Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2021/11/19

Hondakinen Murrizketarako Astearen inguruan bere jardueren programa aurkeztu du Mankomunitateak

European Week for Waste Reduction ekimenaren webgune ofizialean eman du izena Mankomunitateak, ekintzen garatzaile moduan

Azaroaren 20a eta 26a artean Hondakinen Murrizketarako Astea izango da, eta Iruñerriko Mankomunitateak European Week for Waste Reduction (EWWR) ekimenaren webgune ofizialean eman du izena, ekintzen garatzaile moduan.

Azaroaren 20an bertan, 11:00etatik 14:00etara, Zabalguneko azokan Plastikeria aurkeztuko da, ibai eta itsasoetan arrantzatu berri diren plastiko freskoak “saltzeko” salmahaia. Plastikozko botilak, latak, sareak, buiak, lastotxoak, plastikozko baxerak, maskarak, txankletak, tapoiak, laten sorten eraztunak, sendagaien blisterrak eta abar eta abar. Itsasora eta gure ibaietara maiz iristen diren hondakinen bilduma da hori, eta salmahai horretan erakutsiko da. Salmahaira hurbiltzen diren herritarrekin eragin-trukean ariko dira bi aktore, eta dauden arazoei buruz gogoeta egitera bultzatuko dituzte, ikuspuntu dibertigarri batetik. Esperientzia hori berriro egingo da hilaren 26an, ostirala.

Baina hori ez da izango larunbatean egingo den ekintza bakarra. Izan ere, Iruñeko zenbait auzotan bilketa pneumatikorako sistema berria abian jarri dela-eta, Mankomunitateak ate irekien jardunaldia antolatu du Lezkairuko bilketa-plantan, eta bai bisita gidatua ere Gongorako hiri-hondakinen zentrora. Horrez gain, Lezkairuko Alfredo Landa parkean “Alejo Cangrejoren etxea” kokatuko da, showroom bat, eta bertan etxebizitza baten gela desberdinak bisitatu ahal izango dira, kalean botata utzitako eta bildutako tamaina handikoen hondakinekin hornituak.

Erakundearen informazio-zentroetan, Elur Ulibarrenak, Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoko zuzendariak, bisita gidatua egingo du San Andres Errotan, azaroaren 20an 12:00etatik 13:00etara, “Ontziak” izeneko bere erakusketan. Historian zehar izan diren ontziak eta haien erabilerak erakusten dira erakusketan, eta agerian jartzen du gure arbasoek kontserbatzeko, aprobetxatzeko, berreskuratzeko eta berrerabiltzeko izan zuten garrantzia eta zenbat ikas dezakegun igarotako garaietatik.

Eta 11:00etatik 14:00etara, Emausko Trapuketariek Berriozarren duten ikasgela tailerrean, Hari&Ari taldeko Aiora kideak eskuz josten aritzeko tailerra emango du, hartara, joaten direnek beren jantzi zaharrak berrerabiltzeko eta beste bizitza bat emateko haiei.

Beste alde batetik, toki berberean, baina hilaren 25ean, osteguna, beste tailer bat egingo da, 18:00etatik 21:00etara. Julio Flames sukaldariburuak gidatuko du, eta janari-hondarrekin jaki gozo-gozoak prestatzeko errezetak emango ditu.

Egun horretan, azaroaren 25ean, era berean, Baluarteko plazan Eguberrietako zuhaitza piztuko da. Jada tradizionala den zuhaitz hori 2.500 botila berrerabilik osatuko dute.

Azkenik, ihes-joko batek amaiera bikaina emango dio asteari. Berriozarreko Emausko Trapuketarien zentroan egingo da, 10:00etatik 12:30era, eta 11:00etatik 13:45era. Geroztik larunbatero errepikatuko den jarduera bat izango da. Jolas-esperientzia horretan, parte-hartzaileek gehienez ere bost kideko taldeak osatuko dituzte, proba batzuk gainditu eta Lurra salba dezakeen pertsona nor den jakiteko. Jarduera desberdina izango da, eta xedea izango du egungo ingurumen-arazoei heltzea.  

Jardueren programa “Utzitako zaborrak” erakusketak osatuko du. Hain zuzen, Mendillorriko ur-biltegietan dagoen argazki-erakusketa da, izen bereko lehiaketara aurkeztutako lanek eratutakoa. Irudiak Iruñearen eta Iruñerriaren ingurunean, herrietan, hirietan eta auzoetan, botata utzitako hondakinen gainekoak dira, arazo larri hori erakutsi nahian eginak. Bisitariek bozkatu egingo dituzte parte hartzen ari diren lanak, eta irabazlearen izena urtarrilean emango da ezagutzera.

Jarduerei buruzko informazio gehiago izateko eta haietan izena emateko, kontsultatu esteka hau.

 

 

Beste albiste batzuk