Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2014/04/04

Gai organikoen bilketa hasiko da Iruñerriko azoketan

Saltzaileei zuzendua, borondatez egingo dute Iruñerrian aire zabalean egiten diren hamaika azoketan.

Apirilaren 9tik aurrera, asteazkena, Iruñerriko azoketako dendariei zuzendutako gai organikoen gaikako bilketa hasiko da. Horretarako, aste honetan eta hurrengo apirilaren 8a bitartean (asteartea), Mankomunitateko teknikariek informazioa emango diete banan-banan aire zabaleko azoketan aritzen diren saltzaileei, eta bai bilketa berriari buruzko azalpen materiala ere. Horrenbestez, hilaren 9tik aurrera (asteazkena), azoketan edukiontzi berriak egongo dira, eta bilketa martxan.

Hauek dira, hain zuzen ere, gai organikoen bilketa egingo duten aire zabaleko hamaika azokak: Noain (astelehenetan), Barañain (astearteetan), Burlata eta Orkoien (asteazkenetan), Uharte eta Atarrabia (ostegunetan), Zizur Nagusia (ostiraletan), Beriain, Berriozar eta Sarriguren (larunbatetan), eta Landaben, Iruñean (igandeetan).

Jakina den moduan, joan den urteko azaroan martxan jarri zen gai organikoen bilketa Barañainen, eta bertan berariazko edukiontzi berriak herriko 78 gunetan kokatu ziren. Martxoaren 31 bitartean, esperientzia pilotu horretan, gai organikoen 235.000 kilogramo berreskuratzea lortu da, une honetaraino izena emanda dauden 3.220 etxebizitzen parte hartzeari esker, eta bai Barañaingo azokako saltzaileei ere, azoka sartuta baitago herri horretako bilketan.

Bilketa azoketara zabaltzean, dendariek kalitate oneko gai organikoak bota ahal izango dituzte (bereziki, fruta eta barazki hondarrak, janarienak, landareak eta paper zikina), material desegokirik gabe, berariazko edukiontzi marroira, “Gai organikoak” izena duenera.

Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez direnak eta lehen edukiontzi berdera botatzen direnak)identifikazio berdea duen edukiontzira bota beharko dute, “Gainerakoak” izena duenera. Gaikako bilketa ongi egin ahal izateko azokan, salmenta guneetatik gertu gai organikoetarako edukiontziak jarriko dira, eta, ohikoa den moduan, batetik papera eta kartoia eta bestetik gainerako hondakinak botatzeko guneak eta/edo edukiontziak egokituko dira.

Barañainen egiten den moduan, azoketan gai organikoak biltzea borondatez egingo da. Dena den, gogorarazi behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizuna dela. Azokek bilketarekin bat egitean, Iruñerriko Mankomunitatearen esparruan gai organikoak gaika biltzeko behin betiko proiektua zehazteko behar diren informazioa eta irizpideak lortzen jarraitu ahal izango da.

Beste albiste batzuk