
Gai organikoen bilketa bereizia hobetzeko proba pilotuaren hasiera
Gaur goizean, Iruñerrian gai organikoen bilketa bereizia hobetzeko proba pilotuaren hasiera iragarri da. Esperientzia bi eremutan egingo da: Azpilagañan –bertan ekainaren 18an hasiko da, astelehena– eta Artika Berrian –han hurrengo egunean hasiko da, ekainaren 19an, asteartea–.
Proba pilotuaren helburu nagusia da gai organikoen bilketa bereizia handitzea, egun oker, nagusiki gainerakoen edukiontzira, botatzen diren hondakinak edukiontzi marroira botatzea bideratuta. Horretarako, aukeratu diren bi eremuetan, ‘gainerakoen’ edo ‘errefusaren’ frakzioa jasotzeko edukiontziak –gai organikoak biltzeko edukiontziaren modelo berekoa izango da– gris koloreko estalkia eta identifikazioa edukiko ditu. Gai organikoetarako edukiontziak eta errefusarako edukiontziak kontratu bakoitzari lotutako txartel elektroniko baten bidez irekiko dira eta irekitze bakoitza erregistratuta geldituko da. Mankomunitateko lehendakari Aritz Ayesak nabarmendu duen moduan “horrek ahalbidetuko du emaitzen analisi zehaztua egitea, eremuen eta kaleen ezaugarri desberdinen arabera”.
Ayesak gogora ekarri du bi eremu horiek hirigintzako irizpideak kontuan hartuta hautatu direla, demografiakoak eta esperientzia pilotu baterako tamaina adierazgarria izatea. Azpilagañan hautatutako eremuan, 5.463 biztanle bizi dira eta 2.247 etxebizitza daude. Batez besteko adina 43 urtekoa da. Artika Berriko eremuaren kasuan, 4.662 pertsona bizi dira eta 2.226 etxebizitza daude. Batez besteko adina 30 urtekoa da. Bi eremuetako emaitzetan aldaera bat erkatu ahal izateko helburuarekin, Azpilagañaren kasuan, gai organikoak biltzeko edukiontziak egunero ireki ahal izango dira, eta ‘errefusaren’ frakziorako edukiontziak irekitzea asteko lau egunetara mugatuta egongo da: astelehen, asteazken, ostiral eta igandeetara. Artika Berrian, berriz, bi edukiontzi mota horiek egunero ireki ahal izango dira.
Edukiontziak irekitzeko txartelak banatzea
Mankomunitateko Komunikazio arloko arduradunak, Arturo Ruiz de Azagrak, proba pilotu honi lotuta dagoen informazio kanpainaren berri eman du. Hartara, zehaztu du ezarri diren bi eremu horietan dauden etxebizitza eta lokal guztietara bisita egingo dutela Mankomunitateko langile teknikariek, eta bisita horretan, gai organikoen eta gainerakoen edo errefusaren edukiontziak irekitzeko txartela (etxebizitza edo lokal bakoitzeko bi unitate) eta informazioa emateko beste material batzuk emango dizkietela herritarrei. Bisita horiek, hain zuzen, maiatzaren 28a eta ekainaren 8a artean egingo dituzte, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Horrez gain, txartelak informazio guneetan ere hartu ahal izango dira. Informazio gune horiek ekainaren 11 eta 23a artean egongo dira kokatuta, helbide hauetan:
- Azpilagaña: osasun etxearen ondoan, Luis Morondo Urra k., 1.
- Artika Berria: Clara Campoamor eta María Domínguez kaleetan, barneko plazan.
Gune horietan arreta emateko ordutegia hau izango da: astelehenetik ostiralera 09:30etik 19:30era eta larunbatetan 09:30etik 14:30era.
Azkenik, bi eremu horietan bizi diren pertsonek 948 271 977 telefono zenbakira deitzeko aukera ere izango dute. Astelehenetik ostiralera egin beharko dute, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
Proba pilotuari buruzko informazio guztia webgune honetako lotura honetan ere eskuragarri dago.
IMko lehendakariak adierazi duenez, esperientzia pilotu honekin aldatuko dena gai organikoen eta gainerakoen edukiontziak irekitzeko modua izango da. Ez da aldatuko ez azpiegitura, ez kokapena ez eta edukiontzien kopurua ere. “Ez da orain arte egindakoa desegitea, sistema beraren gainean aurrera egitea baizik, helburuak lortzeko aukera emango diguten konponbideen bilaketan”, argitu du Ayesak.
Kanpainak 6 hilabeteko iraupena izango du gutxi gorabehera, eta aurreikusita dago 2019aren hasieran jada datuak edukitzea. Horretarako, aste hauetan, bi eremuetako edukiontzi bakoitza pisatzen ari da eta ezaugarritze azterlanak egiten ari dira. Behin proba pilotua hasita, adierazle kuantitatibo eta kualitatibo horiei jarraipena egiten jarraituko da, bilakaera erkatzeko.
Hondakinak birziklatu eta berreskuratzeko legezko betebeharrak
Une honetan, Nafarroako Hondakinen Planak ezartzen dituen helburuak lortzetik oso urrun gaude. Helburu horiek laster Hondakinen Legean bilduko dira (egun, Parlamentuan izapidetzen ari dira), eta jasotzen du, hain zuzen, 2027. urtean, sortutako gai organikoen %70 bereiz bildu beharko direla. 2017. urtean (5. edukiontzia ezartzen amaitu eta handik urte batera), Iruñerriak gai organikoen %16 jasotzen zuen 5. edukiontziaren eta konpostajearen bidez. 2018. urte honi dagokionez, eskuragarri ditugun datuek berresten digute egoera hori antzeko kopuruetan dagoela.
Ayesak ondokoa ohartarazi du: “Iruñerriko Mankomunitateak era proaktiboan egin behar dio aurre errealitate horri, kudeaketa ona bermatuta, joera aldatzea lagunduko duten formulak bilatuta eta komunikazioa hobetuta, gauden une honetako larritasuna eta eguneroko ohiturak aldatzeko premia helarazteko”.
Mankomunitateko lehendakariak, gainera, azaldu du aste honetan bertan Europako Kontseiluak hitzarmen bat zehaztu duela ‘Hondakinak birziklatu/berreskuratzeko legezko betebeharren’ gainean, 2025-2030-2035 urteetarako. Akordio hori estatu bakoitzeko legeek hartu beharko dute, eta ezartzen du 2025 baino lehen udal hondakin guztien %55 (frakzio guztiak) birziklatu egin beharko direla. Iruñerrian, egun, birziklatze tasa %36koa da. Horren gainean, Ayesak hau adierazi du: “Berariaz gai organikoetarako ezarritako helburuak lortuko bagenitu, ziur gaindituko genukeela hitzarmen horretan ezarrita dagoen betebeharra. Frakzio batzuekin lortu dugu, eta egiazki uste dut, herritarren banako konpromisoarekin eta kudeaketaren ardura dugun administrazioon konpromiso kolektiboarekin, gai organikoekin ere lor dezakegula”.
Amaitzeko, Ayesak iragarri du, proba pilotu honez gain, informazioa indartzeko ekintzak ere planifikatzen ari direla. Kudeaketari dagokionez, hondakinak tratatzeko ingurumen zentro berria, bere kokapena eta ezaugarriak zehaztean lan egiten jarraitzen du Mankomunitateak.
Beste albiste batzuk
- Erakusketetako bi, ‘Bigotes’ eta ‘Comedy Wildlife Photo’, apirilaren 6tik aurrera bisitatu ahal izango dira, osteguna
- Iruñerrian konposta egiten duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute
- Lehenbiziko zazpi egunetan 2.672 online birkarga egin ziren guztira ‘Recarga TUC’ app-aren eta webgunearen bidez