Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2022/01/28

IMko gobernu-taldeak bere jarrera azaldu du Hondakinak Tratatzeko Plantari dagozkion epaien gainean

Mintzaldian, David Campiónek Maite Esporrín, Aritz Ayesa, Manuel Romero eta Patxi Leuza izan ditu lagun.

Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campiónek erakundeko gobernu-taldearen jarrera azaldu du, Hondakinak Tratatzeko Plantari dagokionez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaien gainean. Ekitaldi horretan, hain zuzen, Maite Esporrín, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariordea eta Socialistas de Pamplona y Comarca taldeko ordezkaria, Aritz Ayesa, EH Bilduko ordezkaria, Manuel Romero, Independientes de la Comarca taldeko ordezkaria, eta Patxi Leuza, Geroa Bai taldeko ordezkaria, izan ditu lagun.

Hasteko, Campiónek hau argitu du: “Azken egunetan agertu diren albisteen eta iritzien aurrean, ia beti zehaztasunez baino gehiago suhartasunez adierazitakoen aurrean, komenigarri jo dugu iritzi publikoari Iruñerriko Mankomunitatea gobernatzen duten alderdi politikoen jarrera eskaintzea. Zehazki, alderdi politiko horien ordezkariok erakundeko Batzarraren %60 baino gehiago eratzen dugu”. 

Nafarroako Gobernuak abiarazitako Garraioaren Hiriaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa baliogabetu zuten bi epai judizialen ondoren, Mankomunitateko lehendakariak adierazi du baliogabetutako aldaketa hori Nafarroako Gobernuak gauzatutako izapidea dela eta, horrenbestez, Mankomunitateak ez duela inolako erantzukizun juridikorik eta ekonomikorik horretan. Halaber, Campiónek esan du epaiak ez duela inolaz ere zalantzan jartzen plantaren egokitasuna, bere kokapena edo beharra, eta azaldu du erakundeak babes-klausulak dituela, lursaila erosteko inbertitutako dirua berreskuratzeko bidea emango lioketenak, arrazoi batengatik edo beste batengatik, azkenean planta eraikitzerik ez balego aplikatzeko.

“Une honetan, ukitutako alderdi moduan, erabateko sintonian ari gara elkarlanean Nasuvinsa-Nafarroako Gobernuarekin, aste honetan bertan berriro hasi den eta beharrezkoa den hirigintzako berrizapidetzean. Espero dugu proiekturako atzerapena ahalik eta txikiena izatea”, adierazi du Campiónek.

Puntu honetan, IMko lehendakariak hau adierazi du: “Bai planta berriaren beharra, Gongoratik kanpo kokatzea, industrialde batean kokatzeko komenigarritasuna, eta bai, azken batean, kokapena aukeratzeko erabilitako irizpide guztiak publikoki eztabaidatu ziren eta hemen ordezkatuta gauden taldeek onartu genituen, baita UPN-Navarra Sumak ere, bere garaian egindako bilera-agirietan egiazta daitekeen moduan. Noain-Elortzibarko Udalaren industrialdea zehaztu zen unean bakarrik bereizi zen UPN-Navarra Suma adostasunetik eta kontrako kanpaina bizi bati ekin zion, egundaino irauten ari zena, berehalako hondamendi judiziala eta erabateko amaiera iragarriz. Aurkeztutako errekurtsoetako bakoitzean prozesua geldiarazteko eskatu izan du”.  

Campiónek gogora ekarri du plantari dagozkion mota guztietako 25 errekurtso gaitzetsi direla. “Navarra Sumarengatik eta gai honetan izan duen paralisi-politikarengatik balitz”, zehaztu du Campiónek, “duela zortzi urteko leku berberean egongo ginateke, gero eta handiagoa den arazo batekin eta inolako irtenbiderik planteatuta eduki gabe. Ezin dugu gehiago itxaron, denbora ahitu da”. 

Noain-Elortzibarko Udalaren jarrera dela-eta, IMko lehendakariak esan du gobernu-taldeak errespetatzen duela, baina “okertzen” ari dela uste duela: “Plantak industrialdea debaluatuko zuela eta logistikako enpresa berriak kokatzea ekidingo zuela adierazten zuen argudioa okerra dela frogatu da, orain badakitenez eta egiaztatu ahal izan denez”. Campiónen ustez, nahikoa izango zen Europako antzeko plantak aztertzea, industrialdeetan kokatuak edo ekipamendu publikoen ondoan, adibidez, igerilekuen edo jatetxeen ondoan, errealitate hori egiaztatzeko. “Nafarroa osoko hainbeste diru publiko kosta zen lurzoru honetan egun enpresa berriak ezartzea atzeratzen ari den gauza bakarra epaitegien aurrean aurkeztutako errekurtso hauek dira”, adierazi du. 
Hiri-hondakinen ingurumen-arazoari dagokionez, erakundeko lehendakariak ohartarazi du oso larria dela, “beharbada, Iruñerriak une honetan aurrez aurre duen arazo larriena. Berandu gabiltza, bere garapen sozial eta ekonomikoaren mailak merezi ez duen posizio batean dago Iruñerria. Azkenean, konponbide-ildo egingarri bat dugu, epe laburrean, hondakinen gaikako bilketaren azkoin-buelta batean oinarritzen dena, eta gai organikoen ondorengo tratamenduan eta balorazioan, eta konpost eta ibilgailu publikoetarako energia gisa aprobetxatzean”.

Campiónek adierazi du ez dela ulergarria, lanerako ildo honen aurrean, Navarra Sumaren aukerarik gabeko oposizioa, edo bat-bateko proposamenak eta hil gutxiren buruan erabat aldatzen direnak dituena: “Gogoan izan behar da bi urte hauetan proposatu izan duela hondakinak Tuterara eramatea tratatzera, gero Gipuzkoara erraustera, gero Gongoran uztea eta, azkenaldian, Gongora berehala uztea, beste toki bat planteatu gabe”. 

IMko lehendakariak nabarmendu du gobernu-taldean ikuspegi politiko asko daudela ordezkatuta, baina urgentziazkoak eta uko egin ezinezkoak diren helburu batzuen bilaketan denak lerrokatzea erabaki dutela. “Hemen falta diren bakarrei hausnartzeko gonbita egin nahi diegu: ez dezagun politika merkea egin hondakinekin”, gehitu du.
Hiri-hondakinen kudeaketaren erantzukizuna dela-eta, gogorarazi du erabat udalena dela: “Mankomunitatea udalok dugun bitarteko bat da, hondakin horiek ahalik eta modurik onenean kudeatu ahal izateko”. Egungo egoeran, ez da legea betetzen eta isurketa-tasa eta zigor handiak sortzen dira, milioika euro ordaindu behar izatea ekartzen dutenak eta edozein unetan emendatu ahal izango liratekeenak, baita Europar Batasunak esku hartzea eraginez ere. “Eta hori guztia herritarren ordainagirian sartzen da”, nabarmendu du. 

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren azken epaiei dagokienez, Campiónek hau uste du: “Ezin da izan Navarra Sumak Mankomunitatean dituen udal-ordezkariek halako poza eta zoriona adieraztea, baten batek azkenean, eta auzitegietan porrot ugariren ondoren, forma-akats hutsengatik teknikoki eta politikoki akasgabea den lan-ildo bat atzeratzea lortzen duenean. Mesede eskasa edo nulua egiten ari zaizkio Iruñeari eta Iruñerriari, berehalako hauteskunde-errentagarritasun bat lortze aldera, kostu handiagoko, irudi negargarriko eta ingurumen-inpaktu ikaragarrizko egoera bat betikotzen”.

Azkenik, IMko lehendakariak, gobernu-taldeko kideak lagun zituela, ziurtatu du benetako arazoa ez dela epaia, baizik eta “hondakinak tratatu gabe lurperatzen jarraitzea. Ezin gara erori zarataren eta berehalako errentagarritasunaren politikan gai honetan”. 

Beste albiste batzuk

  • IMk 5 milioi euro jasoko ditu NEXT GENERATION funtsetatik, inbertsio hau laguntzeko
  • 400 metroko luzerako hodi berri batek Munarrizko ur-biltegia Goñikoarekin konektatu du
  • Proiektuak hornikuntzarako, ur beltzetarako eta euri-uretarako sareak berritzea hartu du barne