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23
  • Eguneko gutxieneko zerbitzuak %60koak izango dira puntako orduetan eta %40koak ordu lasaietan