
Iruñeko ostalaritzako 19 establezimenduk ontziak birziklatzearen alde egin dute
Gaur goizean egin den ekitaldi batean, Ecoembes ingurumen-erakundeak –Espainian ontzien birziklapena koordinatzen du– aitortza adierazi die Iruñeko ostalaritzako 19 establezimenduri, plastikozko ontziak, latak eta tetrabrikak ongi bereizteko kanpainarekin bat egiteagatik. Gaikako bilketako lan hori errazte aldera, erakundeak paperontziak eta ontziak eman dizkio establezimendu bakoitzari.
Hedabideen aurreko aurkezpen hori Iruñeko El Mercao jatetxean egin da, eta bertan parte hartu dute David Campión Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, María Jesús Alonso Iruñeko Zabalguneko Merkataritzako, Ostalaritzako eta Zerbitzuetako Enpresaburuen Elkarteko kudeatzaileak eta José Arrancudiaga Ecoembes erakundeko bozeramaileak.
Hitza hartu duenean, David Campiónek ohartarazi du hondakin guztiak zuzen bereiztean lan egin behar dela, birziklatu eta berriro baliabide bihurtu ahal izatea ahalbidetzeko, hartara, ekonomia zirkularra indartzeko eta zabortegietara bideratzen den hondakinen kopurua murrizteko. “Ezarrita ditugun helburuak lortzeak eskatzen du administrazio arduradunok erraztea kudeaketa egoki batekin, baina ezer ezin izango litzateke lortu herritarrak inplikatu gabe. Horregatik da hain garrantzitsua kanpainari atxiki zaizkion 19 establezimenduetan lan egiten duten pertsonak eredu motibatzailea izatea herritar ororentzat”, adierazi du IMko lehendakariak.
19 establezimendu
Kanpaina honekin bat egin duten Iruñeko Horeca establezimenduak (hotelak, jatetxeak eta cateringeko zerbitzuak) hauek dira: Restaurante El Mercao, Restaurante Errejota, Granier San Fermín, Biecor Ecomarket, Paulino, Bar La Olla, La Mar Salada, Restaurante El Burladero, Oveja Negra, Taberna Mendebaldea, Bar Kendal, Kiko Alimentación, Restaurante Argileku, Casa Luis, Restaurante Alhambra, Maira Ostatu Jatetxea, La Turronería, Bar Burdeos eta Casa Manterola.
1,4 milioi ontzi birziklatu 2018an
Ecoembes irabazteko asmorik gabeko erakundea da, eta Estatu osoan plastikozko ontziak, latak eta tetrabrikak (edukiontzi horira bota beharrekoak) eta paperezko eta kartoizko ontziak (edukiontzi urdinera bota beharrekoak) berreskuratzea eta birziklatzea kudeatzen aritzen da.
2018an, ontzi arinen eta kartoizko eta paperezko ontzien 1,4 milioi tona baino gehiago birziklatu ziren lurralde nazional osoan, eta birziklapen-tasa %78,8koa izan zen. Ehuneko horri esker ingurumenerako onura ugari lortu zen, hala nola atmosferara 1,6 milioi tona CO2 isurtzea ekiditea. Horrez gain, 6,2 milioi MWh eta 20,3 milioi metro kubo ur aurreztu ziren.
Beste albiste batzuk
- Proiektua Txulapain ibaiaren saneamenduaren aldeko apustu handia da
- Erakusketetako bi, ‘Bigotes’ eta ‘Comedy Wildlife Photo’, apirilaren 6tik aurrera bisitatu ahal izango dira, osteguna
- Iruñerrian konposta egiten duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute