Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2014/05/02

Etxean konposta egiteko kanpainan izena emateko epea maiatzaren 9a arte luzatu da

Hautagaiek maiatzaren 9a arte eskatu ahal izango dute ekimen honetan parte hartzea.

Iruñerriko Mankomunitateak martxan jarri du etxean konposta egiteko bederatzigarren kanpaina. Mankomunitateak hiri hondakinak kudeatzeko duen esparruan bizi diren boluntarioentzat da kanpaina; etxean bertan hondakin organikoak konpost bihurtu nahi dituztenentzat, hain zuzen.

Etxeek ohiko bizilekua izan behar dute, eta, gutxienez, 50 m2-ko lorategia edo baratzea izan behar dute. Epea luzatu denez, ekimenean parte hartu nahi dutenek maiatzaren 9a arte izango dute izena emateko aukera, ondokoen bidez: webgune hau edo 948 42 32 42 telefonoa.

Webgunearen kasuan, etxeko edo auzoko konposta egiteko interesa duten herritarrak Mankomunitatearen webgunean dagoen atal espezifikora sar daitezke. Atal horretan jarduera hauei buruzko informazioa daukate, eta bai Iruñerriko Mankomunitateak antolatutako kanpainetan parte hartzeko inskripzio formularioa ere.

Aurreko ekitaldietan bezala, prestakuntza emateko saio batzuk egingo dira familia boluntarioentzat. Zehazki, maiatzaren 16an eta 17an egingo dira, ostirala eta larunbata, Atarrabiako San Andres Errotan. Gainera, hondakinak ongi kudeatu ahal izateko behar diren materialak emango zaizkie saio horietan.

Bederatzigarren kanpaina honen harira, Mankomunitateak laguntza eskatu die Iruñerriko udalei etxean konposta egiteak dituen ingurumen eta ekonomia abantailak zabaltzeko. Gainera, informazioa emateko kartel batzuk bidali dizkie, eraikin publikoetan, paneletan edo beste euskarri batzuetan jartzeko.

2006. urteaz geroztik ari da Mankomunitatea garatzen etxean konposta egiteko kanpainak, Ingurumen Ministerioarekin lankidetzan egin zuen esperientzia pilotu baten ondorioz. 2013ko ekitaldian 269 familiak eman zuten izena eta, hortaz, 1.800 familiak baino gehiagok egiten dute konposta, sukaldeko hondakinak baliatuta, Mankomunitatearen kudeaketa esparruan. Batez beste familia horietako bakoitzak urtean sukaldeko hondakinen 250 kilogramo birziklatzen dituela jotzen da, eta, beraz, guztira hondakin biodegradagarrien 471 tona.

Beste albiste batzuk