
Iruñerriko Ingurumen Zentroari buruzko parte-hartze prozesu berria
Garraioaren Hiria handitzeari dagokion Udalez gaindiko Plan Sektoriala, NASUVINSA sozietateak sustatua, baliogabetzea ekarri duten Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak direla-eta, Iruñerriko Mankomunitateak (SCPSA) berriro izapidetu behar du bere Iruñerriko Ingurumen Zentroaren proiektu sektoriala. Horretarako, berriro jarriko da martxan informaziorako eta parte-hartze publikorako prozesu berria, Iruñerriko Ingurumen Zentroaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren inguruan. Prozesu hori gauzatu zen jada 2020ko irailean eta 2021eko apirilean, udalez gaindiko proiektu sektorial hori izapidetzean eskatzen den moduan. Alabaina, Nafarroako Gobernuaren akordioa baliogabetzen duen epaiak berekin dakar IMk egindako prozesua berriro hastea beharrezkoa izatea.
Aipatutako parte-hartze prozesu horrek –bertan berriro ezagutaraziko dira, bai izapidetzearen zioa, bai eta Iruñeko Garraioaren Hiriko 4. fasean proiektatzen ari den hondakin-tratamendurako plantaren ezaugarriak ere– Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren edukian jarriko du arreta, eta, nahiz eta ez den bete beharrekoa izango, proiektua hobetzeko bidea emango duten ekarpenak lortu nahi dira haren bidez.
Prozesuak barne hartzen du otsailaren 8an eta 10ean, 18:00etan, egingo diren bi bilera telematiko egitea. Aurreneko bilerarako deia Noain-Elortzibarko Udaleko eta kontzejuetako ordezkariei eta Iruñerriko Mankomunitatearen hondakinen eremuan sartuta dauden udalerrietakoei egingo zaie. Bigarren bilerara joateko gonbidapena, berriz, Garraioaren Hirian egoitza duten enpresei, ingurumenaren, enpresaren eta kontsumitzaileen arloko hainbat elkarteri, alderdi politikoei eta elkargo profesionalei egingo zaie, beste agente interesdun batzuen artean.
Egin edo egingo diren saioak gorabehera, nahi duen edonork eskuratu dezake proiektuari buruzko informazioa eta egin ditzake ekarpenak, Mankomunitatearen webgunean egokitu den gunearen bidez, hurrengo otsailaren 18a bitartean.
Zer da Udalez gaindiko Proiektu Sektorial bat?
Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala lurralde-antolamendurako tresna bat da, eta bere xedea da, besteak beste, ingurumen-kudeaketako azpiegiturak edo instalazioak ezartzea, hala nola Iruñerriko Ingurumen Zentroa, baldin eta horien eraginak eta ondorioek, lurralde-antolaketari dagokionez, dituzten tamaina, garrantzi edo ezaugarri bereziengatik, gainditu egiten badute oinarri duten udalerria edo udalerriak. Ezaguna den moduan, instalazio horren helburua da hondakinen frakzio nagusiak tratatzea, hau da, 5. edukiontziko gai organikoak, ontzien eta materialen edukiontzi horiko hondakinak eta gainerakoen frakzioa, industrialdeetan bildutako zuraz gain. Hori guztia hondakinen zerbitzua ematen zaien 48 udalerriei dagokienez; ia 380.000 biztanle hartzen dituen zerbitzua, hain zuzen.
Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala egiteko prozesuan parte-hartze prozesu hau sartzen da, eta behin amaitutakoan, jasotako ekarpen guztien balorazioa jasotzen duen itzulera-dokumentu bat sortzea ekarri beharko du. Ondoren, Nafarroako Gobernuaren aurrean izapidetzeko fasea hasiko da, eta horrek ere barne hartuko du informazioa hilabete batean jendaurrean jartzeko aldi bat.
Beste albiste batzuk
- Proiektua Txulapain ibaiaren saneamenduaren aldeko apustu handia da
- Erakusketetako bi, ‘Bigotes’ eta ‘Comedy Wildlife Photo’, apirilaren 6tik aurrera bisitatu ahal izango dira, osteguna
- Iruñerrian konposta egiten duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute