Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2022/02/17

IMk seigarren aldiz eskuratu du saria, paperaren eta kartoiaren bilketan bikaintasunez aritzeagatik

2020an Iruñerrian berreskuratutako paperaren eta kartoiaren batezbestekoa 47,5 kilogramokoa izan zen biztanleko eta urteko

Iruñerriko Mankomunitateak seigarren urtez jarraian jaso du ASPAPEL elkarteak (Ore, Paper eta Kartoi Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea) paperaren eta kartoiaren gaikako bilketaren kudeaketan beren bikaintasunarengatik nabarmendu diren toki-erakundeei ematen dien sari nagusia. 

Paperezko txori urdinak banatzeko ekitaldia –oraingo honetan, zehazki, 2020an egindako lana aitortu da– gaur goizean egin da, Madrilgo Rafael del Pino auditoriumean, eta ekitaldiaren buru izan dira Alfredo González, Lurralde Politikarako estatu-idazkaria, Ismael Aznar, Ingurumen Kalitateko eta Ebaluazioko zuzendari nagusia, eta Elisabet Alier, ASPAPEL elkarteko lehendakaria. Ekitaldian egon dira, gainera, saritu dituzten 45 toki-erakundeak (udalak eta udalerrien elkarteak). Haietatik 28k paperezko hiru txoriak eskuratu dituzte, aitortza handiena, eta haietako bat Iruñerriko Mankomunitatea izan da. Hain zuzen, IMri emandako saria erakundeko lehendakariordeak jaso du, Maite Esporrínek. 

Aitortza handien hori eskuratu duten beste 27 erakundeak hauek izan dira (udalak, partzuergoak, diputazioak eta mankomunitateak): Bartzelona, Bilbo, Cáceres, Cádiz, Calvià - CALVIÀ 2000, Ciudad Real, Kordoba - SADECO, Coslada, Prat de Llobregat, Fuenlabrada, Getafe - LYMA, Gijón - EMULSA, Granadilla de Abona - SERMUGRAN, Lleida, Logroño, Mollet del Vallès, San Fernando, Sevilla - LIPASAM, Soria, Valladolid, Gasteiz, Consorci de Residus i Enegia de Menorca, Consorcio Agrupación nº1 Huesca - GRHUSA, Consorcio R.S.U. Ciudad Real – R.S.U. Medio Ambiente, Diputación de Córdoba – EPREMASA, Mancomunidad de Municipios de la Costa del Sol Occidental eta San Markos Mankomunitatea.

ASPAPEL elkarteak gogorarazi duenez, ‘Paperezko txori urdinak’ programa zorrotza da, birziklapen-helburuak lortzen eta ekonomia zirkularraren bidean aurrera egiten laguntzen duena. Sarietarako egindako ebaluazioa hogeita bat adierazletan oinarritzen da, ezarrita dauden baremoen arabera baloratzen direnak eta alderdi hauei dagokien guztia aztertzen dutenak: edukiontzi urdineko bilketa eta bilketa osagarriak, herritarrei informazioa emateko eta haiek sentsibilizatzeko kanpainak eta ekintzak, kudeaketaren arautzeari eta plangintzari dagozkien alderdiak, eta emaitzak eta trazabilitatea azken birziklapeneraino. 

47,5 kg berreskuratu biztanleko eta urteko

Mankomunitateak egiten duen paper- eta kartoi-bilketarako 4.088 edukiontzi zeuden Iruñerrian banatuta 2020an, eta 37 buzoi bilketa pneumatikorako, Iruñeko Alde Zaharrean. Sistema hori osatzeko, atez ateko bilketa egiten da: Alde Zaharreko saltoki guztien eskura dago eta astelehenetik larunbatera egiten da. 2020an, Iruñerrian berreskuratutako paperaren eta kartoiaren batezbestekoa 47,5 kilogramokoa izan zen biztanleko eta urteko, eta kopuru hori Nafarroan erregistratutako batezbestekoa (37,7 kg) eta nazioko batezbestekoa (20,3 kg) baino handiagoa da.

Nabarmendu behar da Mankomunitateak egin duen azken gogobetetasun-azterlanean, 2019an egindakoan, etxebizitzen %91k adierazi zutela paper- eta kartoi-bilketa ona edo oso ona dela. Negozioen eta enpresen kasuan, balorazio on hori kontsulta egindako erakundeen %83k eman zuten.

Beste albiste batzuk