Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2023/01/16

Gai organikoen eta hondakin berdeen kudeaketako aldaketak Erreniega mendiaren hegoaldeko hegaleko herrietara iritsi dira

Bio-hondakinen kudeaketa konpostaren bidez egingo da osorik

Gaur goizean, Enerizko udaletxean egin den prentsaurreko batean, Iruñerriko Mankomunitateak Erreniega mendiaren hegoaldeko hegaleko herrietan sortzen diren gai organikoen eta hondakin berdeen kudeaketan egingo diren aldaketak aurkeztu ditu. Zehazki, aldaketak Muruzabalen, Adiosen, Añorben, Legardan, Eneritzen, Tirapun, Utergan eta Ukarren egingo dira. Denen artean, 1.778 biztanle dituzte.

Gogoan izango denez, 2022ko otsailean landa-eremuko 212 biztanlegunetan gai organikoen eta hondakin berdeen kudeaketa aldatzeko planari ekin zion Mankomunitateak, guztira 13.414 biztanle hartzeko helburuarekin. Orduko hartan, helburuak ziren etxeko eta auzoko konpostajea hedatzea, eta herri horietan  hondakin berdeetarako edukiontziak kentzea, eta orain, Erreniega mendiaren hegoaldeko hegaleko herrien kasuan, gainera, gai organikoetarako edukiontziak kenduko dira. Ekimen hau, hain zuzen, proiektu zabalago batean sartzen da, zeina bideratuta baitago landa-eremuan hondakin organikoak kudeatzeko eredu deszentralizatua sustatzen jarraitzera.

Erreniega mendiaren hegoaldeko hegaleko herrietan hondakin organikoak birziklatzeko Mankomunitateak eskaintzen dituen aukerak hauek dira: etxeko konpostajea (konpost-ontzi bat etxebizitza partikularrean jartzeko), auzoko konpostajea (konpost-ontziak edukiontzien guneetan, herritarrek haietara eramateko etxean sortutako hondakin organikoak) eta hondakin berdeak metatu eta birrintzeko guneak (herritarrek inauste-lanetako hondakinak eramateko egokitutako tokiak). Bai auzoko konpostajearen kasuan, eta bai hondakin berdeak metatzeko guneen kasuan, IM arduratuko da haien mantentze- eta kudeaketa-lanez.

Gaur goizeko aurkezpena Enerizko udaletxean egin da, eta bertan esku hartu dute IMko lehendakariak, David Campiónek, eta Enerizko alkateak, Raúl Elizaldek. Azken horrek, hain zuzen, lehenago aipatu diren udalerrietako gainerako alkateak ordezkatuz parte hartu du. Campiónek adierazi du bio-hondakinen kudeaketak gutxi gorabehera 500 tona gai organiko eta hondakin berde tratatzea ekarriko duela. Horrek ahalbidetuko du urtean 384 garraio-bidaia inguru egitea eta gutxi gorabehera 48 t CO2 baliokide sortzea saihestea. Halaber, IMko lehendakariak iragarri du hurrengo egunetan informazio-bilerak egingo direla lehenago aipatutako zortzi herri horietan, ekintza hauen xehetasunak azaldu ahal izateko bizilagunei.

Ezkerretik eskuinera: Pablo Lizarraga, Utergako alkatea; Ricardo Fernández, Enerizko Udaleko zinegotzia; Raúl Elizalde, Enerizko alkatea; David Campión, IMko lehendakaria; Joaquín Sanz, Añorbeko alkatea; Iñaki Lafuente, Tirapuko alkatea; eta Luis Garrido, Tirapuko Udaleko zinegotzia.

 

Energia aurreztea eta isurpenak gutxitzea

Hondakin horiek garraiatu behar izatea ekiditeko bidea emango dute aldaketa horiek, eta, hortaz, horrek ekarriko du energia aurreztea, CO2 gasen isurpenak gutxitzea eta in situ edo bertan aprobetxatzea bai konposta bai hondakin berdeak, baratzeetan eta berdeguneetan. Era berean, kudeaketa horrek aukerak eskainiko dizkie herritarrei sortzen diren frakzio guztiak bereizteko, sortzen diren gai organikoen %100 tratatzeko azken helburua izanda.

Konpostajea, landa-eremuetan

Landa-eremuan, gai organikoen kudeaketa osorik jatorrian konposta egitearen bidez egin beharko da. 2006. urteaz geroztik, etxeko eta auzoko konpostajea egitea sustatzen ari da Iruñerriko Mankomunitatea, materialak emanez, aholkularitza eta etxean konposta egin ahal izateko beharrezkoa den prestakuntza. Izan ere, jardunbide hau onuragarria da ingurumenerako, hondakinak lekualdatzea saihesten baitu, baina baita landa-arloko herritarrentzat ere, egindako konposta erabiltzean baratzeen eta lorategien emankortasuna hobetzea ekartzen baitu.

Etxean konposta egiteko sisteman parte hartzen ez duten etxebizitzek konpost-ontzi bat eskatu ahal izango diote Mankomunitateari. Eta etxeko konpostajean parte hartu ezin duen etxebizitzaren bat duten udalerrietan, herriko gainerako edukiontzien ondoan, denek erabiltzeko konpost-ontzi bat kokatuko da, eta hartara bota beharko dituzte bereiz bildutako hondakin organikoak. Hala, udalerri horietan bizi diren pertsona guztiek edukiko dute gai organikoak bereiz biltzeko eta tratatzeko konponbide bat.

Hondakin berdeak metatzeko eta birrintzeko guneak

Inauste-lanetako, baratzeko eta lorategiko hondakinetarako, orain arte udalerri askok hondakin berdeetarako edukiontziak zituzten, eta IMk aldian behin husten zuen edukiontzi horien edukia. Hurrengo hamabost egunetan, edukiontzi horiek kendu egingo dira eta, haien ordez, hondakin berdeak metatzeko eta birrintzeko guneak sortuko dira. Inauste-hondakinak etxean kudeatu ezin dituzten pertsonek gune horietara eraman ahal izango dituzte. Gero, Mankomunitateko langileak haietara joango dira, birrintze-lanak egiteko. Material birrindua herritarren eskura geldituko da, etxeko konpost-ontzietan, auzokoetan edo herriko berdeguneetan erabiltzeko.

Edonola ere, Mankomunitateari eskatu ahal izango zaio inauste-lanetako eta lorezaintzako hondakinak behin-behineko edukiontzian biltzeko zerbitzua, eta zerbitzu horrek 100 euroko kostua izango du bidaia bakoitzeko (gehi BEZa).

Neutraltasuna, karbonoari dagokionez, 2030ean

Iragarri diren ekintza horiek 2030ean, karbonoari dagokionez, IMk erakunde neutroa izatea lortzeko daukan estrategia energetikoaren barnean daude. Helburuak, zehazki, landa-eremuan hondakinak lekualdatzetik eratorritako CO2 isurpenak murriztea eta sortutako hondakin organikoen %100aren autokonpostajea lortzea dira, %85eko partaidetzarekin.

Gogora ekarri behar da 2021eko otsailean IMk ‘Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategia’ onartu zuela. Estrategia horrek 2030ean, karbonoari dagokionez, neutraltasuna lortzearen alde egiten du, Europako helburua lortzean 20 urtez aurreratuta.

Mankomunitateak eta bera kudeatzeko IZSA sozietateak hainbat ekimen jarri dituzte martxan, karbono-aztarna murrizteko. Haien artean, garrantzitsuenak dira hondakinen arloko ekintzak, hondakinetako gai organikoak 5. edukiontziaren eta etxeko eta auzoko konpostajearen bidez bereiz biltzea, eta bai hondakinak tratatzeko Iruñerriko ingurumen-zentro berriaren proiektua ere.

Beste albiste batzuk