Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2014/02/28

Etxeko olioa biltzeko sarea handitu egingo da, Iruñean eta Iruñerrian 25 gune gehiago egokituta

2013an 10.600 litro olio baino gehiago biltzeko aukera eman zuen proba pilotuak.

Iruñerriko Mankomunitateak eta Ekogras eta Eroski enpresek sustatzen duten etxeko olioa biltzeko sarea handitu egingo da gaurtik aurrera 25 gune gehiago egokituta. Hain zuzen, gune horiek Iruñeko eta Iruñerriko Caprabo supermerkatuetan egongo dira, eta, lehendik Eroski supermerkatuetan zeuden 23 guneei gehituta, hemendik aurrera sareak 48 gune edukiko ditu.

Bilketan parte hartu nahi duten herritarrek sukaldeko olioa ontzi itxi batean gorde behar dute –hobe da plastikozko ontzia izatea–, eta gero ontzi hori sareko gune bakoitzean egongo den edukiontzian utzi behar dute. Gainera, bilketa gune horietan etiketa itsasgarriak emango dira, ontzi bakoitzari erabiltzailearen datuak jartzeko eta, hartara, parte hartzeko 50 euroko hamar erosketa txartel eta 100 euroko txartel bat zozkatzeko hileroko zozketan.

2013an 10.627 litro bildu ziren

Era berean, ekitaldian aurkeztu da 2013an bilketarako egin zen proba pilotuaren emaitza. Zehazki, proba pilotu horrek 10.627 litro olio berreskuratzeko aukera eman zuen eta, horrenbestez, 8.500 litro biodiesel ekoitzi ziren. Ingurumenerako onura adierazgarria da hori, gasolioaren ordez –erregai fosila da– biodiesela erabilita atmosferara 22,66 tona CO2 aireratzea saihestu baita. Gainera, sukaldeko olio erabiliak ura asko kutsatzen du arraskatik isurtzen bada eta, hortaz, olio hori berreskuratzeak garapen iraunkorra laguntzen du.

Nabarmendu behar da programa pilotu horren bidez 10.627 litro horiek berreskuratzeak ez diola eragin Mankomunitateak kudeatzen dituen garbiguneetan etxeko olioa biltzeari eta aurreko urteen antzeko kantitateak bildu dituztela haietan. Ekitaldian Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari José Muñozek adierazi duenez, horrek guztiak agerian uzten du Iruñeko eta Iruñerriko herritarrek konpromisozko jarrera dutela ingurumenarekiko.

Programa pilotuaren emaitza eta 2014rako bilketa kanpaina aurkezteko ekitaldian hauek parte hartu dute: José Muñoz Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Carmen Lainez erakunde bereko Hondakinen arloko zuzendariak, José Ignacio Marín Ekogras enpresako kudeatzaileak, Anabel Zariquiegui Eroski Iruña hipermerkatuko zuzendari kudeatzaileak eta Joan Roures Caprabo enpresak Nafarroan duen ordezkariak.

Irudian, ezkerretik eskuinera: Carmen Lainez, Iruñerriko Mankomunitateko Hondakinen arloko zuzendaria, Anabel Zariquiegui, Eroski Iruña hipermerkatuko zuzendari kudeatzailea, José Muñoz, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, José Ignacio Marín, Ekogras enpresako kudeatzailea, eta Joan Roures, Caprabok Nafarroan duen ordezkaria. 

 

Beste albiste batzuk