Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2014/07/04

Iruñerriko Mankomunitateak eta Ecovidriok sanferminetan beira biltzeko kanpaina bat bultzatu dute

Kanpaina honetako ekintzetako bat Iruñeko zezen-plazan egingo da, bertan azpiegitura bat kokatuko baita zezenketen ondoren beira gaika bildu ahal izatea errazteko.

Iruñerriko Mankomunitateak eta Ecovidriok “¡¡Recicla el vidrio (también) en fiestas! – Beira birziklatu jaietan (ere)!!” kanpaina sustatu dute, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, eta xedea da 2014ko San Fermin jai hauetan beiraren gaikako bilketa hobetzea.

Kanpaina aurkezteko ekitaldian Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari José Muñozek, Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Ur zuzendari nagusi Andrés Eciolazak eta Ecovidrioko iparraldeko kudeatzaile Óscar Acedok parte hartu dute.

Kanpaina honetako ekintza nabarmenenetako bat Iruñeko zezen-plazan egingo da, bertan azpiegitura bat kokatuko baita zezenketen ondoren beira gaika bildu ahal izatea errazteko. Hartara, Erruki Etxearen laguntza aktiboari esker –hango langileek beira bereizteko lanak egingo dituzte zezen-plazan bertan–, bildutako beirazko ontzien kalitatea eta kantitatea handitzea espero da.

Gainera, sentsibilizazio jarduerak egingo dira ostalaritzaren arloko kideekin, giltzarriak baitira beirazko ontziak birziklatzea maximizatzeko, eta, horiek osatzeko, komunikazio ekintzak egingo dira, oro har, herritarrak eta bisitariak kontuan hartuta. Beste alde batetik, ohikoa den moduan, Mankomunitateak indartu egingo du Alde Zaharrean, bai beira edukiontzietan biltzea, bai eta beira atez ate biltzea taberna eta jatetxeetan.

Kanpaina hau sartu behar da Nafarroako Gobernuak eta Ecovidriok duten hitzarmen baten barnean, hitzarmen horren bidez Nafarroan beirazko ontzien kudeaketa sistema integratuaren funtzionamendu konpromisoak arautzen baitira. Hitzarmen horretan adierazita dago ingurumen sentsibilizaziorako eta informaziorako ekintzak garatu beharra eta bai erreferentziazko esperientziak garatu beharra ere, besteak beste, Iruñean gaur aurkeztu den hau.

Sanferminetan hondakin kantitate izugarria sortzen da, eta horregatik norabide horretan doazen ekintzek garrantzi berezia dute. Joan den urteko jaietan 120 tona beira baino gehiago bildu ziren festen inguruko taberna eta jatetxeetan, eta 217 tona, Alde Zaharreko iglu edukiontzietako bilketan.

Beira birziklatzea Iruñerrian

2013an, Iruñerriko biztanle bakoitzak batez beste 27 kilogramo beira bota zituen. Datu hori Estatuko batez bestekoa baino nabarmen handiagoa da, hango batez bestekoa 14,5 kilogramo baita biztanleko eta urteko.

2013an, Iruñerrian 8.400 tona beira baino gehiago birziklatu zirenez, atmosferara ia 5.500 tona CO2 gutxiago aireratu ziren, eta, gainera, lehengaien 10.000 tona erauztea saihestu zen.

Zer da Ecovidrio?

Ecovidrio irabazteko asmorik gabeko erakunde bat da, eta edukiontzi berdeetara botatzen diren beirazko ontzien hondakinak birziklatzea kudeatzeaz arduratzen da. Ecovidriok beirazko ontzien gaikako bilketa kudeatzen du, edukiontziak instalatuta, herritarren laguntza errazteko, eta birziklatzea bermatzen du. Gainera herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak egiten ditu eta prebentzioa sustatzen du sortzen diren hondakinen bolumena murriztea bultzatuta.

Gogora ekarri behar dugu edukiontzietara botatako beiraren %100a birziklatzen dela eta beirazko ontzi berriak egiteko erabiltzen dela, eta, horrenbestez, ingurumenerako onurak asko eta askotarikoak direla.

Beste albiste batzuk